Zertarako lotsatu?

Gaur egungo gizarteetan Elizaren autoritatea ahuldu bada ere, ez dira asko ahuldu emazteei gizonei baino gehiago zuzenduriko arau normatiboak.

Iaz ARGIA astekariko lagunek Iñigo Martinez Peñaren iritzi interesgarri bat [1] argitaratu zuten: “Zergatik lotsatu?” Iritzi hura lotsaren gaiari buruz nituen gogoeta batzuekin bat etortzen zela eta, ildo honetatik nire gogoetak biltzen saiatu naiz hemen.

Trenean bere telefonotik bideoak begiratzen ditu, entzungailurik gabe eta bolumena ozen. Iduriz inguruko bidaiariei interesatzen ez zaiela ez zaio bururatzen, gogaitzen dituela ezta ere. Inguruan hamar bat pertsona ditu baina hor ez baleude bezala ari da. Geltokira iritsi, trenetik jautsi eta etxerako bidean aitzinean ibilki denak espaloian bertan tu egiten du, gibelean dituenetaz axolarik izan gabe, hirian bera bakarrik balitz bezala ari da. Tuberkulosia zabaldua zen garaian hori debekatzen hasi zen eta hainbat hamarkadaz ez zen egiten, baina gaur egun iduriz moda aldatu da. Plaza zeharkatu, eta bertze batek zigarro-muturra bertan botatzen du, bertze hainbaten erdian. Oinez zanpatzen duen unean haren gogoetak bertze nonbait daude, bertatik itsasora barreiatzen utziko dituen gai kutsakorretatik urrun. Gaua da, eta hortik bizpahiru karrika urrunago, bide nagusian, bere motorra oihuarazten du bertze batek. Nekez lokartu eta izualdian atzarri direnei axolarik ez, eta zebra-bidetik espaloira korrika aterpetzera joan dena ikusi ote du?

Halako egoerak ugaritzen direla iduri du, gizarteak jendetasuna galtzen ari balitz bezala. Martinez Peñak lotsaren desagerpena aipaturik, hainbat autorek egiten duten diagnostikoa dela oroitarazten du, eta indibidualismoarekin lotzen du: “Bizi zaitez axolagabe, besteek zer esango duten beldur izan gabe, nahiz eta esango dutena arrazoizkoa izan daitekeen; ez isildu zure iritzirik, astakeria izan arren. […] Errege bakarra existitu behar da: Nia”. Indibidualismoa da arrazoi bat, eta horrekin batera doa kontsumo gizartea, denboraz dugun hautematea aldatzen duena ere. Zehazkiago, duela zenbait hilabete aipatzen nuenez[2], kontsumoa biziaren ardatz gisa ezarriz gero, historia ahantzi dugu, etengabeko orainaldian bagina bezala, iraganik gabe, eta beraz etorkizunik gabe, orainaren luzapen mugagabea izan ezik. Ez bada etorkizunik, zergatik beraz egiten dugunaren ondorioez axola izan? Nire ustez indibidualismoarekin batera doa etorkizunik gabeko ikuspegi hori, lotsa desagerraraztearen alde bultzatzen duena.

Lotsa tokiz kanpo

Frantzian % 2ko zerga proiektu batengatik ultra-aberatsak asaldatzen dira, “ekonomia suntsituko” omen duelakoan. Bitartean, estatu honetako milioika jendek laguntza behar dute egunero hiru apairu izateko, eta laguntza eskatzean haietarik askok lotsa dute. Batzuek, lotsarengatik, beren egoera ezkutatu eta gose egotea hautatzen dute.

2021ean, GAFAM enpresetarik baten zuzendariak, pandemia betean, krisi ekonomiko eta hondamendi ekologiko betean, espaziora bidaia bat oparitu zion bere buruari, telebistan zuzenean erakutsia. Aurten, miliardun berak bultzaturik bidaiatxo hori errepikatu dute bertze sei pertsonak, eta hori egin ta gero Lurraren hauskortasunari buruz beren hausnarketak ekarri zizkiguten GAFAM enpresetarik bertze baten sare sozialetan.

Horren lotsagarritasun – eta lotsagabekeria – maila izigarria da. Egoeraz oharturik lotsa sumatu beharko luketelarik, haien lotsagabekeriak gaitu asaldatzen. Aberastasun arrakalak eta batzuek eduki dituzten milioi kopuruak bezainbertze asaldatzen gaitu milioi horiek arranditsuki eta ondorioetaz axolarik eman gabe xahutzeak.

Aberastasun arrakalez harago, genero- edo arraza-indarkerian lotsa tokiz kanpo dagoela aspaldidanik salatzen dute biktimek, eta helburu dute gizarte mailan lotsa aldez aldaraztea, hots, gizarteak biktimak lotsarazi baino egileak lotsarazi – eta behar bezala zigortu – behar dituela. Hain zuzen, Frantzian iazko Pelicot auzian, biktima den Gisèlek zehazki horretarako auzia publikoa izan zedin erabaki zuen, lotsa aldez aldarazteko.

Aspaldiko zedarri zurrunak

Axular, idazle eta apezak, gure tradizioan aztarna handia izan du. Bere hizkuntza aberatsarengatik ezaguna den Gero izeneko bere maisulanean zehazki deskribatzen digu nolako joera izan behar dugun egunerokoan, hil ondoren gure arima salbu izan dadin. Hori bai etorkizuna kontuan hartzea da baina nola: prokrastinazioa eta alferkeria gaitzesten ditu, eta hortik abiadurik saihestu beharrekoen zerrenda izigarri luze eta gehiegizkoa ematen digu, bertzeak bertze “amurusia, emaztetako gogoa, orhoitzapena” gaitzesten baititu. Oroitzapenak ere gogora etortzen uzteko astirik gabeko bizia, zein itogarria. Halere, fama handiko elizgizon batek adieraziriko arau moral hain zurrunek garai eta testuinguru orokor bat adierazten dute. Testuinguru hartan akats xumeena eginik ere batek lotsa eta erruduntasuna sentituko lituzke, akats handiago batekin zer erranik ez. Gaur egundik ikusirik, ez gara ohartzen zenbaterainoko eragina izan zuen Elizak, erakunde gisa, gure gizartean (eta Europan orokorkiago), eta gogoetan noraino sartuak ziren “bekatu” kontzeptua eta infernuaren beldurra. Eragin horren desagertzea, Europan, bizimoduen modernizatzearekin batera igaro zen, eta hamarkada batzuk iraganik ere, horren alde onak eta ez hain onak bereizteko lana oraino egiteke dago. Hots, arau normatiboegiak bazter utzirik jendetasuna birzehaztu, bertzelako arau normatiborik sortu baino.

Lotsaren aitzinean ez gara (oraino) denak berdinak

Lehen paragrafoko deskribapenak irakurtzean, ziur aski gizonezkoak irudikatu dituzue, gehien-gehienetan gizonak baitira inguruan dutenaren kontzientzia ahula dutenak, edo kontzientzia izanik ere nahitara ingurua zipriztintzen dutenak, zarataz edo mota anitzeko kutsaduraz, botere aldarrikapen penagarri bat bezala. Zarata edo kutsadurarik gabe ere, laneko edo elkarteko bileretan oso ohikoa da gizon gehiagok ozen eta luzaz mintzatzea, haien hitzen garrantziaz oso ziur direlarik, eta aldiz emazteek gehiagotan isilago eta xumeagoak izatea [3]; tokia izanez gero – eta bertzelako hezkuntzatik autokonfiantza gehiago lortuz gero – ekarpen gehiago eginen lituzketelarik. Halako testuinguruan ez da harritzekoa autoestimu arazo gehiago dituztela neska gazteek mutikoek baino.

Gure iragan hurbilera begira, Itxaro Bordak oroitarazten zuen [4] “Tupindegiko Roxali” bezalako testu baten mezuak hirira lan bila joaten ziren neskei batez ere zuzendua zitzaiela, galdu behar ez zituzten xumetasuna eta lotsa ongi oroitarazteko. Mutikoei ez zitzaien antzekorik erraten, beren komunitaterako egoera lotsagarririk sortzeko arrisku gutiegi zutelakoan. Gaur egungo gizarteetan Elizaren autoritatea ahuldu bada ere, ez dira asko ahuldu – itxuraz aldatu baizik – emazteei gizonei baino gehiago zuzenduriko arau normatiboak. Bordak dioenez, “Roxalirentzat finkatu ereduak barneratu zituzten emazte belaunaldiek gaurko egunera arte”.

Erakunde zehatzik gabe ere, arau normatiboak zabal daitezke. Horretarako aski da giza talde bat, azpitaldetan banatua, eta azpitalde horien arteko botere harremanen zergatiaz talde mailan inoiz ez aipatzea.

Lotsa birtokiratu

Bada halere giza taldeen funtzionamendua errexten duen bertzelako lotsa mota bat, azpiratze sozialaren markatzailea ez dena, baizik eta – talde baten funtzionamenduan denek esku hartzeko ahalmena dutelarik – taldearenganako errespetuaren adierazpenak zehazten dituena, eta duintasunaren mugak markatzen dituena ere.  Horrelako lotsa ez da heldu erakunde batek agintzen duenetik edo azpitalde boteretsuak bertzeei inposaturiko arauetatik, baizik eta egunerokotasunean bertzeenganako egin beharretatik. Horren adibidea da iazko irailean aipatzen nuen auzolan zaharra [5]: antolakuntza horizontala, tokian tokiko eta behetik eraikia, denen beharrei erantzuteko.

Erran genezake lotsa zapalkuntza tresna dela inposaturiko arau normatiboen ondorioa baldin bada, aldiz lotsak balio duela behetik sorturiko egitura sozialen ondorioa baldin bada. Oinarri horiekin, lotsaren zentzua da egin daitekeen, egin behar den eta egin ezin denaren zentzua, taldearen parte sentitzen garen heinean. Hori da beharbada gaur egun eskas zaigun gako nagusi bat: hasieran aipatzen nituen jokaera lotsagabeak dituztenek, ez dira funtsean ohartzen ingurukoak bizi diren mundu berean bizi direla, edo ez dute aitortu nahi. Nihilistak lotsaraztea izan daiteke datorren hamarkadetako erronka potolo bat.

[1] Iñigo Martinez Peña, “Zergatik lotsatu”, Argia 2886, 2024ko iraila

[2] “Nostalgiarekin zer egin?” Enbata, 2024ko apirila.

[3] Elise Dilet, “Qui domine la parole?”, Enbata, 2025ko urtarrila

[4] Itxaro Borda, “Andere handi iduri”, Argia 2576, 2017ko azaroa

[5] “Etorkizunaren nostalgiaz gizarte harremanak birsortu”, Enbata, 2024ko iraila

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude