Berriki, “PLH” (Programme Local de l’Habitat) delakoak sortu duen eztabaida elkargoaren ibilmoldearen adierazlea dugu. Izan ere, noiz ikusi dugu Iparraldeko instituzioetan planifikazio dokumentu baten erabakiak halako eztabaida pizten jendartean? Dakidala, 10 herri elkargo genituelarik, egon diren gisa hortako erabakiek ez zuten halako girorik sortzen jendartean…
Adibidez, lehengo ACBAn (Bidarte, Miarritze, Angelu, Baiona, Bokale herri elkargo ohia) erabaki biziki inportanteak hartuak izan dira garaian, nihundiko zalapartarik eragin gabe.
Egia da etxebizitzaren eremuan egoera larri bizi dugula, baina elementu berria da Ipar Euskal Herriaren instituzioak Iparralde mailako politikak behartzen dituela, eta ondorioz, Iparralde mailako eztabaida giro bat sortzeko baldintzak eskaintzen dituela.
Herri Elkargoa oraindik ez da egonkortua, eta hain segur, bere ibilmoldeak oinarri sendoa finkatzeko urte batzuk beharko dira. Hala ta guziz ere, abertzaleek Herri Elkargoaren gainditzearen beharra eta perspektiba berriz aktibatu behar dugula iduritzen zait.
Lehenik eta behin, erran behar da Herri Elkargoaren alde kokatu garelarik, kuadro horrek zituen mugak argiak genituela. Dituen zailtasun batzuk perspektiba honetatik kokatu beharko genituzke.
Bigarrenik, historikoki aldarrikapen instituzionala mugimendu abertzalearen dinamikaren aldagai zentrala izan da. Herri Elkargoaren kudeaketaren ikuspegi hutsean gelditzen bagara, ez ote gara kuadro hortan “instalatuko”?
Iparraldean hain indartsua izan den aitortza instituzionalaren aldeko prozesuaren motorra ez badugu berriz pizten, ez ote zaigu urte luzeetarako itzalirik geldituko?
Alsazian lortua hemengotzat eredu
Ororen buru, Herri Elkargoarekin lortu dugun instituzionalizatze urrats horrek ez ote gaitu normalizazio fase luze batean kateatuko? Ez gara hortan. Bai, baina eremu instituzionala hunkitzen duen aktualitate batek izan duen oihartzun eskasa dugun giroaren adierazgarri da nere ustez.
Izan ere, 2021ko urtarrilean Alsaziako Europear Lurralde Kolektibitatea sortu da. Kolektibitate honen sorrerarekin Frantses Estatuak Alsaziari “berezitasun” bikoitza aitortu dio: alsaziar hizkuntzari eta mugaz gaindiko harremanei begirakoa. Hortara, departamenduen zereginak barnebiltzen dituen Lurralde Kolektibitate honek hizkuntza politika eta mugaz gaindiko harremanei dagozkien eskumen bereziak ditu.
Bestalde, garapen kontseilu bat sor dezake. Hizkuntza, mugaz-gaindiko harremanak, garapen kontseilua. Gure egoerarekin dauden antzekotasunek ez dute holako eztabaida, gogoeta edo erreakziorik eragin Iparraldean.
Kortzikako ere
Motz-motzean, kantonamenduko bozen testuinguruak eztabaida instituzionala berriz mahaigaineratzeko parada eskaintzen digu; bereziki, Departamenduen gaitasun esparru zentrala osatzen duten politika sozialei begira. Maila hortan, adibide interesgarriak baditugu, horien artean Kortsikakoa. 2018an, Kortsika Lurralde Kolektibitate bakarra bilakatu da, hango bi Departamenduak bere baitan “urtuz”.
Eskumen sozialen multzo handiena instituzio bakar baten eskuetan izateak politika berritzaileagoak ahalbidetzen ditu. Honen lekuko, 2020ko apirilean Kortsikako Biltzarrak errenta unibertsalaren inguruko esperimentazio bat eramatea deliberatu du, nahiz eta Parisek horren gauzatzeko baimenik ez dion ematen.
Epe ertainari begira, mugimendu abertzalean aldarrikapen instituzionala nola berpizten dugun zehazteko gogoeta sakon bat eramateko beharra dugu. Gogoeta honen abiapunduan, estatus bereziko Lurralde Kolektibitatearen eskakizunarekin bi ezaugarri dituen oinarri bat badugu : alde batetik, Herri Elkargoaren ez nahikotasuna jendartean agerian uzten duen erreferentzia da, bestetik, beste etapa instituzional batek eduki ditzaken ezaugarriak esplizitatzen ditu, sektore zabalei begira pedagogia ariketa bat ahalbidetuz.