Elgarrekin Urruñako desmartxa herritar eta parte-hartzaileak azken urtean eztabaida-bilkurak antolatu ditu urruñarrek beren herriaren geroaz dituzten igurikatzeak biltzeko xedearekin ondoko gaietan: trantsizio ekologikoa, elikadura, energia, elkarbizitza, herri solidario eta sozialagoa, hiribarne dinamizazioa. Kontsulta aldi horretan Urruñarrek egin eskaerak aditu ondotik Elgarrekin elkarteak deliberatu du zerenda bat osatzea 2020 martxoko herriko bozetan parte hartzeko. Hara, bigarren itzuliko kanpainari begira, Filipe Aramendi zerrendaburuaren erantzunak Enbata.Info-ren 3 galderei.
Zer bilan egin duzue Elgarrekin Urruña taldeak, Herriko Bozetako Lehen itzulian ukan emaitzetaz?
Gertatu dena historikoa da. Lehen aldiz Urruñan eskuinekoa ez den zerrenda bat lehen lekuan geratu da lehen itzulian. 500 bozeko abantaila hartu diegu bigarren geratu den gehiengoaren zerrendari eta teorian aldaketa proposatzen duen hirugarren zerrendari. Urruñarrek aldaketarako gogoa adierazi dute, argiki, eta aldaketa Elgarrekin zerrendak gidatu behar duela adierazi dute.
Nola prestatu duzue 2. itzuliko kanpaina?
Lehen eta bigarren itzulien artean Covidaren pandemia bizitu dugu. Horrek kontzientziak astindu ditu. Krisiak gure proposamen politikoa indartu du. Guk proposatzen dugun trantsizio ekologiko eta sozialaren bidearen zuzentasuna indartu du. Aukera historikoa dugu Urruñan aldaketa ekartzeko eta krisiak eta larrialdi klimatikoak pausatzen dizkiguten erronkei aitzin egiteko.
Zer ekarriko du Elgarrekin Urruña zerrendarentzat 2. itzuli honetan emana izanen den botz orok… Urruñari eta Ipar Euskal Herriari?
Urruñari XXI. mendean sartzea ekarriko dio. Herritarrek etorkizuna haien eskutan hartzea ekarriko du. Demokrazia parte hartzailea politika ulertzeko dugun oinarria da. Trantsizio ekologiko eta sozialaren bidean kokatu nahi dugu Urruña. Bide horretan Urruña erreferente bat bilakatu nahi dugu Ipar Euskal Herri mailan. 6. hiria gira eta Baiona-Donostia 600 000 biztanleetako konurbazioaren erdi-erdian dagoen birika berdea gira. Horren kontzientzia eta ardura ditugu eta horren arabera jokatuko dugu. Agroekologia eta ekonomia kooperatzaileren gainean segurtasuna eta etorkizun duin bat eman nahi diegu urruñar guztiei: lana, etxea eta elikadura duina denentzat.