Euskal Konfederazioa
Paul Molac diputatu bretoiak 2019ko abenduan pausatu lurralde hizkuntzen aldeko lege proposamena goiz honetan bozkatu du frantses Legebiltzarrak, bigarren irakurketan. Eztabaidak eta bozkak iragan aitzin azpimarratzen genuen bezala, historikoa da goiz honetan gertatu dena: lehen aldia da 1951ean Deixonne legea bozkatu zenetik lurralde hizkuntzei buruzko lege bat onartzen dutela.
Ondareari, seinaletikari eta estatu zibileko aktei buruzko artikuluak Legebiltzarrean (lehen irakurketan) eta Senatuan (lehen irakurketan ere) jadaneko onartu ondotik, irakaskuntzari buruzko lau artikulu ziren berriz eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak Legebiltzarrean, bigarren irakurketan. Horrela, apirilaren 8ko bozkarekin lau artikulu horiek ere bi ganbarek onarturik, lege proposamena lege bilakatuko da, horrek irakaskuntza mailan -bereziki- aitzinamendu handia suposatzen duelarik.
Murgiltze eredua eskola publikoan (2 ter artikulua): badira urteak murgiltze eredua plantan ezarria dela eskola publikoan. Irakaskuntza molde hau ipar Euskal Herrian da bereziki arrakastatsua, 20 eskola publikotan garatua baita, esperimentazioaren baitan. Hemendik goiti, murgiltze eredua garatzen segitzen ahalko da bainan pisua den esperimentazio dispositibotik pasa gabe. Esperimentaziotik irakaskuntza arruntera pasatzen gara.
Mayotte lurraldeari buruzko artikulua (2 quater artikulua): artikulu horren bidez, hemendik goiti Hezkuntza Kodeko L 312.10 artikulua Mayotte lurraldean ere aplikatuko da.
Herriko forfait-ari buruzko artikulua (2 quinquiès artikulua): orain arte herri batek ondoko herriko eskola bati forfaita ordaintzen ahal zion azken horrek euskarazko irakaskuntza proposatzen bazuen eta herriak horrelako eskaintzarik ez bazuen bermatzen bere herritarrentzat. Hemendik goiti herri bakoitzak forfaita ordaindu beharko du haur batek ondoko herrira joan behar badu euskarazko irakaskuntza segitzera bizi den herriak ez baitu proposatzen. Posibilitatetik obligaziora pasatzen gara.
Euskararen irakaskuntzaren orokortzea (3. artikulua): orain arte eskola publiko batean euskarazko klaseak idekitzeko prozedura aski pisua zen: guraso kopuru esanguratsua bildu behar zen, proiektua muntatu, eskolako talde pedagogikoarekin adostu, idekitzea Hezkunde ministeritzako zerbitzuekin negoziatu, etab… Hemendik goiti, Korsikan indarrean den sistema segituz, Estatuaren eta tokiko kolektibitateen arteko hitzarmena izenpetu ondotik, eskola publiko guziek euskarazko irakaskuntza proposatu beharko dute. Horrelako irakaskuntzarik nahi ez duten gurasoek dute beren nahia jakinarazi beharko. Eskaera logikatik eskaintza politikara pasatzen gara.
Agiri hau baliatu nahi genuke lege honen alde mobilizatu diren guziak eskertzeko: Paul Molac eta bere laguntzaileak lege proposamena landu eta pausatu izanagatik, senatariak (bereziki Legebiltzarreko lehen irakurketaren ondotik irakaskuntzari buruz kenduak izan ziren artikuluak lege proposamenean berriz sartu izanagatik) eta orohar lege proposamenaren alde bozkatu duten parlamentari guziak. Gisa berean, deitoratzen dugu beste behin frantses Gobernuak izan duen jarrera, kontrako iritziak eman eta kontrako emendakinak aurkeztu baititu parada izan duen aldi bakoitzean.
Azpimarratu bezala, lege horri esker aitzinamendu garrantzitsuak egiten ahalko baditugu ere, irakaskuntza arloan hainbat borroka eramaten segitu beharko dugu hemendik goiti ere: euskara bezalako hizkuntzentzat kalte handiak eragin dituen lizeo erreforma kendua izan dadin, ipar Euskal Herriko bigarren mailako ikastetxeetan gero eta ikasgai gehiago euskaraz irakatsiak izan daitezen eta abar…
Gaur gertatutakoa pozgarria bada ere, Euskal Konfederazioak mobilizaturik segituko du, bai hexagono mailan Pour Que Vivent Nos Langues Kolektiboko kideekin, bai ipar Euskal Herri mailan eskuz esku borrokatuz irakaskuntzako eragileekin.