Samatsa Klixka


« Hors sol »

Klixkaldiaren helburuetariko bat da euskararen aberastasuna edo bederen erabilpena sustatzea; egia da euskarazko prentsa ez baldin bada ere irakurria, garrantzitsua da azken mohikano batzuek segi dezaten idazten noski. Nere klixkaldiaren titulua atzemateko alta, frantses termino bati pentsatu dut.

Duela egun batzu Lurdesen gertatu naiz gure diosesako apezpikuaren prediku bat entzuteko. Urte guziz bezala, HBB (sigloa frantsesez) edo euskal-biarnes hospitalitatearen beila zen eta asteburu bikain bat pasatzen ahal zen euskal giro bikain batetaz goxatuz, partikulazki Lurdeseko karriketan eta ostatuetan ere... «Gure» apezpikuak usaiako prediku katastrofista eta apokaliptikoa garatu du ikuspundu ilun bat botatuz gure gizarteari begira. (...)


Zezena, gure kultura…

Bai bixtan dena, gure kostaldean ikusten ahal den publizitatea ez da euskaraz idatzia, gainean den titulua frantsesetik hartua den itzulpen bat baizik ez da. Beraz, bai… ausartu dira… erraitea zezena «gure» kultura dela.

Publizitate hau asumitzen dutener, ez diet gauza handirik argumentatuko. Heien kulturaren oinarria abere beltz bat baldin bada, ados edo paso… eta errespetu handi bat aitortzen dut zezen guzientzat. Aldiz, zezen plaza batean sartu ez direner luzatu nahi diet nere klixka aldia. (...)


Euskal Herria Bai? Borroka politikoa ez?

Duela urteak, gogoan ditut militante politiko batzu, heien eginkizuna izigarri serioski hartzen zutenak, eta politika hutsa ez ziren beste borroka ardatzak nunbait ez zituztenak serios bezala hartzen kasik. Deitzen zituzten ere borroka sektorialak, diferentzia argiki egiteko, edo azpimarratzeko bazela borroka nagusi bat (politikoa) eta besteak, inportantzi guttiago zutenak.

Borroka armatuaren uztearen ondotik eta testuinguru berri huntan izpirituetan dudak edo desilusioak piztu direnetik, iduri luke kasik borroka politikoa bilakatzen dela sektoriala. (...)


AHTri bai!

Ez irakurle maitea, lasai egon, ez zazula segidan klixka horren irakurketa utzi, ez pentsa ere zure astekari maiteak bere iritzia kanbiatu duela 2018ko urtean. Joan den urteko bilan politikoa egin dudalarik, pentsamendu hau jin zait bururat euskal politika mailaren bereizgarriak zehazteko.

Bai, euskal nazio eraikuntza prosesuaren urritasunak eta ahuleziak kondutan hartzen direlarik, emeia ematen du AHTren abiadura idurikatzea edo asmatzea. Korsikan edo Katalunian pasatu diren gertakariak ikusten direlarik, iduri luke batzutan abertzaleak ikusle arrunt batzu bilakatu girela. Geltoki baten kaian idurikatzen dugula eta katalandar, korsikar edo eskoziar treinak gure aintzinean pasatu direla, abiadura pixkor batean, eta gu hor girela kasik desolatuak. (...)


Normaltasuna

Beraz, eskola batzuetan, armen erabilera ikasten da Euskal Herrian. Horrez gain, heldu diren asteetan zineman argitaratua izanen den filma batean, euskaldunekin lotuak diren estereotipo guziak ikusiko ditugu. Asumitu behar da ere nunbait euskaldunek edo abertzaleek maite ditugula noiztenka gure berezitasunak azpimarratzea. Badu orain mendeak Euskal Herritik pasatu diren beilari, gudari, filosofo, errege, kazetari, aditu eta beste, ari direla gure berezitasunak azpimarratzen edo argirat erakusten. Horrez gain, zonbat dira guri buruz erranak eta zabalduak izan diren ahoberokeriak, gezurrak eta laidoak ere.

Ez ote da etorri ordua aldarrikatzeko herri normala girela edo dugula, identitate elementu edo parametro berezi batzuekin noski, bainan munduko edozein herri bat bezala, eta ez gehiago edo guttiago. (...)


Ametzondo… edo amets txarra?

Ametzondo shopping-era egina dut nere itzulia. Egun guziz pasatzen bainintzen, susmo txarrak nituen jadanik. Baztimendu “asto pitoak” (nere auzoak kalifikatu duen bezala) noiztenka maite ditut, egia badirela ederrak. Ametzondo ez nuen sobera maite, bidetik bederen iduritzen zait alimaleko kubo bat pausatua izan dela, autopista batzuen bidegurutzearen ondoan, xarma gutti beraz. Entzuna nuen ezagutua den enpresa suediarrak indar pollit bat eginen zuela, euskararen mailan partikulazki.

Espero nuen Ametzondo shopping-aren idekitzearekin, sorpresa onak izanen zirela. Ez baita kritikatzen ezagutu gabe, ausartu naiz kuboaren barnean sartzea beraz. Eta hor, hatsa tapatu zait, ez beldur bat bainan bai hertsaldi bat.


Demokrazia eta matematikak

Azken egun hauetan, gure aldizkari maitearen artikulu batzuek aipatu dituzte ordezkatzeko ahalaren arazoak. Hegoaldean iragan diren hauteskundeetan, boz kopuru perreka batek ondorio pottolo bat ukan du EAJa eta PSOE arteko gehiengoa ez ahalegiteko.

Beste problematika bat da hiru probintzien arteko oreka onartzea ; bakoitzak 25 biltzarkide igortzen ditu Gazteizera eta jakinez arabar baten bozkak lau bizkaitarrena nunbait balio duela, hortan galderak pausatzen ahal dira. Horrez gain, HELEParen inguruan ere matematikek demokraziarekin talka egin dute.


Berotze klimatikoa eta lan baldintzak

Ikerketa batzuen arabera, berotze klimatikoak ondorio ezezkorrak ditu lan munduan: herri batzuetan, berotasun handiek lan orenak ezeztatzen dituzte, ixtripuak eta eritasun bereziak agertzen edo zabaltzen dira, produktibitatearen apaltzeak, migrazioak,...aspektu negatiboen zerrenda ari da luzatzen.

Beti bezala, pobreenak dira kinka txarrenean: partikulazki laborantxan edo lantegietan ari diren emazteak edo baztimenduan ari diren gizonak.


Frantzia, munduaren itsasargia ?

2015eko azaroaren atentatuen ondotik, iritzi andana bat entzun dira komunikabideetan. Urruntasun pixka batekin orain, harritzekoa da ikustea nola garatu diren Hexagonoan diskurtso gogorrak eta harroputzak.

Pentsatzen ahal zen panorama politikoan eskuinean ziren jendeen ildotik garatuko zirela bainan analisatzen badira, ikusten da Frantses Estadoak betidanik bere bihotzean duen jakobinismo hotz bat indartu dela, eta bere bozeramaile burrunbatsuenak panorama politikoan ezkerrean atzematen diren jende batzu direla.