Alde hemendik, Troika eta kuadrilla!
Hamahiru urte luze igaro dira dagoeneko 2000ko irailean Pragan mobilizazio handi batzuk izan zirenetik; orduan salatu zena, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Munduko Bankuak (MB) sistemaz agindu izan dituzten doikuntza politikak beti berak; bost axola die gaixoa zein den eta zer-nolako gaitzak hartuta dagoen.
Urteotan erakunde antidemokratikoek —aipatutako NDFk, MBk, G8ak nahiz Munduko Merkataritza Erakundeak (MME)— gero eta leku ezkutuagoak bilatu behar izan dituzte, gero eta polizia gehiagoren babesaz, biltzen jarraitzeko modua izate aldera.