Euskal instituzio publikoez
Mende haste honetan, Euskal Herria hiru eskualdetan zatitua dago gure bi auzo handien artean: Espainiako Erreinuan batetik Euskadiko Autonomia Erkidegoa (EAE) Baskongadetako hiru lurralde historikoekin (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), bestetik Nafarroako Foru Komunitatea (Nafarroa Garaian), bakoitza bere gobernu, legebiltzar eta hiriburuarekin (Gasteiz / Vitoria mendebaldeko Euskadi delakoak, Iruñea /Pamplona Nafarroa Garaiak); Frantziako Errepublikan Euskal Hirigune Elkargoa, Iparraldeko hiru lurralde historikoekin (Lapurdi, Baxenabarre/Nafarroa Beherea eta Zuberoa), hiriburua Baiona.
Independentziara iristea zail ageri zait epe laburrera. Europan XX. mendean beregaintasunari esker beren Estatua eraiki duten nazioek krisi geopolitiko larri batzuei esker lortu dute, batzuek munduko lehen gerlaren ondotik, besteek Sobiet Batasuna eta Iugoslabia desegin direnean. Salbuespen bakarra Txekia eta Eslobakiarena dugu, adostasunean dibortziatu baitziren 1993ko urtatsez. (...)