Apirilak 8, kontrajarriak diren bi errealitate !

PrintFriendly and PDF

Bakegileak

4 urte pasa dira, Euskal Herriko jendartearen bultzada eta borondateari esker, ETA erakundearen armagabetzea gauzatu zen 2017ko apirilaren 8ko egun historiko hartatik.

Egun hark, hutsik gabeko engaiamendua, bihurgune bat eta etapa berri bat markatzen ditu, bake justu eta iraunkor baterako bidean, elkar bizitzaren bidean. Egun hartan Baionan irakurri zen manifestuak hau adierazten zuen: «Bakea ez baita indarkeriarik eza bakarrik, gure begiradak biktimei begira jartzen dira (…) Justizia eta egia nahi dugu haientzat, «Ez dela errepikatuko!» adieraztea»

Gaur egungo testuinguru sanitarioak ez digu egun hori nahiko genukeen bezala markatzen uzten; 2021eko apirilaren 8 honek Ion Parot, Jakes Esnal eta Unai Paroten 31 urteko kartzelaldiarekin bat egiten baitu.

Frédéric Haranburuk baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen 2020ko urrian. Jadanik txalotu genuen erabakia. Baina 2021eko martxoaren 17an, krisi sanitario bete betean, gerta zitekeena gertatu da. Ion Parotek, 2005etik baldintzapean askatua izan zitekeen 70 urteko presoak, Covid 19a harrapatu duela jakin dugu. Baldintzapeko askatasunaren 6garren eskaera egina du, aitzinekoa lehen instantzian onartua izan zitzaiolarik $!

Hau ez zen inoiz gertatu behar ! Hau ekidin zitekeen, Ion Parot ez balitz salbuespeneko neurrien menpe izan. Oroitaraz dezagun, legedi honen menpe diren presoak, gobernuak lehen konfinamenduan hartu neurrietatik kanpo direla. Honela, salbuespen egoera hau dela eta, Ion Paroti, Jakes Esnali, Frédéric Haranbururi, Josu Urrutikoetxeari, Gurutz Maiza Artolari eta Ibon Fernandez Iradiri ez zaizkie beren eskubideak bermatzen, haien adina eta eritasunak direnak izanik ere. Ibon Fernandez Iradi eri larria da, eta honek ere Covid 19ari aurre egin behar izan zion. Ion Paroten kasuan bezala, kondenen aplikaziorako epaitegiak kondenaren etetea onartu zion 2019an, behar bezala artatua izan zedin.

Aieteko Nazioarteko Adierazpenetik 10 urteetara iristen garenean, nola uler daiteke zuzenbide arrunta etengabe indargabetzea?

Denbora badoa eta presa bada! Ezin dugu errealitate bikoitz hau gehiago onartu. Kontraerranean ezartzen ditu, alde batetik euskal jendarte dinamiko eta asmamen handikoa, Euskal Herriaren testuinguru politikoan aldaketa erradikala ekarri duena; eta bestetik, terrorismoaren kontrako Ministerio publiko anakronikoa, logika lehengotar eta liskartiarren logiketan segitzen duena. Bakea, giza eskubideen errespetua ere da!

2019ko maiatzaren 17an, Frantziako presidenteak hau adierazi zuen : “Euskal Herria adibide bat da neretzat gatazkaren konponbidean eta armagabetzean. (…) Estatuaren egin beharra, mugimendua laguntzea da. Ez dugu historia errepika arazi behar, lagundu behar da.»

Zergatik beraz 2021eko apirilaren 8 hontan, kontrajarriak diren errealitate hauei aurre egin beharrean gara ?

Behin eta berriz oroitarazi eta aldarrikatu nahi dugu: bakea eraikitzea, gatazkaren jatorria eta ondorioak konpontzean datza. Gatazkaren ondorioak konpontzea, minak konpontzean datza, beraien ezagupena onartuz, datozen tokitik etorririk ere. Baina gatazkaren ondorioak konpontzea, kartzelaz haratago beste perspektiba bat eskainiko duen tresna juridikoak aktibatzea da, existitzen direnak erabiliz edo egokitu behar direnak egokituz.

Bakearen bidea presoen gaia konpontzetik pasa beharko da nahi eta nahi ez, orain arteko gatazka guztietan egin den bezala, elkartasuna elkarrekin partekatzeko borondatea atzoko sufrimenduek eragin sentimenduen gainetik denean. Presoen behin behineko egoerak zer ikusi zuzena du aldaketaren perspektibarekin.

Oroitaraz dezagun zer adierazi zuen Kofi Annanek, Nazio Batuen Erakundeko idazkari orokorrak Aieteko nazioarteko konferentzian : “Zatituak diren jendarteetako populakuntzak elkarrekin lan egiten lagundu behar ditugu elkar adi dezaten, gobernantza demokratikoan, giza eskubidean eta estatuaren eskubidean oinarrituriko instituzio azkarrak eraiki eta konpondu ditzaten. Eta bide horretan, aktore sozial guztiek dute beren bete beharra: gobernuak, tokiko agintariek, erligioetako arduradunek, nagusiek, erakunde ez akademikoek eta hedabideek. Azkenean, bakearen bidea luzea eta zaila denez, herritarren peskizak kudeatzea ere garrantzitsua dela ikasi dut.”

Denbora badoa eta presa du! Ion eta Jakes gurekin behar ditugu! Horregatik, osasun testuingurua kontutan harturik eta honen trabak direnak izanik ere, mobilizatzen segitzen eta segituko dugu lehen hitzordu garrantzitsu batekin heldu den ekainaren 26an. Egun horretan, Baionatik Donibane Lohitzunera ibiliko gira, 31 kilometro eginez pasatutako preso urteentzat, gure aldarrikapenak oihukatzeko eta lurralde honen borondatea adierazteko. Hemen, beste tokietan bezala, Errepublikako presidente Jauna, bakearen bidea ezingo baita euskal jendartearen peskizak kudeatu gabe egin.

Denbora badoa eta presa dugu! Orain presoak! Ion eta Jakes gurekin!

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak