
Gobernuak, laborarien zinezko larrialdiei bizkarra emanez, FNSEAren interesak lehenesten ditu – ur erreserbak, hazkuntza industriala eta ingurumen neurri ahulduak – laborantza herrikoiaren eta osagarriaren kaltetan.
Joan den urte hondarreko laborarien mobilizazioen ondotik, Frantziako gobernuak urgentziazko lege bat hitzeman dio azken hamarkadan bere legea inposatzen duen betiko sindikatu berari. Beti erraten da ez dela beroan bero erabakirik hartu behar, baina gobernuak ez du printzipio hori ezagutzen. Edo hori sinestarazi nahi luke batzuen interesen alde jotzeko.
Zertan da urgentzia?
Hasteko, so egin dezagun 70 urtez nola ttipitu den laborarien kopurua. Bigarren mundu gerlaren biharamunean, 2,2 milioi laborari ziren Frantziako estatuan, 1970ean 1,6 milioi, 2000. urtean 660.000ra apaldu zen eta 2024ko azken kontaketan 420.000ra erori zen. Urgentzia nonbait baldin bada, ez ote da etxaldeen transmisioaren segurtatzean? Bestalde, laborarien irabaziei begiratzen badiegu, agertzen zaigu laborarien % 43a SMICaren azpiko irabaziekin bizi dela. Laborari bakoitzak hilabete sari duina ukaitea ez ote da urgentea?
“Urgentzia nonbait baldin bada, ez ote da etxaldeen transmisioaren segurtatzean?”
Etxalde ttipienek, baratzezainek, mahastizainek, erlezainek beste laborari gehienek baino dirulaguntza biziki gutiago eskuratzen dute urte guziez. PACaren laguntzak molde orekatuagoan banatzea ez ote da urgentea? Klima aldaketak eragiten dituen arazo erregularrentzat estatua ez da gehiago laguntzeko prest. Asegurantza pribatuak hartu behar dira galtzeen ordaintzeko. Uholde, harri erauntsi edo idorteek sortzen dituzten kalte handiei estatuaren laguntza ekartzea ez ote da beharrezkoa, urgentea?
Lege berriak zer alda lezake?
Laborari gehienek gorago aipatu larrialdia bizi badute ere, mobilizazioen ondorioz sortu testu honek beste “larriadiak” ezarri nahi ditu menuan. Lehenik ur erreserbak? Bakarrik laborarien % 6k ureztatzen badituzte beren landak, gutiengo horrek gobernuaren lehentasuna merezi duela iduri du. Zentzugabeko ur erreserben sortzea sekula baino errexago izanen da testua onartzen bada. Talde politiko batzuk ados badira neguko ura atxikitzeko erreserben sortzeko, onartezina gelditzen da lurpeko ur geruzetatik ura hartzea.
Mega erreserba horien lekuetan, uraren borroka sortzeko arriskua bada. Gobernua prest da altxor hori pertsona batzuen interes pribatuen esku uzteko, inguruko jendartearen beharrei erantzun aitzin.
Beste gai nagusietan, hazkuntza industrialaren eraikinak onartzeko desmartxen errextea.
“Beti bezala, FNSEA orkestra zuzentzaileak ditu agendak erabaki.”
Hor ere, etxalde ttipi anitz laguntzeko ordez, ehunka mila oilo edo milaka behi hazteko eraikinak sortzen utziko dira, prefetei botere handia utziz eta orain arteko ingurumen neurriak zangopilatuz. Horrez gain, naturaren atakak salatuko dituzten alerta egileak prozedura berri baten arriskuan izanen dira. Lege horren beste gaietan, otso, hartz edo beste harraparien babesteko neurriak arindu nahi dituzte, lur hezeetan diren neurri babesle batzuk kendu, eta pestiziden debeku batzuk berrikusi. Deus ez da aipatzen iduriz, joan den neguko haserrea sortu zuen behien dermatosiaren ondorioz eraman hiltze masiboen gelditzeaz edo txertatzeak sortu dituen arranguretaz.
Makronisten azken oparia FNSEAri
Beste behin, laborarien haserrea eta mobilizazioa gelditzeko, arau berriak hitzeman dizkigute. Beti bezala, FNSEA orkestra zuzentzaileak ditu agendak erabaki. Berak estimatu zuen mobilizazioa noiz gelditu, berak xuxurlatu du gobernuaren belarrira zer artikulu idatzi, eta lagun leial gisa, legegileek bakantza denbora arte helaraziko dituzte eztabaidak, Duplomb legearentzat egin zuten bezala, jendartea mutu geldi dadin, burua hondartzan edo beste oporlekuetan izanez. Nahiz eta anitz gauza salatu egiteko maneran, CR sindikatua ere aski kontent da lege horrek errextuko dituen prozeduretaz. FNSEA eta CR, gaitzeko lobbya egiten ari dira politikarien gain, kontra bozkatuko duten diputatuak mehatsatuz besteak beste. Badakite Senatuan lana errexago izanen dela, baina Legebiltzarrean kontrako boz gehiago bada. Bi sindikatu horientzat eta konplize diren ministro eta hautetsientzat, hobe da laborantza industriala gosta ahala gosta laguntzea eta ferekatzea, gure lurra, ura, eta osagarriaren zaintzea baino. Minbiziak, fertilitate eskasa eta beste eritasun arraro berri horiek bizi lasaia izanen dute oraindik.
Benoît Biteau Charente eskualdeko diputatu eta laborariak Genevard ministroa gomitatua du bere bulegora, bere lurraldeko haur eri batzuen burasoekin trukatzeko: ez omen zaio oraino etorri…
