Paretak mintzo

"Murru xuritua, herri isildua". Lau hitz banderola xuri baten gainean. Gibeletik, 600 pertsona Itsasuko karriketan barna, Txomin Olhagaray militante abertzalearen omenezko horma-irudiaren sustenguz. Zenbait egun lehenago, prefet berriak hautsak harrotu zituen berriki tindatutako mural horren ezabatzea aginduz (bidenabar, memoriaren transmisioa zangopilatuz eta egia itxuraldatuz). Pareta hau berriz xuria bilakatuko da. Hala erabaki du Estatuaren autoritatearen eta batasunaren berme den ordezkariak. Hala izan bedi.
Anitz balitzateke errateko prefetaren balentria berri horri buruz. Gaurkoan, eraso hori abiapuntu gisa hartu nahi nuke espazio publikoaren erabilerari buruz zenbait gogoeta partekatzeko. (...)

Ez naiz optimista!

Argia.eus-etik - Berriki, Axut kolektibo bikainak antolatzen zuen mahai inguru batean parte hartzeko aukera izan dut. Larrialdiaren diagnostikoa: eta orain zer? zuen izenburua. Bi orduko solasaldi irekia. Xumea. Goxoa. Lagunartekoa. Hortik ateratzean, bere artikulua fintzeko, kazetari batek galdera batzuk luzatu zizkigun banan-banan hizlarioi. Ximuni [Fuchs] lehena. Idurre [Eskisabel] ondotik. Amagoia [Gurrutxaga] segitzeko. Eta niri bukatzeko (ez zidan eskapatzeko denborarik utzi).
Grabagailua piztu, nire aurpegira hurbildu eta galdera luzatu: “Beraz, Eneko, zu optimista zara. Zein ideia ateratzen duzu gaurko mahai-ingurutik?”. Optimista ni? Azken hilabeteetako eztabaidetan, dikotomia batzuek akitzen naute. Optimista vs pesimista. Idealista vs errealista. Kartsua vs zinikoa. Fidakorra vs fidagaitza. Eraikitzailea vs suntsitzailea. Positiboa vs negatiboa. Eskerduna vs frustratua. Sortzailea vs konformista. Baikorra vs ezkorra. Bata ala bestea. Tokirik ez konplexutasunarentzat. (...)

Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbatak. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko.
Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin dezaketen guztiaren garrantzia eta azken hauen botere eraldatzailea azpimarratzen ditu Eneko Gorrik, neurri konkretuak proposatuz. (...)