“Kapitalismoak baztertutako jendeei alternatiba eskaini behar diegu ekonomia sozial eraldatzailetik”

Beñat Irasuegi ekonomia sozial eraldatzailearen Olatukoop sareko kide da, eta gai hortan geroari begira ikusten dituen erronkak azaldu ditu Argia adizkariaren “Puska dezagun izotza” solasaldi zikloan. Jarraian Irasuegirekin egin elkarrizketaren bideoa atxemanen duzue bai eta ere  datorren erauntsi kapitalistaren aitzinean azken honek azaltzen dituen bost erronkak.

1.-INTERKOOPERAZIO ETA MUTUALISMOA AKTIBATZEA, BENETAN

“Interkooperazioa ulertu da enpresa kooperatiboen artean egiten den elkartasunezko harreman moduan, edo ekonomia sozialeko enpresek, beraien beharrak asetzeko egiten duten sare instituzionalizatu gisa.

Dugun erronka hurbila, dagoeneko sortuta gauden enpresa kooperatiboak benetan interkooperatzen jartzea da. Egun 3.000 kooperatiba inguru daude Euskal Herrian, eta horrez gain badira bestelako ekonomia sozialeko enpresa, elkarte… eta abar. Baina normalean bakoitzak gerra bere aldetik egiten du. Izugarrizko sare handia sortua dago herritarren beharrei erantzuteko, baina gehienek merkatu klabeetan funtzionatzen dute, ez dutelako interkooperatzen. Euskal Herrian oso gutxi interkooperatzen da modu instituzionalizatuan. Eta instituzionalizatuak kasu honetan ez du zurruntasunarekin loturarik, baizik, irauteko sortzen ditugun harremanak izatearekin.

Proiektu berriak sortu gabe ere, gaudenok sare trinkoan lan egingo bagenu, segur aski gure egiteko gaitasuna eta jendartera iristeko gaitasuna izugarri handituko litzateke. Gaudenon artean harremanak gehiago landu, harreman horiek instituzionalizatu irauteko forma izan dezaten, eta guztion artean proiektu berriak sortzeko ekimenak egitea litzateke helburua. Eta, zertarako elkartu? Gure artean elkartasun formulak bilatzeko, adibidez, finantzazio kolektiboa. Baina baita ere Euskal Herrian lanaren burujabetzan eta autoeraketan oinarritutako proiektuak laguntzeko sareak sortzeko.

Interkooperazio egituretan askotan huts egiten dugu. Uste dugu harremanak sortzea eta interkooperatzea berez etorriko dela, guk beste gako batean funtzionatzen dugulako… eta ez, lan asko egin behar da horretarako, eta lan hori planifikatu eta modu estrategikoan landu behar da.

Interkooperazioa epe luzera ulertzen badugu, mutualismoa lantzea dakar. Egun, merkatuaren baitan aseguru etxeekin eta horrelakoekin lotzen dugu mutualismoa. Gure planteamendua da tresna mutualak sortzea, egun saretze horretatik sortu nahi dugun ongizatea epe luzean garatzeko. Garai batean hori finantzekin eta diruaren epe luzeko kudeaketarekin lotu zen, baina egungo testuinguruan, eta krisiek erakusten diguten zaintzaren krisia agerikoa izanik, zaintza modu komunitarioan eta kolektiboan ulertzeko modu bat da mutualismoa. Zaintza antolatu nahi badugu, etorkizunera begirako tresnetan eraiki beharko dugu. Ongi bizi ahal izateko beharko dugun diruaren aurreikuspen bat egiteaz gain, izango ditugun zaintza beharrak eta tresnak ere antolatu beharko ditugu: zaintza kooperatibak, gure enpresetan zaintza komunitariorako mekanismoak antolatu eta horiei izaera juridikoa ere eman beharko diegu.

Beraz, lehen erronka: interkooperazioa sustatzea modu estrategikoan, interkooperazio harremanak zabaltzea, egiturak sortzea, eta ongizate ikuspegitik interkooperazio hori mutualismo egituretara eramatea, non diruaren eta zaintzaren kudeaketa egingo dugun modu kolektiboan eta epe luzera begira, aurreikuspenekin, eta ez momentuan ditugun beharrei ahal dugun bezala erantzunda, baizik eta jakinda etorkizunean zer behar izango ditugun ongi bizitzeko. Horiek aurreikusi eta gaurtik eraikitzen hasi behar dugu”.

2.-KOOPERATIBAK DENONTZAT

“Krisiak areagotzen duen egoera honetan, kapitalismoak gero eta lurralde eta bizitza gehiago uzten ditu alde batera. Kapitalismoak lurraldeak eta pertsonak behar ditu ikuspegi esplotatzaile estraktibistatik, etekinak handitzeko: lurralde bat interesatzen zaio hortik etekina atera dezakeen bitartean, pertsona bat interesatzen zaio lana egin eta etekina ematen dion bitartean edo lana egin ahal izateko babes familiarra ematen duen bitartean.

2009tik gaur egun arteko krisi ziklo honetan nabarmen geratzen ari da gero eta lurralde eta pertsona gehiago geratzen direla kapitalismoaren interes zirkulutik kanpo: kapitalismoak ez ditu behar. Klasikoki kapitalismoak langabetuen masa handiak behar izan ditu bere erreprodukziorako, horrek dakarrelako jendea esplotatu ahal izatea lanean. Egun, teknologiaren garapena eta produktibitatea handitzearekin batera, ikusten da kapitalismoak behar ez dituen gero eta poltsa handiagoak daudela. Kapitalismoak baztertu egiten ditu. Poltsa horiek gero eta handiago eta nabarmenagoak izango dira etorkizunean.

Gauza bera lurraldeekin: metropolizazioarekin batez ere hiria bihurtu da kapitalismoak bere harremanak eta irabaziak handitzeko lehentasunezko gune. Landa eremu asko gero eta urrunago daude kapitalismoaren asmoetatik: ez ditu behar, ez dielako etekinik ematen, eta harreman ekonomikoetatik kanpo geratzen ari direnez, husten ari dira, merkatu kapitalistak ez duelako eremu horietan lanik sortzen, eta jendea badoa lana dagoen tokietara. Aldi berean, estatuak bizigarri egin beharko lituzkeen eremu horiek pixkanaka husten ari dira, gero eta inbertsio gutxiagorekin, eskola gutxiago, mediku gutxiago… gero eta lurralde gehiago daude horrela Euskal Herrian.

Kapitalismoak alde batera uzten dituen lurralde eta bizitzak izan daitezke benetan beste ekonomia bat sortzeko esparru estrategikoak. Benetan bizitzeko eta lan egiteko zailak diren lekuetan esfortzua egin beharko genuke, ekonomia ulertzeko gure moduak txertatzeko. Bertan bizi eta lan egin nahi duten pertsonek alternatiba bat behar dute eta guk eskaini dezakegu alternatiba hori, lurralde oso batentzat eta bertako biztanleen proportzio handi batentzat, baina eremu zailak dira. Bertan lan eta bizi nahi duen jendearekin aliantza egin behar dugu, ez dugu beste tokietan ekonomia sozial eraldatzailea egiten dutenak kanpotik joan behar. Tokian tokiko jendearekin aliantza estrategikoa egin behar dugu, planteatzeko baditugula tresnak eta tresnak haien esku jartzeko, haiek egin ditzaten bertan bizi eta lan egiteko proiektuak.

Gauza bera baztertuta geratzen ari diren bizitzekin. Kapitalismoak emakume migratzaileak behar ditu etxeetan zaintza lanak egiteko, baina COVID-19arekin zaintza lanak etxeetara birbideratu direnean arrazoi koiunturalengatik, zer gertatu da emakume hauekin? Erabat baztertuta geratu dira, lanik eta etxebizitzarik gabe. Kapitalismoaren sistema asistentzialistatik ere kanpo, kasu askotan. Gero eta jende gehiagori gertatuko zaio.

Krisi honen ondorioz desindustrializazio prozesu bat dator Euskal Herrira, eta batzuek tokia aurkituko dute lan prekarioetan, baina beste jende asko “ez beharrezko” bihurtuko da. Eta horri erantzun bat eman behar diogu ekonomia sozial eraldatzaileko tresnekin. Pertsona hauek aukera izan behar dute beraien bizi proiektuak sortzeko lan burujabearen eta ekonomia sozial eraldatzaileak eman ditzakeen tresnen bitartez. Hori erronka handia da, oso konplikatua, baina horri eutsi behar diogu.

Horrek eskatzen du mapetatik kanpo geratzen ari diren lurraldeetan presente egotea, eta eskatzen du bazterkeriara bultzatuak diren pertsonekin harremanetan egon eta tresnak haien esku jartzea. Pertsona orok izan behar du eskubidea autoeratutako proiektuak sortzeko. Zertarako? Lana sortzeko eta bizitzarako beharrak asetzeko: kontsumo kooperatiba, energia kooperatiba edo aisialdia eta zaintza antolatzeko elkartea. Gauza asko izan daitezke.

Edo bestela, onartu beharko ditugu lan prekarioagoak, edo bazterkeriara goaz. Teknologiak eta produktibitateak gero eta aukera handiagoak ematen dituen gizarte batean gero eta jende gehiago egongo da gizarte horretatik kanpo.

Aldiz, eremu horiek aktibatzen baditugu, tresnak ematen badizkiegu, autoeraketarako bide bat sortzen badugu, oso eremu indartsu bihurtzen dira. Kapitalismoak bazter utzitako lurralde eta pertsonei ekonomia sozial eraldatzaileak eman badizkie tresnak eta aukerak bizitza bizigarri bat izateko, ea nork desmuntatzen duen gero hori!

Horrek esfortzu handia eta elkartasun sare handia eskatzen du. Gaur egunetik horrelako prozesuak sortzen, formatzen eta sustatzen hastea eskatzen du, eta egungo aberastasunaren zati bat horretara bideratzea”.

3.-ESKALA SALTOA

“Kooperatiben praktiketatik, sortzen doazen proiektuetatik, benetan ekonomian eta jendarte mailan eskala saltoa eman ahal izatea da hirugarren erronka. Gure beharrei erantzuteko sortzen ditugun tresna horietatik, nora iritsi nahi dugu? Nahikoa zaigu gu eta gure inguruarentzako autoeraketa tresnak sortzea? Edo gizarte osoarentzako tresnak sortu nahi ditugu? Pentsatu liteke guretzat nahi duguna, desiragarri zaigula jendarte osoarentzat. Hori nola antolatzen da? Nola ateratzen gara eguneroko praktikatik lurralde edo herri mailako estrategiara?

Hor burujabetzen inguruko estrategia behar dugu. Jakin behar dugu gure komunitateentzat zein diren beharrak, eta behar horientzat sistema ekonomikoak antolatu behar ditugu, burujabetzetan oinarrituta. Burujabetzak pluralean esanda, askotan ulertu delako burujabetza politikoak, estatua lortzeak ematen digula estatu hori antolatzeko aukera. Nik ez dut hori alde batera uzten, hori ere beharko dugu, baina egungo mundu globalizatu konplexu honetan, estatu bat izateak ere ez dizu burujabetza ematen. Benetan jende emantzipatuz osatutako jendarteak sortu nahi baditugu, behetik gorako burujabetza ekonomiko prozesuak ere beharko ditugu.

Burujabetza prozesuak eremu ezberdinetan antolatu beharko ditugu, ulertuta erabakitzeko burujabetza politikoa beharko dugula demokrazia ikuspegitik, eta bestetik burujabetza materiala antolatu beharko dugu, eta estrategia bat sortu burujabetza material hori benetan gauzatzeko. Horretarako, lehenik aukeratu beharko ditugu zein diren burujabetza horiek, zein estrategia jarri nahi ditugun martxan. Niretzat, burujabetza estrategikoen artean, bat da elikadura, lana beste bat, zaintza eta burujabetza soziosanitarioa, burujabetza teknologikoa beharko dugu, informazioaren burujabetza (ARGIAn lantzen dena)…

Ekonomia sozial eraldatzailetik proposamen bat egin behar dugu, Euskal Herria materialki burujabe izateko ea zein diren estrategikoak diren burujabetzak. Erronka honetarako Euskal Herriko beste eragile sozial eta herrigileekin aliantza behar dugu. Baina ekonomia sozial eraldatzaileak gaitasuna izan behar du proposamena egiteko”.

4.-DIGITALIZAZIOA

“Digitalizazioa da ekonomia kapitalistaren eta neoliberalaren gaur egungo aplikazio eremu nagusia. Kapitalismoak fase desberdinak izan ditu eta datozen pausoak batez ere digitalizaziotik etorriko dira: etekinak lortzeko estrategiak, pertsonak eta komunitateak zapaltzeko estrategiak, herritarrak eta ekonomia subordinatzeko estrategiak digitalizaziotik etorriko dira.

Baina digitalizazioaren erauntsi kapitalistari ezin diogu erantzun digitalizazioari uko eginez. Digitalizazio estrategia burujabe bat behar dugu. Guk hartu behar ditugu tresna digitalak eta digitalizazioak ekarriko duena gure alde, guk nahi dugun ekonomia eta jendarte eredua garatzeko. Ezin dugu bestaldera begiratu. Zuzen-zuzen aurpegira begiratu behar diogu digitalizazioari eta batez ere horren atzean dagoen multinazional erraldoien estrategiari: Google, Amazon, Microsoft… hamar bat enpresa digitalek antolatuko dute etorkizuneko ekonomia. Horri aurpegira begiratu behar diogu eta alternatiba planteatu: batetik kontra eginez, ekonomia sozial eraldatzailetik irmoak izan behar dugu “Amazon ez” esanaz, eta bestalde, digitalizazio prozesuetatik eta tresnetatik zer hartu ikusi behar dugu, gure tresnak sortzeko, gure helburuak eta beharrak asetzeko. Irabazi asmo hutsa duen zentzutik atera eta gure behar komunitario sozialak asetzeko erabili dezakegu.

“Digitalizazioari ez” esaten badiogu, digitalizazioaren erauntsiak eramango gaitu kasu guztietan. Prozesu hori badatorrelako”.

5.-BIZITZA BIZIGARRIA ETA DENBORA LIBREA DENONTZAT
“Zertarako antolatu nahi dugu beste ekonomia eredu bat? Zertarako aurretik aipatu ditudan erronka horiek guztiak? Bizitza bizigarriak izateko denok. Bizitza bizigarriak lortzea kolektiboki gure esku dagoen aspirazio bat izan behar du.

Zer da bizitza bizigarria? Arazo handi bat da neoliberalismoa gure gorputzetan ere sartuta dagoela. Bizitza bizigarria zer den askotan ez dugu guk erabakitzen, jendarte ereduak determinatzen digu. Egun bizitza bizigarria lotzen da denbora okupatuta izatearekin: lanarekin eta derrigorrezkoa bihurtu den aisialdiarekin okupatuta. Aisialdi konpetitiboa, gero eta indibidualagoa, gure buruari erronkak jartzen dizkiogunak… hori da bizitza bizigarria? Hau da, lan egitea errenta batzuk sortzeko, horrek aisialdi konpetitiborako baliabideak emateko eta gure identitatea aisialdian egiten dugun horrekin eraikitzeko? Garai batean gure identitatea egiten genuen lanarekiko eraikitzen zen. Egun hori gero eta gutxiago da eta gero eta gehiago, egiten dugun aisialdiaren araberako identitatea eraikitzen dugu. Beraz, ongi ordaindutako lana behar dugu, sortu nahi dugun identitate hori egon dadin aisialdi perfektu batean oinarrituta. Jendarte neoliberalak indibidualizaziorako duen mekanismo perfektuenetakoa da.

Bizitza bizigarrien eredu berri bat irudikatu behar dugu. Kolektiboaren beharretara begiratzen duena eta interdependentea dena, zaintza erdigunean duena eta zaintzari denbora eskaintzen diona… baina denbora librea ere erdigunean jarri behar dugu. Denbora librea bai, baina ez aisialdi perfektua, zeinetan dena neurtzen dudan: zenbat denbora egin dudan korrika, zenbat pelikula ikusi dudan… denbora librea emango dugun bizitza behar dugu. Denbora librea nahi baduzu korrika egitera joateko, baina baita ezer ez egiteko ere, lagunekin egoteko, harremanak lantzeko…

Nire ustez, denbora librea harremanak lantzeko behar dugu, harreman horietatik autoeraketa proiektuak sortzeko elkarrizketak izateko, ongi pasatzeko, gozatzeko… hori ez dugu gure estrategietan kokatuta, eta nire ustez, ekonomia sozial eraldatzailearen diskurtsoaren parte izan behar da.

Denbora libreak eskatuko du lan gutxiago egitea, eta lan gutxiago egitearen ideia ere txertatu behar dugu. Askotan proiektu bat aurrera eramateak lan asko eskatzen du, eta saiatu behar dugu lan hori gozagarri egiten. Baina bestetik, zertarako nahi ditugu proiektu hauek denak egitea? Denbora librea izateko. Erronka hau da aurreko erronka guztiei zentzua ematen diena.

Digitalizazioak eta tresna teknologikoek eman behar digutena denbora da. Ez ditzagun tresna digitalak erabili gure denbora gehiago okupatzeko, baizik eta kolektiboki eta sozialki denbora irabazteko!”.

“ARGIA bezalako tresnak behar ditugu bizitza bizigarriak egiteko”
“ARGIA bezalako tresnak behar ditugu bizitza bizigarri hauek egiteko, egiten ditugun proiektuak ezagutzera emateko eta saretzeko. Ezagutza ere informazioak emango digu eta ezinbestekoa da bide horretan informazioan burujabetza izatea, eta gure tresnek gero eta gaitasun gehiago izatea, ARGIAkoek ere denbora izateko bizitza bizigarriak izateko… beraz, denei eskatzen dizuet: harpidetu zaitezte, edo lagundu ARGIA ahal den moduan. ARGIAk badu gauza oso on bat, [kide izateko eredu berriaz ari da] baliabideak sortzen dituela jendeak ekarpenak egin ditzan, baina norberaren gaitasunaren arabera”.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).