Ikastola herri eskola!


Peio Jorajuria (Seaskako lehendakaria):

Beskoitzeko Herriko Etxeko auzapezorde den Eliçagoyen jaunaren hitzak Herriko Etxearen ikusmoldearen adierazgarri dira. 70eko hamarkadan lehen ikastolak sortu zirenean bezala, garai hartan hautetsiek euskararen alde zirela zioten, eta egitateetan arrunt kontrakoa egiten zuten. 70eko hamarkadan bezala, Ikastola Herri Eskola dela adierazi nahi diegu. Cheverry Paluat andereak eta Eliçagaray jaunak, Beskoitzeko auzapezordeek, Ikastola kanpoko espaziorik gabe nahi izateak, ikastola ito nahi dutela erran nahi du, euskara ito nahi dutela. Euskararen gainbehera iragartzen diguten inkesta soziolinguistikoei begira, gaur egun Ikastola tresna ezinbestekoa da euskararen eta bere kulturaren biziraupena bermatzeko. Ikastolaren garapena oztopatzea euskararen garapena eta herri honen etorkizuna oztopatzea da. Horregatik deitzen dugu mobilizazio handi batetarat 2023ko azaroaren 18an. Hizkuntzari atxikiak diren herritar guziei dei egiten diegu Beskoitzera jin daitezen, azaroaren 18an, larunbatez, goizeko 11etan. Ikastola Herri Eskola, aterabide bat Beskoitzeko Ikastolarentzat!

Nekane Artola (Ikastolen Elkarteko lehendakaria) :

Beskoitzeko ikastola, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioko kidea da, baina baita 114 ikastola biltzen dituen Euskal Herri osoko Ikastolen Europako kooperatibako kidea ere. Europako kooperatibako lehendakari gisa, partaide ditugun familia guziei dei egiten diegu azaroaren 18an Beskoitzera etortzeko. Euskarak ezin du gehiago horrelako ekintzarik onartu hautetsi arduragabeen partetik. Euskararen etorkizuna Beskoitzetik pasako da. Bertan izanen gara.

Cyril Fesquinne, Julen Jaureguy (Beskoitzeko ikastola)

Elkarrizketa entsegu anitzen ondotik, joan den urriaren 20ko prentsaurrekoan Herriko Etxearekin hitzordu bat publikoki galdegin ondotik, Beskoitzeko herriko hautetsi guziei mezu elektroniko bat igorririk Beskoitzeko Ikastolaren geroari buruzko eztabaida osasuntsu baten hasteko hitzordu baten eskatzeko, joan den astean Prefeta Beskoitzera joan zenean interpelatu genuen Herriko Etxearekin bitartekaritza baten eskatzeko. Baina gaur egun ez dugu Herriko Etxearen erantzunik jaso.

Sud Ouest egunkarian argitaratutako artikulu baten bidez bakarrik, Christine Cheverry Paluat eta Patrick Eliçagoyen auzapezordeek jakinarazi dute beren jarrera ez dutela aldatuko eta ikastolako ordezkariekin edozein elkarrizketa ukatzen dutela. Maleruski, ez da elkorren arteko elkarrizketa bat ere, artikuluak dioen bezala, ikusirik ez dagoela elkarrizketarik, Herriko Etxeak ez baitu nahi.

Herriko etxeak dio etorkizuneko ikastolak ez duela gainditzen ahal herriko lurraren eremu mugatua. Beraz, gaur egun alokatzen dugun eta kanpoko espazio gisa erabiltzen dugun ondoko lur eremua kendu nahi digu. Eta, gainera, bi aparkaleku gehitu nahi lituzke gune mugatuan, hots, ikastolako patioan?!

Parean diren herriko gela hutsak erabiltzea debekatu digutelarik, ikastola baten eraikitzeko beharrari baietz erran dugu. Ikastolako ikasleak jantoki publikora joatea mugatu nahi izan dutelarik, (nahiz eta aski leku baden) gure proiektuan jantoki bat gehitu dugu, gure haurrak herriko jangelara joan ez daitezen.

Egingo dugun eraikinak gaur egun erabiltzen dugun lursaila ez gainditzeko eskatu digutenean, aparkalekua estaltzen duen altueran ere, baietz esan dugu. Orain eskatzen digute, prentsa bidez eta gurekin biltzeari uko eginez, kanpoko espazioa mugatzeko eta gure aparkalekuak gehitzeko, atariaren bestaldean dagoen herriko aparkalekua erabili behar ez izateko?

Gisa hortan jokatuz, 50 ikasleko ikastola bat ere ez litzateke posible eremu huntan. Aparkalekuari dagokionez, nahasmen bat bada gure proiektuaren dimentsio “pribatuari” buruz. Eskola bat gara, zerbitzu publiko bat gara, eta batez ere herri eremu batean eraikitzekoa dugu. Herriko etxearen eskariz, kadastroko lur zatiaren zati batean baizik ez dugu eraikitzen, eta jadanik aparkaleku bat bada bertan. Arazo honi aterabide erraza atzematen ahal da, baina konponbideak bilatzeko eztabaidatu egin behar da.

Kanpoko eremuei dagokienez, gaur egun lursail zati bat alokatzen diogu jabe pribatu bati. Herriko etxeak baldintzatua du eraikuntza baimena onartzea, alokairu horri uko egitearen baldintzapean, espazioaren galera konpentsatzeko irtenbiderik proposatu gabe. Sud Ouesteko hitzen arabera, Patrick Eliçagoyenek dio herriak, egun batez, ondoko lur eremua eskuratu lezakeela eskola publikoaren beharretarako.

– Lehenik eta behin, Udalak ezin du ezer egin jabea saltzailea ez bada.

– Bigarrenik, alokatzen dugun zatia lur zati ttipi bat besterik ez da, erreka baten ertzean eta eraikuntza oro ezinezkoa den lekuan.

– Eta Hirugarrenik, ia 14.000 metro karratu dituen lursail baten zati ttipi bat da, hau da, hektarea eta erdiko sail bat badela ondoan. Inoiz herriko eskolaren hedatze bat izanen balitz, ez litzateke lur zati ttipi horretan izanen, baina izatekotan, beste aldean.

– Eta azkenik, egia da lurra AUE (urbanizatzekoa, interes kolektiboko ekipamenduentzat, ikastetxe gisa) sailkatua dela, Tokiko Hirigintza Planean aurreikusia da, Beskoitzeko erdiguneko eskolaren hedatzeko izan daitekeela. Baina Eliçagoyen jaunak gogoko ez badu ere, Beskoitzeko erdigunean ez da soilik eskola publikoa. Ikastola bat ere bada, irakaskuntzarako zerbitzu publikoko elkarte kontratupean, eta ikastola ere herriko eskola da. Beraz, lur eremu hori biziki baliagarri litzateke ikastola iraunkor batentzat ere, Herriko Etxeak ikastola kontuan hartuko balu.

“Beskoitzeko ikastolan, baldintza txarretan 10 urtez prefabrikatuetan, kanpoko jolastokia tipi eta patartsuan, aterbe eskasarekin, jantegi publikoan bazkaltzeko mugapenekin, 50 ikasleen heina gainditua dute. Bada garaia, Beskoitzeko ikasleek ere baldintza egokietan ikas dezaten, beste eskoletan bezala. Eskualde horretan lehenago Hazparne, Arberoa, Lekorne edo Hiriburun, eta beste hainbat ikastoletan gertatu bezala, prefabrikatuen antolaketatik, egiazko ikastola bat izateko pausua eman nahi dugu Beskoitzen. Beste herrietan urrats horretan Herriko Etxeen laguntza ukan badugu. Beskoitzen, ikastolaren garapen naturala lagundu ordez, alderantziz ikastola garatzearen kontra ari zaizkigu, eta bidea erraztu ordez, oztopoz betetzen ari zaizkigu.”