Plazara sortu da!

Plazara-ren webgunean sartzeko, klika hemen: https://plazara.eus

2023ko irailaren 26an, Europako hizkuntzen egunaren karietara, Euskal Herriko txoko desberdinetako euskaltzaleak Azkaineko plazan elkartu dira Plazara proiektuaren aurkezpen publikoan parte hartzeko. 12 hilabeteko sortze prozesuaren ondotik, Plazara sortu da. Ibilbide eta jatorri anitzetako lagunez inguraturik, 2 dinamika, 3 dimentsio, 4 lan ardatz eta 11 amets ttiki dituen proiektua aurkeztu dute Xan AIRE, Irati FERNANDEZ ARBELAITZ, Eneko GORRI eta Kamila HARLUXET GRATIEN kideek.

Jendearekin biltzen, egitura sortzen, beren buruak formatzen eta lehen eskaerei erantzuten pasa dute urtea lau kideek. “Ez ginuen irudikatzen hainbesteko lana zela gisa horretako tresna bat sortzea, aitortu du Eneko GORRI mediazio erreferenteak. Baina bidean, gauza eder asko bizitzen ari gira; eta noiztenka korapilo txiki batzuk deskubritzen ari gira ere”. Urte batez, jende eta eragile askorekin bildu ondoren indartu eta egokitua izan da Plazara.

Ideal partekatu bat

Euskalgintzako beste eragileekin partekatutako anbizioa du Plazarak: euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea, Euskal Herriko plazetan: lantegietako jangelan, ikastolako atarian, lagunarteko poteoan, hirietako karriketan, herrietako bestetan, plazetako merkatuetan. Lan-munduan, instituzioetan, elkarteetan, egunerokoan.

Bide horretan ekarpena egiteko, hizkuntza mediazioan oinarrituko du bere lana Plazarak “erdaldunentzat euskara hurbilago izateko, euskaldunentzat presenteago eta egiturentzat praktikoago” zehaztu dute. “Bizi giren 3 lurraldeetan, 35-49 urte artekoen %85a erdalduna da eta ama eskoletako haurren %47ak euskaraz ikasten du. Hizkuntza, herria eta herritarren arteko loturak indartu behar dira” gaineratu dute.

Talde lana eta diziplinartekotasuna

Gaur egungo jendartearen beharretatik abiatuta, beren denbora bi esku-hartzeen artean partekatuko du kolektiboak:

  •  Tresna baliagarriak sortu: euskararen inguruko mediazioa, sentsibilizazioa eta motibazioa azkartzeko (infografiak, euskararen erabilera garatzeko kitak, hizkuntza baliabideen webgune erreferentziala, euskararen inguruko sentsibilizazio kanpaina partekatuak, ihes joko konektatu eta interaktiboa, euskara deskubrimenduak, erabilera eta euskal kultura lotzeko gogoetak, hizkuntzen arteko gertakariak…).
  • Beste egituren bidelagun izan: laguntza eta zerbitzuen bitartez euskara erdigunera ekartzeko gisan (euskara-plan parte hartzaileak, aholku praktikoak, itzulpenak, formakuntzak, iniziazioak, gertakari antolaketak…)
    Hainbat diziplina uztartuz (soziolinguistika, komunikazio zientziak, pedagogia, parte-hartze prozesuak…), talde lanean oinarrituz eta inguruko eragileekin lankidetza estuan eragin nahi du Plazarak. “Batzuetan beste egituren kondu, ta beste batzuetan gure tresna edo dispositibo propioak sortuz” zehaztu du Irati FERNANDEZ ARBELAITZ itzultzaile eta komunikazio kargudunak.

Lau lan ardatzetan banatu dute beren jarduna:

  • Komunikazioa: itzulpenak, komunikazio kanpainak, sentsibilizazio tresnak.
  • Aholkularitza: euskara planak, kontseilu praktikoa, ikerketak.
  •  Formakuntza: iniziazioak, aktibazio tailerrak, gogoetaldiak.
  • Plazagintza: hiztun komunitateen arteko lankidetza, ekitaldi antolaketa, auzolanak.

Lan guzi hauetan hasiak dira azken hilabeteetan, orotara 43 egiturekin partaidetzan: Maurizia gune okupatutik Connecteurreko open spacetara, Euroeskualdetik munduko hizkuntza lankidetzara, Euskarabentura espediziotik Surfrider egunera, Lapurdiko Herriko Etxe batzuetatik Baionako presondegira, AEK-ko ikastaldietatik EHUko udako ikastaroetara, Soziolinguistika jardunalditik ikastetxeetara…

Guk, ez dugu jendea euskaldunduko eta ez ditugu egiturak labelizatuko, zehaztu du Irati FERNANDEZ ARBELAITZEK. Horretan biziki ongi ari diren eragileak badira. Iniziazio eta tresnen bidez, gure xedea da erdalduna eta euskaltegiaren arteko bidea laburtzen laguntzea, ikasten ari direnak usaia berrien hartzera akuilatzea eta euskaldunak lotsa batzuk askatzen bideratzea.”

Han & Hemen

Lankidetza arloko lanetan ibiliko den Xan AIREk hizkuntza lankidetzaren garrantzia eta Garabide elkartearekin eraiki den partaidetza estua azpimarratu ditu. “Mundu mailan haien hizkuntza eta kulturaren alde borrokatzen diren populuek inspiratzen gaituzte, eta denak elkartuz dugu hizkuntzen biziberritzearen gaiari oihartzun gehiago emanen jendartean”. Amazigh, Quebec, Katalunia, Bretainia, Maputxe, Aimara, Guarani edota Korsikarrekin harremanak dituzte, besteak beste.

Iraila erditsutan, Garabide eta Plazara egituren arteko elkarlan baten baitan, 5 amazigh riftarrek aste bete lanean pasa zuten Euskal Herriko eragile desberdinekin. Urrian aldiz, “Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak” aditu ikastaroaren baitan , Hego Ameriketako (Abya Yala) hainbat aktibistek formakuntza ibilbide bat segituko dute. “Asko dugu ikasteko bata bestearengandik, zehaztu du lankidetza erreferenteak. Nahi genituzke trukaketa momentu hauek Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko euskaltzaleekin partekatu, momentu idekiak antolatuz, euskararen biziberritzea ere maila globalagoan kokatuz”.

Atxikimendu kanpaina

Urte beteko ibilbidearen ondotik, Plazara elkarteak ez du lanposturik sortu ahal izan. Denbora osoz dedikatzen diren kideak langabezia edo auto-enpresari estatutupean dira. Azarotik aitzina sortuko dituzte lehen kontratuak, molde progresiboan. Bitartean, proiektu berriak garatu ahal izateko, “Plazatik altxa dezagun Plazara” izendatutako atxikimendu kanpaina abiatzen dute. “Plazara sustengatzeko molderik hoberena bazkidetzea da, zehaztu du Kamila HARLUXET GRATIEN, duela aste bat Plazaran sartu den kideak. Herri oldar bat senditu nahi genuke gure proiektuaren gibelean”.

Horretarako, urteko bazkidetza proposatuko da 10€ – 20€ – 50€ artean. Sustengu ekonomiko eta moralaz gain, herritarrek Plazakide bilakatzeko aukera izango dute, proiektuan inplikatuz beren disponibilitate eta zaletasunen arabera. “Plazara ez da 5 lagunen proiektua izatera mugatuko; nahi dutenek aukera izango dute formakuntzak animatzeko, plaza publikoetan euskara ekartzeko, materiala hedatzeko, tresnen diseinuan parte hartzeko… Formakuntza eta prestaketa segurtatuko ditugu beharrez gero”.

Abenduan burutuko den Biltzar Nagusirako, 1.000 bazkide lortzeko helburua finkatu dute, kopuru handia dela aitortuz. “Euskal Herri osoan zehar ibiliko gira Plazara aurkezteko. Gasteizetik Tolosara eta Iruñatik Larzabalera. Beharren eta iritzien sentitzeko balioko digu ere.” Gertakari handietan ere presente izango dira, herritarrekin trukatzeko (EH burujabe, Lurrama, azaroaren 4ko Bilboko manifa…).

Azken deialdi bat luzatu dute Plazarako kideek, egoitza tekniko bat lortzeko. 40m² inguruko lokal bat behar dute, materiala gordetzeko eta tailertxo bat finkatzeko. Momentuz, bulego finkorik gabe lan egin nahi dute, nomadatasunak eskaintzen dituen aukerez gozatzeko. “Baionako Ekitegia eta Urepeleko Amerikanoenea artean ibiltzen gira, kafetegiak, elkarteen bilkura gelak, parke publikoak edo terrazak egoitza gisa erabiliz” zehaztu dute.

Urgentzia linguistikoa

Bitartean, udazkena atxikimendu kanpaina eta proiektu konkretuak lurretik ateratzeko lanetan segituko dute. Uda Leku elkartearekin formakuntza ziklo bat abiatu dute, 2025erako mundu mailako kongresu bat diseinatzen ari dira beste eragile batzuekin, 2024erako ihes-joko interaktibo bat sortu nahi dute, Euskararen urtaroaren karietara hainbat tailer proposatuko dituzte… Ta kooperatiba sortzeko lanak aitzinera eramango dituzte paraleloki.

“Abentura azkarra bizitzen ari gira” aitortu dute, euskararen egoerak kezka handia pizten diela gaineratuz. Euskalgintzaren egoera prekarioa eta datuek agerien uzten duten etorkizun iluna gainditzeko lanean hartzeko konpromisoa hartu dute, baita aktore batzuek duten Basque-Washing tentazioa saihestea ere.

Bada lana, baina herri hau beti gai izan da behar dituen tresna sortu eta altxatzeko! Herri indar horretan sinesten dugu”. Bidelagun izan dituzten jende guziak eskertuz bukatu dute “ez badira kolektiboak, holako parioak ez dira urrun joaten”.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).