
eta aliantza transfeministak lemarekin Baionan (Ihurtzuri Ipar Euskal Herriko
gazte feministak taldearen argazkia)
Soziologian eta Zientzia Politikoetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzailea eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea da Ane Larrinaga Renteria. Enbata-ren galderei erantzunez, euskal gazteriaren errealitate anitza aztertzen duen ikerlariak, ondoko atalak zehazten dizkigu jarraian: gaztaroaren luzapena, prekaritate gero eta handiagoa, engaiamendu forma berriak, gaur egungo gazteek dituzten erronka sozial, politiko eta kulturalak…

Enbata: Nola definitzen da gaur egungo euskal gazteria kategoria sozial eta historiko gisa, adin-irizpide hutsaz haratago?
Ane Larrinaga Renteria: Ni ez nintzateke ausartuko gazteria hitza erabiltzen kolektibo bateratua bailitzan. Nahiago dut gazteez hitz egin. Izan ere, gazteriaren kontzeptua arbitrarioa eta historikoa da, hau da, aldatuz joan da denboran zehar baita gizarte ereduaren arabera ere. Adibidez, iraganeko garai askotan haurtzarotik helduarorako bidea laburra zen oso. Gaur egun, aldiz, mendebaldeko herrialdeetan, behinik behin, gaztaroa nabarmen luzatu da norbanakoaren bizi-tarte moduan. Bestalde, gizarte beraz ari garela ere, demagun Euskal Herria, gazteek ez dute multzo homogeneoa osatzen, desberdintasun sozialak tarteko: klase soziala, generoa, kultura maila, hizkuntza, bizigunea eta abar. Hala ere, gazteek partekatzen dituzte beren garaiko eta tokiko gizartearen eraginak. Ildo horretan, euskal gazteez hitz egingo nuke belaunaldi modura harturik, alegia, egiturazko prozesu jakin batzuen eraginpean dagoen multzo gisa. Horrek esan nahi du afera batzuen aurrean daudela den-denak, bai globalak −lan-merkatu kapitalistaren egungo ezaugarriak, indibidualizazio neoliberalaren ondorioak−, bai tokikoak −etxebizitzaren arazoa, hezkuntza-sistema jakin baten hutsuneak, euskal egoera politikotik sortutako kultura-, hizkuntza- eta politikagintzaren korapiloak−.
Zure ustez, zer ondorio politiko ditu gazteen populazioaren beherakada demografikoak, bai haien eragin politikoan bai erabakitzaileen agendan duten lekuan?
Euskal gizartearen zahartze prozesua abiadura bizian doa. Joera demografiko horrek izugarrizko ondorioak dauzka egun, eta gehiago edukiko ditu etorkizunean, hala esparru ekonomikoan nola politikoan. Gaindegiaren 2020ko datuen arabera, Euskal Herriko biztanleen % 9,35 baizik ez du osatzen gazteen taldeak.
Ikerketa batzuek erakusten dutenez, helduen eta, batez ere, adinekoen taldeen ondoan
pisu politikoa galtzen ari da gazteen kolektiboa hautesleria modura,
eta, hartara, politika publikoek bereziki adinekoen alde egiten dute gaur
adin-talde gazteenen kaltetan.
Ikerketa batzuek erakusten dutenez, helduen eta, batez ere, adinekoen taldeen ondoan pisu politikoa galtzen ari da gazteen kolektiboa hautesleria modura, eta, hartara, politika publikoek bereziki adinekoen alde egiten dute gaur adin-talde gazteenen kaltetan. Izan ere, alderdi politikoek eta gobernuek hautesleria gehien duten kolektibo sozialetara bideratzen dituzte beren politika publikoak. Gazte gehienek babes politiko gutxiko kolektibo zaurgarria osatzen dute, argi dago, eta gazte kolektibo asko ahuldu egin dira agenda politikoetan eragiteko unean.
Nola eraldatu dituzte aldaketa ekonomikoek eta enpleguaren prekarizazioak gazteen autonomia eta helduarora heltzeko baldintzak Euskal Herrian?
Gaur egungo gazteen helduarorako trantsizioa luzatu ez ezik korapilatu ere egin da. Alde batetik, arautu gabeko lan-merkatu kapitalistak soldatapeko lanaren prekarietatea eta malgutasuna ezarri ditu. Horrela, orokorrean, gazteen egoera ekonomikoa okertu egin da, nahiz eta ikusi egin beharko liratekeen generoaren, jatorri sozialaren, eta beste faktore batzuen ondorio zehatzak. Esaterako, neskek eta jatorri sozial apaleko gazteek lan-merkaturatzeko arazo handiagoak dituzte, eta kokapen ahulagoak soldatapeko lanaren baldintzei dagokienez. Haatik, oro har, bai, esan daiteke errealitate horrek zaildu egin duela gazteen autonomiarako bidea. Inoiz baino prestakuntza-maila handiagoko gazteak dauzkagu egun. Baina, gero gazte horiek ezin dute inolako bizi-proiekturik garatu. Frankotan, gurasoen etxetik alde egiteko zailtasunak dituzte. Euskal Herrian gazteei bideratutako politika publiko eraginkorren gabeziak, etxebizitzen prezioek eta turistifikatzearen ondorioek are gehiago murriztu dizkiete gazte askori emantzipatzeko aukerak, hitz batean, herritar oso izateko aukerak, herritartasunak gutxieneko baldintza materialak dituelako ezinbesteko.

Zer eragin dute familia, eskola edo alderdi politikoak bezalako erakunde tradizionalen ahultzeak baloreen transmisioan eta belaunaldi gazteen sozializazio politikoan?
Familia, eskola eta alderdi politikoak beren ohiko funtzioak galtzen ari dira, hau da, ahuldu egin da lehenago zuten ahalmen arauemailea eta sozializatzailea. Gaurko gizarteetan gero eta aniztasun kultural handiagoak daude eta, ondorioz, arau sozial eta balio gehiago lehia sinbolikoan. Hala ere, batetik, Euskal Herriaren izatea bera gatazka-iturri denez, inguruko herrialde askok baino politizatze-maila handiagoa bizi izan du orain arte. Bestetik, gurean izugarrizko garrantzia hartu dute sozializazio eragileek, transmititzen duten mundu-ikusmoldea definizio ofizial legitimoetatik desbideratzen delako sarritan. Gainera, modu konparatiboan, Euskal Herria, Europako hegoaldeko beste gizarte eredu batzuen antzera, oso “familiarista” da oraingoz, eta ez hori soilik, aski komunitarioa ere bai, hein batean. Ikusteke dago, noski, datozen belaunaldiek egitura sozial familiarista eta komunitario horiek birsortzen dituzten egoera sozio-politiko berrietan.
Zergatik gero eta lausoagoa bilakatu da sozializazio politikoaren eta sozializazio orokorraren arteko muga euskal gazteriaren kasuan?
Muga horiek lausoak dira sozializazio politikoa ez delako doktrinatze prozesua. Esan nahi baita sozializazio politikoa ez dela, beti eta ezinbestean, molde guztiz esplizituan eta kontzientean gauzatzen, modu ez-formalean baizik. Izatez, politikotasuna sozializazio orokorrean ainguraturik agertzen den zeharkako ildoa da. Haurrak edo nerabeak osagai kognitiboak, mundu-ikusmoldeak eta baloreak barneratzen ditu, batik bat. Hasieran gorpuztutako osagai horien gainean, gazteak gero eta autonomia gehiago irabazten du eta izaki gero eta aktiboago bilakatzen da bere sozializazioan, inguru sozialarekin interakzioan eta berdinekin harremanetan. Ildo horretan, Euskal Herrian sozializazio gune alternatiboak mantentzea, gazteek sare komunitarioak eskura izatea eta, oro har, haiei era guztietako espazio ez-formaletarako sarbidea erraztea eta birsortzea −aisialdian, musikan, komunitate jardueran− garrantzitsua izan daiteke gazte engaiatuak sor daitezen.
Euskal Herrian sozializazio gune alternatiboak mantentzea,
gazteek sare komunitarioak eskura izatea
eta, oro har, haiei era guztietako espazio ez-formaletarako sarbidea erraztea eta birsortzea
−aisialdian, musikan, komunitate jardueran− garrantzitsua izan daiteke
gazte engaiatuak sor daitezen.
Nondik dator gazte batzuek “ez politizatutzat” jotzea beren burua, kolektiboaren inguruko kezkak sendo adierazten dituzten arren?
Gure ikerketetan ikusi dugu beren burua “ez politizatutzat” hartzen duten gazte asko eurei zuzenean eragiten dizkieten auzi politikoak identifikatzeko gai direla, maiz politikari buruzko informazioa jasotzen dutela eta gizartean gertatzen denarekin inplikaturik sentitzen direla. Are gehiago, horietako batzuek parte hartzen dute era desberdinetako jarduera komunitarioetan, boluntariotza ekimenetan eta sarrera-irteera errazeko ekintza politiko ez-formal zehatzetan. Ustezko kontraesan honen gibelaldean gazte gehienek politikari ematen dioten definizio arrunta eta murriztailea dago. Izan ere, politika esparru politiko konbentzionalarekin eta elite politikoekin identifikatzen dute, hots, arbuiatzen duten mundu batekin.
Zure ustez, zer ezberdintasun bada parte-hartze politikoaren forma klasikoen eta gazteen engaiamendu forma berrien artean?
Gaur egungo gazte gehienek ez dute konfiantza handirik ohiko esparru politiko instituzionalen eraginkortasunean ezta ohiko alderdi politikoek parte hartzeko eskaintzen duten bitartekaritzan ere. Egoera horrek eragin du gazte askok ohiko politikari eta elite politikoei buruzko atxikimendu eza izatea; konparazione, ez dute hauteskundeetan parte hartzen eta ez dira alderdietan afiliatzen. Alta, jaso duten sozializazioaren ondorioz, gazte-gutxiengo batzuek baliabide sozial, kultural eta politikoak dituzte gizartean gune alternatibo politizatuak eraikitzeko, non beren autonomia, erabakigarritasuna eta subiranotasuna landu ahal duten. Laborategi sozial diren une horietan gai-agenda politiko berriak asmatzen ahalegintzen dira, gazte-sareak sortzen, parte-hartze komunitarioak esperimentatzen −naziogintzan, herrigintzan, feminismoan, euskalgintzan, ekonomia eraldatzailean…− eta bizi-modu bidezkoagoak bizitzen. Azken finean, herritartasun emergenteak lantzen eta esparru politikoa zabaltzen saiatzen dira, herritartasuna eta esparru politikoa errealitate historikoak direlako eta, beraz, aldakorrak. Baina, aldi berean, eragin handia izaten ari da gaur egungo kultura indibidualizatu nagusia. Ildo horretan, ikusten da politika indibidualizatuaren aldeko joerek ere badutela eragina beste gazte askoren artean. Bistan da azken horiek ez dutela izan familia- edo eskola-eraginaren iragazki sozializatzailea korronte hegemonikoen aurrean.
Borroka armatuaren bukaerak eta testuinguru globalaren bilakaerak “birsozializazio” forma berriak errextu ote dituzte euskal gazteriaren baitan?
Baietz uste dut. Sozializazioa norbanakoen eta testuinguru aldakorraren arteko transakzioetan oinarritzen da, prozesu dinamikoa da. Euskal Herriko nahiz esparru globaleko testuinguruak aldatu egin dira eta belaunaldi gazteak agertoki berrietara egokitzen ari dira. Trantsizio-politiko une batean gaude.
Gazte politizatuek parte-hartze hibridoak garatzen dituzte beren praktika politikoetan:
aldi berean praktika indibidualizatuak dira baita kolektiboak ere,
protestakoak baita eraikitzaileak ere;
herri edo nazio auziak eta, era berean, auzi globalak lotzen dituzte.
Gazte politizatuek parte-hartze hibridoak garatzen dituzte beren praktika politikoetan: aldi berean praktika indibidualizatuak dira baita kolektiboak ere, protestakoak baita eraikitzaileak ere; gune publikoen eta eguneroko bizitzako esparruen erabilera uztartzen dute, herri edo nazio auziak eta, era berean, auzi globalak lotzen dituzte. Estatu-herritartasuna krisian dago baina herritartasuna era askotara konpreni daiteke, adibidez, tokiko nahiz esparru globaleko auzi soziopolitikoei buruzko engaiamendu gisa. Ildo horretan, gazteen artean beti egon ohi dira indar berriak azaleratzen, herritartasun moldeak eraldatzeko asmoz.