Aldaketa Nafarroan

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Conseiller Régional, Paysan à Lantabat, militant abertzale socialiste, ancien porte-parole d'Abertzaleen Batasuna.
D'autres articles
Nafarroako gobernu berria Uxue Barkosen inguruan.

Nafarroako gobernu berria Uxue Barkosen inguruan.

Nafartar guzientzat eskubide zibil, politiko eta sozialak lortzea, enplegu berriak eta sustapen ekonomikoa bultzatzea, herritarren parte hartze demokratikoa eta etika politikoa pratikan emaitea aipa daitezke lehentasunezko erabaki gisa. Hauteskunde kanpainako goiti beheitiak pasa eta, lau alderdiek negoziatu gobernu egitaraua aztertzeak baikor eta itxaropentsu atxikitzen gaitu.

Badu jada bi hilabete hauteskundeak pasa direla Nafarroan. Bi hilabete behar izan dute gehiengo politiko berria osatzen duten alderdiek, gobernu egitaraua eta programa mahaigaineratzeko, eztabaidatzeko eta adosteko.

Bi hilabeteren buruan emaitza badator eta hunekin egindako lanaren eta adostasunaren poza. Holaxe adierazi zuten Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu/Podemos eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek Nafarroako gobernuan aldaketa gauzatzeko lortu akordio programatikoaren sinadura ekitaldian.

Geroa Bai alderdi bozkatuenaren burua den Uxue Barkos izanen da presidente berria. Dudarik ez balio historikoa duela izendatze horrek, aldaketarako oinarriak finkatzen dituen hein berdinean.

Esperantza guziak idekiak

Gobernu itunak badu zerikusi haundia politika herrialde hortan beste molde baterat egiteko xedearekin. Esperantza guziak idekiak dira akordio orokorra hainbat oren eta egun negoziaketen ondorioa delako. Ez da akordioa talde politiko bakoitzaren programaren zatitxo bat, baizik eta lau urteetarako funtsezko aldaketarako akordio bat. Akordioak 614 neurri zehatz dauzka gobernu programan finkatuta eta gizarte politikak eta enpleguaren sortzea bultzatuko ditu bereziki.

EH Bilduko Adolfo Araizek azpimarratu nahi izan du etorkizuneko oinarri irmoak ezartzen dituela gobernu itunak eta berehala programa martxan jarriko dutela, hainbat beharrizaneri erantzuteko epe ahal bezain laburrean. Dudarik ez agian etorkizuneko balio hori ezingo dela berehala ikusi eta hunki bainan balorazioa eta emaitzak aski fite neurtzen ahalako direla.

Lau alderdiek amankomunean izanikan ere aldaketarako griña, akordioa kontsentsua eta eskuzabaltasunaren ondorioa izan da. Nafarroa ezberdin bat pausoz pauso eraikitzeko oinarri nahikoak ditu. Egia erran, orain arte UPNk hain gaizki eta txarki kudeatuarena hobetzeko bihurgunea da gobernu akordio berria. UPNk ipar orratz gisa zituen desoreka soziala eta gatazka identitarioa itzulipurdikatzeko balioko du ere gobernantza berriak, Nafarroako jendarte guziarentzat aro berri bat zabalduz. Inbestidura eguneko diskurtsoetan nabaritu da nun zegoen iraganeko eskema eta diskurtsoa eta nun gaurkotasuna eta gerorako proposamen zehatzak. Esparza UPNko burua eta Uxue Barkos lehendakari berriaren arteko debate biziak ezinago argiki erakutsi zuen ebidentzia hori. Nafarroako historiako lehen presidente euskaldun eta abertzalearen izendapenak hasten du etapa bat eta ondorioz idekitzen dio atea aro berri bati, politika egiteko molde berritu bati, baita elkarbizitza espazio berri bati. Iragana ikusita, ez da gutti !

Konfrontaziorako estrategiak baztertu

Ildo politiko nagusiak zerrendatuz, nafartar guzientzat eskubide zibil, politiko eta sozialak lortzea, enplegu berriak eta sustapen ekonomikoa bultzatzea, herritarren parte hartze demokratikoa eta etika politikoa pratikan emaitea aipa daitezke lehentasunezko erabaki gisa. Barkosek behin baino gehiagotan azpimarratu nahi izan du ere nafarren arteko  konfrontaziorako estrategiak baztertu behar zirela eta abertzale eta ez abertzaleen arteko jendarte helduago baten lortzeak lagunduko zuela helburu politiko berriak lortzen. Geroari begirako apustu eta parioetan aipa daiteke ere nafar sozialisteri eta PSNi ideki atea, funtsean azken hunen abstentzioa izan daiteke keinu baikorra gerorako eta modelo politiko berri bat eraikitzeko nafar lurraldeko instituzio eta espazio ezberdinetan.

Azken finean, inbestidura eguneko bozketan, eskuin kontserbadore, españolista eta erregimen zaharraren ordezkari leial diren UPN eta PP soilik dira Barkosen izendapenaren kontrako bozkara lerratu. Doi doi azpimarratzekoa hari beretik ibili dela ere adierazpenetan Espainiako gobernuko presidente ordea erranez Nafarroan gertatzen ari zena albiste txarra zela eta Barkosen gobernu kide batzuk eskubideen eta askatsunaren defentsan curriculum txarra zutela. Kasik anekdotikoa eta hain mail apalekoa Madrildik entzuten den ohiko soinua…

Dudarik ez da Nafarroako aginte berria hurbiletik so egina izanen dela, eta nolaz ez Ipar Euskal Herritik eta Baxe Nafarroatik ere. Funtsean arras naturalki Uxue Barkosen inbestidura saiorat hurbildu ziren ere Baigorriko auzapeza, Jean Mixel Coscarat, eta Betti Bidart kontseilaria. Nafarroak bere osotasunean baduke ere aire fresko eta iraunkor baten behar gorria, betiko nafar baloreak biltzen dituen kulturaren eta euskararen inguruan.

Hea ba aldaketaren aireak mesedeak, onurak eta harreman ofizial normalizatuak zabaltzen dituen Ibañetako eta Izpegiko lepoen gainetik behereko nafartarrak zirimolatu arte ?

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video