Udalbiltza bere burua birkokatzen

PrintFriendly and PDF
MaiteIturre

Maite Iturre, Udalbiltzako hautetsia eta Nafarroko Cederna garapen agentziako lehendakaria

Udalbiltza, erakunde publiko nazional bakarra, Euskal Herriaren lurralde kohesioa indartzeko pauso berriak emaiten ari da. Maite Iturre, Udalbiltzako hautetsiak eta Nafarroako Cederna garapen agentziako lehendakariak aurkezten dauku Euskal Herriaren aro politiko-instituzional berri honetan Udabiltzak egoera berrira egokitzeko aitzina daraman prozesua eta ekainaren 1an, Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriko Garapen Kontseiluarekin batera Udalbiltzak Baionako Euskal Museoan ko-antolatzen duen muga-gaindiko foroa.

Euskal Herriaren aro politiko-instituzional berria

Azken denbora hauetan, aldaketa politiko inportanteak gertatu dira Euskal Herrian, izan bake eta normalizazio politiko prozesua, Nafarroan aldaketa politikoa egitura publikoetan, Euskal Elkargoaren sorrera, EAEn autogobernuari buruzko eztabaida ala erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo zabala parlamentuan.
Hots, Euskal Herriaren lurralde kohesioa eta eskualde ezberdinen arteko artikulaziorako baldintza baikorrak elkartzen ari dira. Testuinguru berri honen harira, Udalbiltzak bere burua birkokatu behar du, bere misioa egoera eta baldintza berriei behar bezala egokitzeko gisan.

Egoera berrira egokitzeko gogoeta prozesua

Horregatik “Udalbiltzan bagabiltza” izeneko gogoeta prozesa abiatu du erakunde nazionalak, asmo horri erantzuteko. Udalbiltzaren funtzioetaz hausnartu nahi da taldean, baita bere funtzionamenduaz ere.

Zein dira Udalbiltzaren etorkizuneko lan ardatzak? Nola antolatua izan behar da?

Galdera hauei erantzuteko, Euskal Herri osoko hautetsi atxikituengana hurbildu gira, haien iritziak eta ideiak biltzeko. Jadanik 400 hautetsik parte hartu dute prozesuan eta biziki aberasgarri eta argigarri izaten ari da.

Horrez gain, hilabete hondarra aitzin, euskal herritar orok bere ikusmoldea agerrarazteko parada du gai horren inguruan, on-line galdeketa honen bidez: http://udalbiltza.eus/inkesta

Izan ere, Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak argiki azpimarratu du desmartxa honen garrantzia, bere ustez, “herritarren iritzia kontuan hartu gabe Udalbiltzak ez lukeelako zentzurik”.

Gogoeta prozesu zabal hori bukatzeko, gizarte zibileko eragileei ere luzatuko diegu ekarpenak egiteko deia. Behin fase ezberdin horiek hetsi eta, udan osatuko da bildu diren ekarpenen sintesia, udazkenean publikoki aurkezteko gisan.

Intxauspe lehendakariak azaldu du momentu inportantea dela Udalbiltzarentzat “orain, hautetsien, hautetsi ohien, herritarren eta eragileen artean biharko Udalbiltza marraztu behar baitugu, Euskal Herriaren lurralde kohesioaren zereginean Udalbiltza ezinbesteko tresna baita, erakunde publiko nazional bakarra izanik guk egiten duguna ez baitu beste inork egiten”.

Euskal Herriaren lurralde kohesioaren eraikuntzan pauso berriak emateko garaia

Gogoetaz gain, Udalbiltzak segitzen du bere hasierako xedeen lantzen, eta horregatik antolatzen du topaketa garrantzitsu bat heldu den ekainaren 1ean, muga-gaindiko lankidetzaren gaia mahai-gaineratzeko, aro politiko-instituzional berriaren harira.

Muga-gaindiko foro hori Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriko Garapen Kontseiluarekin batera ko-antolatzen da.

Izan ere, testuinguru politiko berriaren elementuetariko bat da, hain zuzen, Euskal Elkargoak muga-gaindiko eskuduntza duela. Horrek bide berriak irekitzen ditu dudarik gabe, mugaz bestaldeko territorioen parean sujetu politiko bakar gisa agertzen delako. Gisa berean, Ipar Euskal Herria bir-posizionatu beharko da euro-eskualdearen eskalan. Horretaz hitz eginen dute hizlari ezberdinek, bereziki Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak, Marc Moulin Akitania-Berria-Euskadi-Nafarroa euro-eskualdeko zuzendaria, Daniel Arbulu Gipuzkoako Foru Aldundiako muga-gaindiko lankidetzarako zerbitzu-burua eta Caroline Phillips, Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakariak.

Aitortza horren bidez, pauso berriak emaiten ahalko dira muga-gaindiko lankidetzaren alorrean, bereziki arlo sozio-ekonomikoa eta tokiko garapenari begira. Horretaz mintzatzeko hor izanen ditugu Michel Etxebest, elkargoko ekonomia karguduna, Battitt Laborde elkargoko mendi politiketarako kontseilaria, Gipuzkoako Foru Aldundiako ordezkari bat eta ni, Udalbiltzako hautetsi eta Nafarroko Cederna garapen agentziako lehendakari gisa.

Muga-gaindiko foroa iraganen da ekainaren 1ean Baionako Euskal Museoan, arratsaldeko 6etatik goiti, eta gonbita irekia da publiko zabalari.