BIDEOA – Aro Modernoan egungo estatuak (Frantzia, Espainia) finkatzen hasi ziren: administrazioa, hezkuntza, hizkuntza-politikak… XVI. eta XVIII. mendeen artean egungo mugak erabaki zituzten Frantziak eta Espainiak. Euskaldunak, bada, bi erresumatan izan ziren bereiziak. Besteak beste erresuma biok ezarritako legeen ondorioz, hizkuntza-komunitatea galtze eta gutxiagotze-prozesuan abiatu zen.
Hala ere, mugak ere hautsi zituen hizkuntzak aro honetan. Batetik, arrantzaleen eskutik, Ternuara eta Islandiara iritsi zen eta han pidginak sortu. Bestetik, euskara testu idatzietan agertu zen lehenengoz (Etxepare, Leizarraga, Axular…), erlijio testuetan batez ere.
Hizlariak:
Joseba Agirreazkuenaga: Euskal Herriko Unibertsitateko Historia katedraduna
Beñat Oihartzabal: euskaltzaina eta IKER-CNRS zentroko ikerlaria
Miren Egaña Goya: Batxillergo Institutuko Euskara katedradun ohia
Peter Bakker: Danimarkako Aarhus Unibertsitateko ikertzailea
Musika:
Khantoria: Ander Berrojalbiz, Maider Lopez, Virginia Gonzalo, Jose Menendez, Kerstin Ansorge
————————————-
DOKUMENTAL-SORTARI BURUZ:
Hizkuntza gugandik at bi liburu dira: gramatika eta hiztegia. Hizkuntza bizia, berriz, geu gara, hiztunok. Euskara ez da gugandik aparte dagoen zerbait.
Historiaurretik gaur egun arterainoko bidaian, bada, gure hizkuntz komunitatea da protagonista “Euskara Jendea” dokumental sortan. Menderik mende, Euskararen Herria eratu, osatu, bizi, egokitu eta aldatu da beste kulturekiko etengabeko hartu-emanetan.
Euskara bizirik ailegatu da XXI. mendera. Hemendik aurrera, baina, erronka zein galdera berriak ditu. Eta haiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu.
————
MATERIAL DIDAKTIKOA: https://www.euskarajendea.eus/material-didaktikoa
Euskara Jendea, 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lana da eta publiko zabal bati aurkeztu nahi dio euskararen eta bere herriaren historia.
Hizkuntzak hiztunengan gauzatu dira, berengan bizi dira. Mintzaira baten historia beren hiztunena da ezinbestez, edo, nahiago bada, hiztunen historia beren hizkuntzarena da. Euskarak, berez, ezin du deus egin; euskaldunek bakarrik moldatu, garatu, galdu, pobretu, aberastu, normalizatu… dezakete euskara. Horregatik, Euskal Herriaren historia azaldu nahi izatekotan, euskaraz mintzo den jendearena esplikatu behar da, hizkuntza komunitatearen ikuspuntutik, alegia, Euskara Jendea garelako. Jarraian lan honen aurkezpen bideo-laburra.
Enbataren BIDEOAK atalean, datozen asteetan, behereko parteak ikusten ahalko dira:
1/ Historiaren atarian
2/ Erromako inperioan
3/ Aniztasunaren bidean
4/ Mugetan gaindi
5/ Gerren arteko pizkundean
6/ Mundua osatzen