Iritzia
“Ipar Euskal Herriak instituziorik ez izatea traba handia da”
Sébastien CASTET (Euskal Konfederazioa) - Azken hamarkadetan Deiadar izenpean antolatu diren mobilizazioak testuinguru zehatz batean kokatu dira beti, egoera blokatu baten gainditzeko asmoarekin edo/eta erronka garrantzitsu bati erantzun egokia emana izan dadin galdegiteko. 2009koa eta 2012koa bezala, aurtengoa ere beste lurraldeekin koordinaturik antolatuko da bainan berritasun batekin, lehen aldiz hizkuntzaren problematikari lurraldetasunarena gehitzen baitzaio.
Lurralde hizkuntzei dagokienez lege koadro orokor egokirik ez da eta lurraldetasunari dagokionez lurralde hizkuntza horiek historikoki mintzatuak diren perimetroak instituzionalki ez errekonozituak, edo partzialki bakarrik. Urriaren 24an beraz “Estatutu bat gure hizkuntzentzat, estatutu bat gure Herrientzat” lema bikoitzaren pean Bretainian, Okzitanian, Alsazian, Korsikan... ere desfilatuko dute, bi aldarrikapen horiek tokian tokiko errealitateei egokituko direlarik.