“Euskara etxean, karrikan, eskolan eta lanean nahi dugulako!”
SEASKA - Nahiz eta azken urteotan urte guziz sortze tasak tipituz ari diren, -Akademia Ikuskariaren arabera 1000 haur gutiago eskolatzen baitira Biarno eta Ipar Euskal Herrian urtez urte-ikastolek aitzina darraite, geroz eta ikasle gehiagorekin, etengabe. Ostegunean 4 064 ikaslek egin dute sartzea ikastoletan, haur hezkuntzatik lizeorat, iaz baino 43 ikasle gehiago. Ondoko egun eta asteetan 2 urteko 60 ikaslek eginen dute sartzea, bakoitzak bere erritmoan, 4 100 ikasleen heina gainditzeko 38 ikastoletan.
Sortzeak anitz apaldu badira ere, Ikastolen eta murgiltze ereduaren kontrako mehatxuak handitu baldin badira ere, geroz eta herritar gehiagok egiten du Ikastolen parioa. Funtsean Ikastolak baitira murgiltze eredua eskaintzen dugun bakarrak, haur hezkuntzatik lizeraino, geletan eta geletatik kanpo. Gure xedea ez baita haurrek Euskara ikas dezaten, baizik eta haurrek euskaraz ikas dezaten. (...)