Martxelo Otamendi Egiguren Berria egunkariko Zuzendariaren analisia Kataluniako auziaren epaiaren ondotik, eta Berriaren zuzeneko jarraipena jarraian.
Kataluniako independentziazaleen erantzuna leundu eta indargabetzeko helburuarekin egunotan argitaratu diren filtrazioak —alegia, independentzia prozesuaren buruzagien aurkako zigorrik gogorrena matxinadagatik barik sedizioagatik izango zela— konfirmatu egin ditu gaur goizean ezagutu dugun sententzia gogorrak, bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrekin. Nola ez, bada, filtrazio horiek egitea Espainiako Auzitegi Gorenaren estrategia izan denez.
2017ko urriaren 1eko erreferendumaren deialdiarekin Espainiako Gobernuaren teilatuan utzi zuten independentziazaleek pilota, hau da, arazoari bidezko irtenbidea emateko ardura. Estatu egiturek eman zezaketen erantzunik gogorrena prestatu zuten: gupidarik gabeko errepresioa. Non eta noiz ikusi da, gerrako egoeretatik kanpo, horrenbesteko errepresioa, horrenbeste herritar zibilen aurka, horren denbora gutxian? Ba ote dago historian horrelako beste kasurik?
Gaurko sententziarekin, Kataluniako erakundeen teilatura ez baino herritar independentziazaleen teilatura bota du pilota Auzitegi Gorenak. Erakundeetako arduradunek askoz aukera gutxiago daukate erantzuna lideratzeko, askoz lotuagoak dauzkate eskuak erantzun irmoa emateko, hutsik geratu diren Auzitegi Goreneko aulkiak bete nahi ez badituzte. Errazagoa da estatuarentzat, aurkezterrazagoa, Europaren aurrean politikari sedizioso batzuk zigortzea, milaka eta milaka herritarren aurkako espetxe zigorrak baino.
Sententziari erantzuna emateko ardura nagusia, horrela dago erabakita eta adostuta, ez da erakundeena izango. “Ez da haien garaia”, tsunamilari baten ahotan. “Aitzitik, herritar antolatu, burutsu eta konprometituen garaia da”. Erakundeen ardura nagusia daukaten alderdi independentziazaleen arteko harreman txarra arazoa izango da etorkizun laburrean hainbat erantzun sendo emateko, harlauza astuna erantzun azkarra eta konprometitua aktibatzeko orduan; kezkatuago egongo direlako alderdi horiek beren egoeraz, gertatzen ari denari eskatzen duen erantzuna emateaz baino.
Sententziak zabaltzen duen aro berriko erantzunaren tipologia aldatu egingo da; ez dira indar guztiak inbertituko sententzia jakin eta hurrengo egunetan, nahiz gaurtik bertatik aurrera egingo diren ekintzak sendoak izan: manifestazio handiak, bost martxak, greba orokorra… Aurrean daukaten estatuaren indar ikaragarriaren jakitun, baina era berean argi edukita prozesua faserik zailenean eta erabakigarrienean sartuko dela, denbora luzean iraungo duen erantzun baten alde jotzea erabaki dute. Protesta, blokeoa da hitz giltzarrietako bat; iraunkorra eta baketsua izango da, baina ez etenik gabekoa, ezinekoa baita milaka eta milaka herritar tentsionatuta edukitzea atseden fisiko eta mentalerako denborarik eman gabe. Jarraitua, igarrezina, bukaera datarik gabekoa, baina etenekin.
“Noraino iristeko prest dago estatua?””, galdetu zion kazetari honi duela aste gutxi prozesuaren buruzagi mediatikoetako batek. “Zuk estatua eramateko prest zaudeten punturaino, eta bi metro aurrerago”, erantzun nion. Urriaren 1eko galdeketa eta Kataluniako Parlamentuak hilabete horretan hartu zituen erabakien ondorio larriak —errepresio fisikoa lehen kasuan, eta juridikoa bigarrenean— nola kudeatu ezin asmatu ibili da independentziazaletasuna igaro diren bi urteotan, estatu egiturek lortu baitute eragile independentziazaleen arteko batasuna —erakundeak, alderdi politikoak, gizarte erakundeak eta herritarrak— pitzatzearen ondorioz denak denekin haserre eta kexati jardutea.
Bi aldeek badakite 2010eko uztailaren 10ean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako estatutu berriari egin zizkion mozketen aurka Bartzelonan egin zen manifestazio jendetsuaren bitartez hasiera hartu zuen prozesuaren faserik larrienean sartu direla, gaur ezagutu dugun sententzia mugarri izango delako. Independentziazaleek uste dute Auzitegi Gorenaren sententziaren bidez estatu egiturek eman duten erantzuna, gogorra delako, azken aukera dela fase honetan estatuari bizitza normalizatua ezinezko egiteko. Ez badute oraingo honetan estatua behartzen jarrera aldatu eta galdeketa adostua egitera, prozesua mantsotze fasean sartuko da, fase hau agortutzat eman beharko dute, eta denbora berrien zain geratuko dira. Independentziazaleen kezka dena helburua da estatuarentzat.
Bart gauean lortu dute akordioa Ekuadorren, Nazio Batuen Erakundea bitartekari, hiriburua hankaz gora jartzeaz gain gobernua dimisioaren amildegitik gertu jarri duten buruzagi indigenek eta gobernuak berak. Horrelako gatazketan historian aurreneko aldiz, zuzenean eman zuen telebistak bi aldeen arteko bilera, eta inolako zentsurarik gabe ikusi genituen matxinatuen buruzagiak Lenin Moreno presidenteari akusazio larriak eta oso bidezkoak zuzentzen. Ekuadorren bai, eta Katalunian ez?
“Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie espetxean dauden Kataluniako buruzagi independentistei. Berehala, erreakzio ugari sortu dira. Protestak hasi dituzte Katalunian.” Berriaren zuzeneko jarraipena hemen.