Napoléon I.a inperadorearen gainbeherakada 1813-an hasi zen, bere anaia eta armada Espainiatik haizatu zituztenean. Iparralde honek izan zuen Frantsesek desastretzat daukaten ihes horren berri, Mugerreko monumentu ahalgingarria lekuko. Jean-Louis Davant-ek gertakizun horiek oroitarazten dizkigu.
1813 urtean, duela bi mende zuzen, Espainia galdurik, Napoleonen armada Baxenabarren eta Lapurdin sartu zen, eta horren ondotik Wellingtonena etorri, britainiar, espainol eta portugesez osatua. Gertakizun hori aurten ospatuko da Iparraldean, betiko Napoleon handiaren balentria bat izan balitz bezala, arras ifrentzuzkoa gertatu zitzaiolarik. Espainiatik galtzaile jalgirik, hemen ere guduka franko galduko zuen gudaloste handios horrek. Gainera euskaldunekin oso gaizki portatu zen, zernahi desmasia eginez, etsai gaiztoenen etxean bezala. Hori bera salatzen du berriz agertu den liburu batek. Izenburua : Episodes des guerres napoléoniennes au Pays Basque, éditions Cairn, 1998. Iturria 1980koa du : orduan autoreak Kanbon agertu zuen La retraite de Napoléon et l’invasion anglaise en Labourd delakoa, eta gaurkoa hartarik atera du. Idazle hori nor dugun : Dominique Halty kanboarra, bere sorterriko udaletxean idazkari orokor izana. Bertako eta inguruko historiari zinez interesatu da bulta honetan, bereziki Cambo sous l’occupation allemande idazlana izkiriatuz.
Portaera txarra
1813ko ekainean, Frantziako armadak guduka handi bat galdu zuen Vitoria /Gasteizen, eta ondorioz mugaren Iparraldera pasatu zen desordena handian, diziplina galdurik, intendentziarik gabe gainera. Bi arrazoin horiek esplikatzen dute haren portaera txarra, ez ordea justifikatzen. Soldaduek ahal bezala bizi behar zuten, janaria lekuan bilduz. Haatik eskatu behar zuketen eta pagatu, Wellingtonen armadak eginen zuen bezala. Bestalde soldadu bakoitza Espainiatik etorri zen zaldi, mando, asto bat harturik bere gauzen garraiatzeko : armadako zalditeriaz gain, frantsesek kabala horiek oro hazi behar zituzten eremu hertsi batean, tokiko laborarien pentze / belardiak larrutuz, gainera ogi / gari, arto eta bestelako alor / elgeak bahituz, horrela jendea urteko hazkurririk gabe uzten zutela. Gainera deusek ez ditu zilegitzen ahal frantses soldaduek egin zituzten tzarkeriak, suntsiketak, etxe erreketak eta bestelako itsuskeriak. Adibidez altzariak, mubleak, zoladuretako taulak, leiho zurak baliatzen zituzten sukaldaritzako suaren egiteko. Eta zenbat holako, handiagoak ere barne ! Egia da Espainian holakoetara ohituak zirela…
Espainiar eta portugaldar soldadu batzuk ere hola portatzen hasi ziren, baina Wellingtonek berehala haxean eman zituen, gaiztakerian atxemana lehenbiziko zuhaitzetik dilindan urkatuz! Britainiarrek diziplina handia erakutsi zuten, jendea zintzoki tratatu, behar zituzten gauzak eskatu eta ongi pagatu. Beraz libratzailetzat hartuak izan ziren Lapurdin, frantsesak aldiz etsaitzat ikusiak, laguntzarik gabe utziak erretiroan.
Beste Estatu handiek beren diktadoreak ukatu dituzte,
Hitler, Mussolini, Staline eta beste…
Baina Frantzia errepublikano eta laikoak Napoleon 1.a
beti jainkoztatzen du.
Etorkin oportunista handiosa
Napoleonen balentriak ez ziren hor hasiak. Podereaz bi aldiz jabetua zen indarka, zuzen kontra, diktadore sartuz iraunkorki. Hamabost urtez Frantzia gobernatu zuen tirania osoan, inguruko erresumak halaber. Etengabeko gerla egin zuen Andaluzia puntatik Moskuraino. Kasik Europa guzia arpillatu zuen eta kaldan atxiki. Frantziako eta Inperioko gazteria funditu zuen bere gerletan. Baina Frantziak oraino bere gizon handiena dauka bere sorterria saldu zuen etorkin oportunista handios hori, Korsika traditu zuen korsikarra. Beste Estatu handiek beren diktadoreak ukatu dituzte, Hitler, Mussolini, Staline eta beste…Baina Frantzia errepublikano eta laikoak Napoleon 1.a beti jainkoztatzen du.
Enetzat, bitxikeria horrek adierazten du nolako mailan kokatua dagon, ustekabean, frantziar nazionalismoa. Eskizofrenian bizi dira frantsesak : batetik hitz ederrak, eskuzabalak, unibertsalak ; bestetik beren nazioaz daukaten ikuspegi gogorra, hetsia, komunitarioa. Funtsean frente nacional delakoaren ideologia du askok, baina hobeki apaindua, « plus polie », horrez presentagarria, Iparraldeko euskaldunon izorratzeko zinez egokia.