
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Han hemenka, nazioarte ala Frantzia mailan, baina berrikiago Ipar Euskal Herrian bertan entzun eta irakurri diren diskurtsoak ikusirik, garai ilun batean murgilduak gaudela gero eta ideia hurbilagoa eta agerikoagoa zaigu. Garai ilunak non demagogia, populismoa nagusitzen diren, eskuin eta eskuin muturreko ideologia jakin bati men egin nahian. Ipar Euskal Herrian, azken asteotan, herriko hauteskundeen giroan izandako zenbait gertakarik testuinguru orokor horretan kokatzea mereziko lukete. Frantzia mailan, ezker muturra irain eta persona non grata sailean kokatzen saiatzen diren une honetan, ageri zaigu gure lurraldeko agintari eta politikari zenbaitek debekuen sailean kokatu nahiko lituzketela plaza publikoan ekimen herrikoi batean politikariak kritikatzea, botere publikoen ekintza eza eta gabeziak ekintzen bidez salatzea, edota Euskal Herritar gisa gure lurraldearen alde agertzea ere.
Alda “Errepublikaren arauen araberakoa” emanen den heinean errezibituko dituela jakinarazi du berriki Max Brisson Errepublikarrak alderdiko senatariak elkarteak eskatu hitzorduari muzin egiteko. Baionako Prokuradoreak otsail hasieran inkesta bat zabaldu zuen “autoritate publikoaren zaintzailea den pertsona bat iraintzeagatik”, Hazparneko ihauterietan frantziako eskuin muturreko buruzagiaren irudia zeraman Zan Pantzarra auziperatu ondotik erretzea ausartu baitziren. Eta, berrikiago, berriz ere Biarritzeko senatariak EHBairen aurka jotzen zuen alderdi abertzalea kriminalizatu nahian, ez zuelakoan errepublikaren baloreekin bat egiten. Eta “ezker muturreko” sailkapen iraingarrian sartu beharko zela esan zuen.
Gertakari horiek helburu elektoralista hutsari erantzuten dioten ala herri hauteskundeen ondotik iraupen bat izango duten, ondoko asteetan argitua izango dugu. Hauteskundeak bukatu ondoren erasoak luzatzen badira, pentsatu beharko da “gara, gera, gira, ge edo ga” IZAN aditz laguntzailearen aldaera guztiak baturik erantzun bat kolektiboki asmatzea.
Polemika eta erasoak bazterrera utzi eta proposamen eraikitzaileei begira jarri beharko gara datorren martxoaren 15eko herri hauteskundeen lehen itzulian.
Anartean, polemika horiek eztabaida lurraldeak bere geroari begira beharrezkoak dituen proposamen zehatzetatik desbideratzea helburua izan dezakete ere. Laborantza, etxebizitza, euskara, irakaskuntza edota egunerokoan hainbat arlotan elkarteek eta mugimenduek urte osoan zehar daramaten lana ikusirik, argi da anitzak direla lurralde honen beharrak. Eta, anitzak direla ere aurrera eraman beharreko ekintzak herritarren egunerokoa hobetzeko. Polemika eta erasoak bazterrera utzi eta proposamen eraikitzaileei begira jarri beharko gara datorren martxoaren 15eko herri hauteskundeen lehen itzulian. Berriki, Baionako hauteskundeetarako aurkezten den LFIko hautagaiak, hauteskundeen jokoan, lehen itzulian, herritarrek “hautatzen” dutela eta bigarren itzulian nahi ez zen hautagaia “kanporatzen” dela erran du.
Baina, kanporaketa/hautaketa joko horretan sartu baino, lurralde honentzat onuragarriak diren proposamen zehatzak eta eraikitzaileak egiten dituzten zerrenda eta hautagaien alde egitea da bide egokiena.
Baina, kanporaketa/hautaketa joko horretan sartu baino, lurralde honentzat onuragarriak diren proposamen zehatzak eta eraikitzaileak egiten dituzten zerrenda eta hautagaien alde egitea da bide egokiena.
