BIDEOA – Historiaurrean gizakiak Europa jendeztatu zuelarik, etorri, sortu edota garatu zen euskara. Noiz eta nola ez dakigu zuzen, baina. Dakigun bakarra da ordutik dagoela kokaturik hemen eta, inguruan, baldin bazuen Hizkuntza edota kultura kiderik, guztiz desagertuta dagoela.
Jatorria edozein delarik ere, euskara Historiaurreko Hizkuntza da, Hizkuntza indoeuroparrak etorri baino lehenagokoa. Harrez geroztik, Haien eragina jaso du eta, desagertzetik urrun, iraun egin du. Beharbada, Koldo Mitxelena hizkuntzalariak azaldu zuenez, Euskararen enigma ez da bere jatorria, baizik nola lortu duen irautea egun arte.
Hizlariak:
Joaquín Gorrotxategi: Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna
Neskuts Izagirre: Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta antropologoa
Diego Garate: Historiaurrean doktorea eta Bizkaiko Arkeologia Museoko arkeologoa
Jacques Blot: arkeologoa
Euskara Jendea, 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lana da eta publiko zabal bati aurkeztu nahi dio euskararen eta bere herriaren historia.
Hizkuntzak hiztunengan gauzatu dira, berengan bizi dira. Mintzaira baten historia beren hiztunena da ezinbestez, edo, nahiago bada, hiztunen historia beren hizkuntzarena da. Euskarak, berez, ezin du deus egin; euskaldunek bakarrik moldatu, garatu, galdu, pobretu, aberastu, normalizatu… dezakete euskara. Horregatik, Euskal Herriaren historia azaldu nahi izatekotan, euskaraz mintzo den jendearena esplikatu behar da, hizkuntza komunitatearen ikuspuntutik, alegia, Euskara Jendea garelako. Jarraian lan honen aurkezpen bideo-laburra.
Enbataren BIDEOAK atalean, datozen asteetan, behereko parteak ikusten ahalko dira:
1/ Historiaren atarian
2/ Erromako inperioan
3/ Aniztasunaren bidean
4/ Mugetan gaindi
5/ Gerren arteko pizkundean
6/ Mundua osatzen