Lekarozek bizi behar du: Aroztegia gelditu!
Maiatzaren 15ean Elizondoko plazatik 17:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia berretsi du Aroztak herri egitasmoak, «Aroztegiko golpe urbanistikoa Lekarozko herria suntsitu eta Baztan osoko bizimodua baldintzatuko lukeen proiektu txikitzailea» delako.
Palacio de Arozteguía enpresak Lekarozen luxuzko hotela, 22 hektareako golf zelaia eta 228 etxebizitza turistiko egiteko asmoaren kontra mobilizatzeko deia luzatua da. «Belaunaldiz belaunaldi eta mendez mende bizirik iraun duen hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazi nahi dute hondeamakinak, motozerrak eta indar okupatzaileak erabiliz. Espekulazioan adituak diren promotoreek, zein beren mesedetara dauden ordezkari politikoek jakin dezatela, ez dugula etsiko proiektu hau gelditu artio. Ez garela isilik geldituko». (...)