Nostalgiarekin zer egin?

Gutariko anitzek gaztaroko xoko eta giroekiko atxikimendua eta nostalgia ditugu. Sentimendu horiek nora bideratu, giltzaturik izan ez daitezen.

XXI. mendearen laurdenera heltzen ari gara, baina era berean ipar globalak historia hautemateari utzi dio, globalizazioaren ondorioz etengabeko balizko orainaldi hits bat nagusi delarik, askori nostalgia pizten dioguna. Nostalgia sentimendu indartsua izan daiteke, baldin eta gure bizi baldintzen jabetzaren alde bideratzen badugu.

Duela guti Pierre Charbonnier filosofoak zioen bezala, mende honen laurdenera iristen gara eta oraindik “XXI. mendea” aipatzea futurista iduritzen zaigu jende anitzi (mende honetan sortu diren gazteei izan ezik). Norbaitek erraten duelarik “hamaseian gertatu zen hori”, testuingurua entzun gabe ez gaude ziur ea 2016 ala 1916 aipatzen duen. 35-40 urtetik gorakoentzat, iduri du gure erreferentzia asko zintzilik gelditu direla denboran nonbait, 1990eko hamarkadan edo auskalo. Kolektiboki ez gara mundu mailan gertatzen diren aldaketa handiez jabetzeko gai, edo gai izanik ere, horrek ez gaitu animatzen. Izan daiteke mende hau ez delako joan den mendean irudikatzen genuena bezalakoa: teknika berriak denentzako eskuragarriak izanen zirela eta gure eguneroko zamez arduratuko, energia mugagabea eta garbia, eta halako.

Noiz heldu da etorkizuna?

Horren ordez, hondamendi edo krisi zerrenda luzea: 2001eko irailaren 11ko erasoa eta horren ondorengo zurruntze ideologikoa (“gaitzaren ardatza”, “gurekin ala gure aurka” etab.) eta Afghanistanen inbasioa, 2002ko apirilaren 21ean eskuin muturra Frantziako lehendakari hauteskundearen bigarren itzulian (oraindik normaltzat jotzen ez genuena), 2003an Iraken inbasioa Estatu Batuen esku, 2004ko martxoaren 11ko atentatuak eta haien inguruko gezurrak, 2005eko Europaren etorkizunari buruzko erreferendumaren emaitza bahitua, 2006an Txetxenian egindako sarraskiak aztertu zituen Anna Politkovskaiaren hilketa, 2007an hasi zen finantza krisia, 2008an krisi ekonomikoa bilakatu zena eta klimaren arazoa enegarren planoan utziko zuen 2009ko COP15aren porrota, 2010eko hamarkadan Fukushimako istripua, iraultza arabiarren zapalkuntza, Siriako gerla, errefuxiatuen krisia, zor publikoaren krisia, Estatu Batuetan trumpismoa eta Europan eskuin muturraren gorakada, gaur egun hainbat adituren arabera eskuin muturreko arrisku terrorista gainditu zaiolarik terrorismo islamistari. Gertakari guzi horiek itxaropena higatu dute eta haserrea edota mesfidantza zabaldu. Testuinguru horretan ez da harritzekoa 2020an hasi zen pandemiaren ondorioz denen gogoetan zaintzaren gaia ez dela automatikoki erdian ezarri. Baina era berean, makina guziak gelditu ziren udaberri hartan biharko mundua eraikitzeko asmoak adierazi ziren han hemenka, globalizazioa gainditzeko, halakorik berriz gerta ez zedin, naturarekiko errespetuan hobeki bizitzeko. Lau urtetan giro globala are gehiago ilundu da eta asmo horiek, arras gizatiarrak izan arren, ahantziak dirudite. Alta, sekulan baino beharrezkoagoak dira, baina nola zabaltzen ahal diegu bidea, jende gehiago berriz ukitu ditzaten?  Iazko artikulu batek zion bezala, “klimaren aldeko militanteak ezin dira haiek bakarrik gizateriaren salbatzaileak izan”.

Narratiba eskasean, nostalgia

Etorkizuna irudikatzeko gaitasunak zerikusi handia du garaian garaiko narratibekin ere, eta 1990eko hamarkadatik goiti zabaldu da kapitalismoaren garaipen globalaren narratiba, globalizazioaren oinarri ideologikoa dena. Merkataritza eta kontsumoa biziaren ardatz gisa ezarriz gero, historia ahantzarazi digute, etengabeko orainaldian bagina bezala, iraganik gabe, eta beraz etorkizunik gabe, orainaren luzapen mugagabea izan ezik, erosteko ahalmen nahikoa dutenentzat bederen. Gauza bera baina 56 kb-ko modemetik zuntz optikora, CDetatik streamingera, GSMtik 5Gra, oporrak Mediterraneotik Karibera edo Tailandiara, atmosferaren CO2 edukia 360 ppm-tik 420ra, baina lasai, horren ondorioak ez ditugu (oraindik) ipar globaleko kontsumitzaileok pairatzen eta, etorkizunik izan ezean, inoiz pairatuko ez bagenitu bezala ihardukitzen jarraitzen dugu.

Etorkizuna irudikatzeko gaitasunak zerikusi handia du garaian garaiko narratibekin ere, eta 1990eko hamarkadatik goiti zabaldu da kapitalsmoaren garaipen globalaren narratiba.

Horren aurka, edo orainaldi kontsumista hori jasan ezinean, jende gero eta gehiagok iragan gisako zerbait berreskuratu nahi dute, iragan sentimental bat, gibelera nolabait itzultzea, gauzak naturalagoak eta oraindik kontsumoan itoak ez zireneko garai batera, arratsak pantailari baino zerumugari begira pasatzen genueneko iragan gisako zerbait. Oldar hori guziz ulergarria da, aldiz iritzitan egituratzen hasten delarik ikuspegi nahiko ezberdinak eman ditzake, eta ikuspegi horien artean norbere bidea zintzoki aurkitzea ez da hain begibistakoa. Iraganean non ezarri marra? Gaurkotik zer ukatu behar dugu aski “naturala” ez delako? Irizpidea “natura” izan behar ote da, edo ekosistemekin dugun harremana?

Naturaren instrumentalizatzea

Hor dago koska: munduaren industrializazioaren albo-kalteak kritikatzeko mila arrazoi badira, baina horiek kritikatzean naturari erreferentzia egiten badiogu, kontuz ibili behar gara. “Natura” gugandik aparteko gauza finko eta ukiezina baldin bada, horrek bidea ireki diezaieke konfiskatze atzerakoiei, eta oharkabean, gure nostalgiaz baliatuz, industria aitzineko ordena sozial hierarkizatu eta finkoak onartaraz diezazkigute, “naturak” justifikaturik, lehen zena naturala zelakoan. Emazteei eskubide gutiago eta presentzia publiko txikiagoa utzi, haien eginkizun “naturala” etxean eta zaintzan zentratuko omen litzatekeelako. Homogeneotasun etnikoa “naturala” litzateke, justifikazio sasi-ekosistemikoetan oinarrituz. Pertsonen arteko hierarkia — jabetzan eta indarrean oinarriturikoa — ere “naturala” litzateke, hainbat animalia espezietan hala ikusten delako (edo zehazkiago hala interpretatu ohi delako). Hori justifikatzen hasiz gero, ondorengoa ez da urrun: aginte arbitrarioari obeditzea, erlijio-erakundeak, sexuaren araberako lan banaketa eta gizarte-rolak, berdin-berdin errepikatzeko tradizio finkoak, haien erranahia ez badugu gehiago ulertzen ere. Funtsean, horrek ez digu burujabetzarik ematen, gizarte arau guziak gugandik kanpo zehaztuak baitira. Gaurko alienazioei erremedioa ez dugu atzoko alienazioetan atzemanen.

Merkataritza eta kontsumoa biziaren ardatz gisa ezarriz gero, historia ahantzarazi digute, etengabeko orainaldian bagina bezala, iraganik gabe, eta beraz etorkizunik gabe.

Naturaren” ikuspegi horren adibide esanguratsua: pertsona transgeneroen existentziari uko eginen zaio, “naturaren kontrakoak” direlako, eta pertsona trans batek kirurgia erabili nahiez gero “mutilazio” hitza laster ateratzen da. Baina bertzaldetik, jaioberri intersexualei — sexu finkorik gabe jaio diren haurrei — ar edo eme kategorian sartzeko zinezko mutilazioak jasaten dituzte, naturak hain zuzen horrela egin dituela ukatuz. Beraz, jokoan dena ez da natura, baizik eta aitzinetik zehazturiko koadroetan kokatzea, koadro horiei bakoitza bere sortzearen arabera egokitu behar zaiolarik, eta “naturak” horri justifikazioa ematen diolarik. Gure nostalgiak lapurreta hori baino hobe merezi du.

Nostalgia aurrerakoiak

Baliabideen erabilera jasanezinari, itotzen gaituzten gehiegizko industrializazio eta teknifikatzeari egiten diegun kritika ez diegu beraz iraganeko “natura” fantasmatu baten izenean egiten, horrek menpekotasun bat bertze batez ordezkatuko luke. Horren izenean baino, gaurko alienazioei egiten diegun kritika ondoko gaitasunen arabera da:

– oraingo eta geroko, hemengo eta kanpoko bizitzen baldintzak bermatzeko dugun gaitasuna; horretarako, ekosistema konplexu eta sendoak mantendu behar dira eta haiekin lotura aberatsak atxiki , eta klima aldaketaren erronkaren kontzientzia bizia behar da.

– bizi garen gizartea eraldatzeko dugun gaitasuna; horretarako, aitzinetik giltzatuak baino libre eta sortzetik finkatuak ez diren harreman sozialak behar dira, eta bertan funtsezkoa da interdependentzia aitortzea.

Gaur egun, zientzien aurrerapena gehiago sumatzen da makinen hedapenean sistema konplexuen ulermenean baino. Horren ondorioz, gaitasun horiek ez dira aski hedatuak gure ipar globalean, aspaldidanik ikuspegi “konpartimentatua” zabaldu zaigulako bizitzaren arlo guzietan. Halere, gaitasun horiek historiaren garai zehatz batean osorik kokatu ezin baditugu ere, horien aztarna asko aurki ditzakegu han hemenka, ekoizpen modu kapitalistak (eta horrek indarturiko heteroarauak) ukitu ez duen egunerokotasuneko eremu batzuetan, duela guti arte zirauen – baita hainbat arlotan berpiztu den – auzolanean eta baliabide komunen kudeaketa iraunkorrean, zaintzaren kontzientzia pizten duten praktika guzietan, hurbileko (bio)aniztasuna balioesten duten ekimenetan, bertzeak bertze. Horretarako baliagarriak dira Henri Lefebvre pentsalariaren ekarpenak.

Ia desagertu diren baina bizirauten duten praktika eta joera baliotsu guzi horien nostalgia sakonduz, orainaldi estandarizatu hitsetik kanpoko perspektiba berogarriagoa eraikitzen dugu, iragan normatiboan giltzaturik egon gabe, eta etorkizuna menperatzen ez dugun teknifikazioaren esku utzi baino, etorkizun desiragarri batean gure buruak eroso irudikatu, horrela behar dugun etorkizunaz jabetu.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).