Aberri Eguna 2020: Autodeterminatzea da klase eta herri gisa askapenaren alde borrokatzea eta antolatzea

PrintFriendly and PDF

ELA-AberriEgunaELAren Nazio Batzordeak 2020ko Aberri Egunaren adierazpena onartu du. Autodeterminatzea da klase eta herri gisa askapenaren alde borrokatzea eta antolatzea. Egungo osasun eta gizarte krisian esanahi berria hartzen du zera kolektiboak, botere eta erakunde publiko zein herritarrak eraikitzeak. Horregatik, Aberri Eguna ospatzerakoan berresten dugu, gure nazioaren existentziarekin batera, haren eraikuntzan sindikatu garen aldetik dagokigun eginkizuna ere. Horrela ospatzen dugu harro gaudela langile izateaz, antolakunde kolektiboaz eta lan munduan nahiz gure gizartean boterea eraikitzeaz.

Hasteko, ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die salbuespenezko egoera hau bereziki pairatzen ari diren kolektiboei: beren lanpostu eta jardueran jarraitu behar duten langileak; konfinamendu bikoitza jasaten duten presoak eta hauen senideak, bisita egiteko eskubideaz gabetuak; edota bereziki kalteberak diren kolektiboak, esaterako gure nagusiak, etxerik ez dutenak edota tratu txarren mehatxupean bizitzera derrigortutako adin txikiko eta emakumeak. Ezin ahaztu, inola ere, Zaldibarren desagertutako bi langileen familiak ere.

Osasun krisi egoera honetan berriro egiaztatu dugu lanaren zentraltasuna, bere zentzurik zabalenean: osasuna babesteko enpresak geldiarazten dituzten langileak, zeintzuk sindikatuan antolatuta dauden; ahulenen alde nagusiei ohartarazi eta haiei aurre egiten dieten lankideak; bizitzaren zaintzarako ezinbesteko sektoreetako langileak (sektorerik prekarioenak, kasu askotan); arlo publikoko langileak, zeintzuk aurre egin behar dioten osasun eta gizarte emergentziari, edota herritar solidarioak, beren gain hartzen dutenak zaintza egiteko konpromiso kolektibo eta komunitarioa. Halako une larria iritsita, inoiz baino argiago ikusten ari gara gure jendartearen oinarriak kolektiboa, publikoa, lana eta zaintza direla.

Halaber, larrialdi honek agerian utzi du kapitalismoa dela bizitza eta instantzia kolektiboak suntsitzeko programa bat. Ahulago gaude, urte askotan murrizketak, pribatizazioak eta langile klasearen prekarizazioa ezarri baitizkigute. Gainera, milaka langile derrigortzen ari dira lantokian osasuna eta bizitza jokoan jartzera, behar besteko babesik gabe eta asteotan beharrezkoak ez diren eginkizunak betetzeko.

Kezkatuta gaude erakundeen noraeza ikusita; horra Europan gertatzen dena: Egunotan, hedabideetan ia aipatu ere egin gabe, dagoeneko gutxienez 3 bilioi euro agindu zaizkie banku pribatuei. Aitzitik, ukatu egiten da koronabirusak larrien kolpatutako herrialdeentzako salbamendu sozialerako benetako plan bat. Europar Batasunaren irudia gero eta hondatuago dago Greziako errefuxiatuen krisi humanitarioaren aurrean hartu duen jarrera kriminala medio edota migrazio politikaren ondorioz; hau pandemiak estali badu ere, Mediterraneoan milaka hildako ari da eragiten.

Espainiar estatuak, berriz, alarma egoera abiatzearekin batera askatasunak eta autonomia erkidegoen autogobernua moztu zituen. Iritzi publikoan ideia bat finkatu nahi izan dute: benetako larrialdia dagoenean instantzia autonomikoak ezdeusak, apetazkoak, are, kaltegarriak direla: Soilik estatu uniforme eta uniformatzaileak bermatuko balu bezala krisiaren kudeaketa egoki eta koherentea. Gainera, abagunea baliatzen dute indar polizial eta militarren jarduna normalizatzeko; gauza da kalean ikusaraztea, promozio hutsa beste asmorik gabe. Gobernuaren agenda politikoa jokoan zegoen duela bi hilabete auzi nazional katalanari nola heltzeko modua zela eta, baina orain egoera profitatu du estatuko ezker zein eskuinak duten ikusmolde zentralista areagotzeko. Espainiar trantsizio “eredugarria” eta Moncloako itunak berrikusten ari dira, krisiaren kudeaketari tankera jakin bat emateko: klase xeheei leporatu nahi zaie, protesta politiko eta soziala isilaraziz erakunde guztien erantzun bateratuarekin. Egungo indar erlazioan, areago Europa mailan eztabaidan dagoenean krisiari nola aurre egin, proposatzen ari diren moduko estatu itun batek nekez erantzungo dio egoera ahulenean dauden pertsonen beharrari. Inondik ere ituna baliagarri litzateke estatuko eta autonomietako gobernuen erantzukizuna lausotzeko eta politika publikoei dagokienez erreferentziarik homogeneizatzaileenak sendotzeko.

Gurean, berriz, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, batez ere lehenak, Estatuari aurre egiten badiote batez ere auzi batean da, hain zuzen patronalaren agendaren defentsan. Espainiar gobernuarekin konfrontazioa bilatu eta autogobernua aldarrikatzen dute dekretuek traba egiten dietenean enpresei (edo hauetako batzuei). Halaber, esaten da larrialdi egoeran ez dela konfrontaziorik eragin behar, baina saiatzen dira krisiaren kudeaketa beti ere agindu neoliberalen arabera egiten. Bestalde, naturaltasunez hartzen da salbuespen egoera, eskuduntzen higadura edo mozketa, edota okupazio indarrak gure herrian agertzea.

Azken asteetan Eusko Jaurlaritzak eman duen ikuskizuna -telebista publikoaren tratamendu informatibo partzial eta desorekatuak hauspotua- lotsagarria izan da. Lerrokatu da, inolako kontrapisurik gabe, euskal patronalarekin eta estatuko dekretua desitxuratu du jarduerari eusteko oinarrizkoak ez diren sektoreetan. Nahigabez ikusi dugu enpresa asko baino arduragabekeria handiagoz jokatzen ari dela. Aldi berean nolabaiteko politikaren monopolio instituzionala ezarri nahi du: bere gobernantza ereduan ez dago lekurik gobernuarekin kritikoa den jendarte antolatuaren zilegitasun eta helburuentzat (hots, gure sindikatuaren posizioentzat).

Finean, ELAren iritziz eremu instituzional guztietan -Euskal Herrikoa, espainiarra zein europarra- gertatzen ari denak funtsezko zerbaitetaz ohartarazten gaitu: gure herrian gehiengoaren eta komuna denaren defentsarako instantzia kolektiboak eratu eta indartu behar ditugula, horiek emango baitigute aukera pertsonen bizitza eta ongizatea ardatz nagusi bihurtzeko. Sindikatu garen aldetik gero eta premia handiagoz deritzogu gure helburuak, klase eta nazio gisa, jokoan daudela -zera publikoa eta bertoko lan harreman eta gizarte-babeseko markoa sendotzeaz gainera- hainbat arlotako mailakako eraikuntza eta askapenean: herri-erakunde autonomo eta alternatiboak behar ditugu, elkarri laguntzeko praktikak, alternatibak ekonomia sozialari eta prentsa askeari dagokienez… Borroka eta erakundez osatutako unibertso bat, zeinaren helmuga eraldatze sozial, kultural, ekologiko eta feminista den. Beste ikuspegirik ez badugu aukeratzen, merkatuek bizitza kolonizatu izanak, batetik, eta auzi nazionala eskuduntzetara eta arlo instituzionalera mugatu izanak, bestetik, ihesbiderik gabeko ataka batean kokatzen gaitu.

Bide batez, ezin ahaztu osasun krisi hau krisi ekologikoarekin lotuta dagoela; zehazki, inguru naturalen suntsipenarekin eta honek animaliengan dituen eraginekin. Gainera, globalizazio neoliberalaren ereduak gure mugikortasuna absurduraino eraman du eta, bestetik, herrialde gutxi batzuren esku utzi du azkenean ezinbesteko gertatzen diren produktu batzuren produkzioa (esaterako, maskarak). Horrek ikusarazi digu gure gizarteak sistema kapitalistaren menpean zein hauskorrak diren. Horrenbestez, aintzat hartu behar ditugu egunotan izan diren ekinbide ez instituzionalak, esaterako Iparraldean: batzuk neurri eta ekintzak proposatu dituzte trantsizio ekologikoa garatzeko, eta beste batzuk, berriz, nekazaritzaren arloan ekoizle eta kontsumitzaileak harremanetan jarri dituzte konfinamenduagatik azokak itxi ondoren. Krisiak agerian uzten du, beraz, produkzioa atzera ere tokikoa izatearen eta elikadura burujabetzaren garrantzia.

Lehenago bezala, orain ere soberania politiko betea da gure helburua. Izan ere, neoliberalismoa, desberdintasunaren eta kolektiboaren suntsipenaren ideologia den aldetik, herrien burujabetzaren kontrakoa da; horregatik, ezin du gure proiektu nazionalarentzako bide, ez helmuga izan. Haatik, oraingoz indar-erlazioa ez dago gure alde eremu instituzionaletik bestelako politika publikoak eta beste proiektu nazional bat bultza daitezen.

Ezkerreko direla aitortzen duten indarrekin diagnostiko eta helmuga hori partekatu nahiko genuke. Eta praxian ere bat etorri nahiko genuke. Badakigu, salbuespenezko egoera medio, uneok ez direla errazenak diskurtso kritikoa garatzeko. Baina desfase bat dago zer nolako polarizazio politiko, demokratiko, laboral eta soziala bultzatzen dugun sindikatu abertzaleok eta mobilizatzen diren beste indar batzuk (Karta Soziala, mugimendu feminista, pentsiodunak), alde batetik, eta ezkerreko indar politikoek, bestetik. Egia da diskurtso politikoa aurrerakoia dela, baina aldarrikatzen da erakundeen eta jendarte antolatuaren arteko kontzertazio eta lankidetza, jakinagatik ere gaur erakunde autonomiko eta foraletan agintzen dutenek gutxietsi egiten dituztela hain zuzen erakunde eta egitura sozial horiek.

ELAren iritziz, une honetan gizarteak osasun arduradun eta agintari politikoen erabakiei men egiteak -oinarrizko askatasun batzuri uko egiteraino- ez du esan nahi gatazkarik ez dagoenik, ez eta dauden gatazketan etena egiten denik ere. Kontrara, hain justu salbuespen egoeran, inoiz baino zorrotzago behatu behar ditugu printzipio demokratikoen urraketak eta gehiengoaren ongizatearen kalterako erabakiak. Oraintxe ohartu behar gara, hain zuzen, zein den sistema ekonomiko kapitalistaren eta demokrazia liberalaren erdi-erdian datzan interes gatazkaz.

Autodeterminatzea ez da soilik estatu bati planto egitea. Autodeterminatzea da, hori egin ahal izateko, lehenik ohartzea herri eta gizarte hau gatazkaz josita dagoela arlo guztietan: kultura, hizkuntza, lana, gizartea, politika, generoa… Eta osasun krisiak ezin ditu gatazka horiek halako batean desagerrarazi. Aitzitik, datozen hiletan gatazkak areagotu egingo dira: Gure herriaren eremu guztietako morrontza eta menpekotasuna ongizate orokorrari uko egiten dion Europarekiko, baita estatu autoritario eta uniformatzaile batekiko ere, bitartean Gasteizko zein Iruñeko gobernuak erneago daudelarik statu quoari eta beren sare klientelarrei eusten askapen sozial eta nazionalari baino.

Litekeena da datozen asteetan mailaka konfinamendu egoera malguagotzea; enpresak beren jarduerari helduko diote eta osasun kolapsoaren amaia ikusiko dugu, edo ikusi nahiko genuke… Baina era berean aldi baterako erregulazio espedienteak behin betiko bihur daitezke, lanpostuak suntsituz; langabeziako zerrendak luzatu egingo dira, eta krisi honen kudeaketak eragingo dituen ondorio sozial guztiak ikusiko ditugu, kapitalaren mesedetan eta gehiengoaren aurka ari baitira kudeatzen. Horregatik sindikatuak erabateko lehentasuna emango dio erantzun sindikala prestatzeari eta mobilizazio plurala zein politika publiko erabat desberdinak galdegiteko lanari, gehiengoaren ongizaterako, pobrezia eta prekarizazioari amaiera emateko.

2008 eta ondorengo urteetako krisian ikasitakoa praktikan gauzatu behar dugu; orduan klase herrikoiei leporatu zitzaizkien finantza orgiak eragindako ondorioak. Hau ez da berriz gertatu behar. Autodeterminatzea da krisi honi irtenbide ezberdina emateko borrokan engaiatzea, gure iparra elkartasuna dela, eremu guztietan: lan mundua, gizartea, zaintza, kultura, demokrazia eta klima. Hau da gure ustez une honetan dagokigun erantzukizun nazional saihestezina. Hau da gure konpromisoa.

Un trackback

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video