Iragan iraileko Enbatan frantsesez aipatu dut Frantziako Estatu-burgesiaren aurka erresistentzian sartzea, Iparraldeko lurralde ofizial baterako bidean horrenganik hirugarren aldiko ezetza jasan ondoren. Haatik haserre gorrian sartzea ez da nahikoa, ikusi behar da zer egin. Euskal erresistentziaz hona bi ohar orokor, urrunago joatera saiatuz.
Lehena : erresistentzia jadanik hasia dugu, duela mende erdi bat horretan sartu ginen, ezen abertzale bilakatzeak erran nahi du nazioz aldatzea, eta beraz gure naziotasuna ukatzen duen Estatu-nazioaren aurka jaikitzea.
Bigarren oharra : bulta honetan hasia den erresistentzia hori nola zabaldu, sakondu, hedatu, gogortu, boztizkerian erori gabe ?
Orain arteko borroka zer izan den aipatu dugu Aberri Egun bezperan Itsasuko ekitaldian, gero Eusko Ikaskuntzak Enbataren sorreraz eta historiaz Baionan antolatu duen egunaldian. Erresistentzia horren emaitza baikorrenak zein izan dira? Abertzale mota guziek eta zabalkiago euskaltzaleek gure lanez erdietsi ditugunak: euskal edizio eta kazetak, ikastolak, gau eskolak, irrati libreak, pastoral eta orokorkiago antzerti berrituak, lantegi eta enplegu berriak, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, herrietako hautetsi andana polita ere…
Autogestio baten fruituak
Horiek oro, eta bestalde ahanzten ditudanak, autogestio baten fruituak ditugu. Arrasateko kooperatibismotik abiatuz, autogestioaren ideia landu genuen 1970 urte inguruan. Laster xede hori praktikan garatu genuen, aldian aldiko urratsak asmatuz, eta ondorio baikorrak hor daude, gehienik hizkuntzan eta kulturan, hein batean ekonomian eta bizipideetan, arras guti edo batere ez politikan.
Eta hona nire galdea, lehenbizi neroni zuzendua : autogestio hori nola sar politikaren alorrean, zehazkiago lurralde kolektibitate baterako bidean ? Praktikan oso zaila iduri zait, zergen biltzeko ahalmenik ezean. Teorian bederen, bi urrats ikus ditzaket euskal herritarren meneko : alde batetik Udalbitza, bestetik Shadow Biltzarra deitu nezakeen erakunde sasitarra.
Udalbiltza bere osotasunean
Udalbiltza bere osotasunean berpiztea ez ote litzateke onuragarri ? Nik uste baietz, eta ez naiz bakarra. Aipatzen da, eta egin bedi arren, Iparraldean ere gorpuztuz eta erro bat sendoa hemen kokatuz. Diru aldetik ere zerbait ahal zuen, eta berriz ahal luke, agian gehiago, ber denboran Nafarroa Garaia eta Hegoaldearekiko harremanak azkartuz, hitz horren bi zentzuetara.
Shadow Cabinet
Beste ideia, Bretainia Handiko “Shadow Cabinet” delakoaren espirituan, lurralde kolektibitate birtual baten kudeatzaile, ipartarren halako Biltzar baten antolatzea. Bere aitzinkontuak finka litzake, xedeak ager, ber denboran instituzio eta erakunde ofizialenak aztertuz, azalduz eta jorratuz iritzi publikoaren aurrean. Eragin hau bederen baluke, sikologikoa eta morala : agintariei buruz Damoklesen ezpatarena, Kainen begiarena ; publikoari begira pedagogia baten garapena.
Euskal botere politiko eta ekonomikoa indartu
Horiek guziak, obraz baino errexago dira naski elez. Baina hitzaren indarra baizik ez dugunek, mintzatzea bederen egin behar dugu, bide berri batzuen proposatzea, gure ustez behintzat erratekorik badugunean. Bestela zer balio luke hemen paper gastatzen aritzea ?
Badakigu, euskaldunen arazo nagusia hizkuntzarena dugu, horrek euskaldun egiten gaituenez. Haatik horren aldeko borrokak zer ikustekorik badu, eta ez guti, lurralde kolektibitate baten aldeko lanarekin, eta zabalkiago euskaldunen botereak indartzeko lehia guziekin. Euskal botere politiko eta ekonomikorik gabe, nekez ariko gara euskararen zaintzan eta sustapenean. Hara politikan ere autogestioaren garatzeko arrazoi nagusi bat, beste guziak ahantzi gabe.