Mixelek bakebiderako utzitako irakaspenak

PrintFriendly and PDF

MB1

Konplikatua da hain hitz gutitan azaltzea Mixelek Euskal Herriko prozesuaren garapenerako utzi dituen irakaspenak. Baina bakar bat aipatu behar banu, erranen nuke, Ipar Euskal Herria/Euskal Herria eta Frantses Estatuaren arteko indar harremana eraikitzeko bidea litzatekela. Horretarako, Euskal Herrian herritarren baitan konponbidearen grina eta beharra kokatu beharra dago. Errealitate hau adostasunak eraikitzearekin eta bakoitzak egin lezakeen ekarpenaren osagarritasunarekin baizik ezin da gorpuztu.

Ez dugu oraino behar den bezala neurtu, ulertu eta balorean jarri, Ipar Euskal Herritik Bakegileek bultzatutako armagabetze zibila. Alde batetik, munduan garatzen diren bake prozesuei, jendarte zibilaren parte hartzea eta eskema eraldatzailea eskaini diena. Eta bestalde, Euskal Herriari egindako ekarpena.

Ulermen eta adostasun ariketa biltzaile zabala izan zen horrek, Ipar Euskal herriko hautetsi, instituzio edo herritarrak desobedientzia ekimenetara eraman gaitu. Legezkotasunaren eztabaidak gaindituz, konponbidearen aldarriaren zilegitasuna mahai-gaineratu, Estatuen jarrera aldatzeraino. Honelako engaiamendu kolektibo bat ezin da dekretatu. Ez, goi mailako engaiamendu bat ezin da dekretatu, eraikitzen, mamitzen den engaiamendu bat da. Konfiantza sortzetik, ardura hartze kolektibo batetara eraman gaituen ariketaren ondorio da. Aktibazio soziala bake prozesuaren garapenaren muinean kokatu duena.

Horretan zen Mixelen trebetasun handiena. Aniztasunean, posizio eta iragan ezberdinen arteko sintesian asmatzea, adostasunak azalarazi, eta desadostasunak elkarrekilako ulermenen jarrera etengabean kokatu.

Bakoitzak haren tokia atzeman dezan baina ororen gainetik, gure arteko desadostasun, kezkak, kolektibo horren osatze biderako klabean kokatu. Eta bide horretan kolektiboaren beharra denen gainetik jarri. Bere gora beherekin izan bada ere, egun, Ipar Euskal herriko garapenaren agendan kokatua da bake prozesuaren aitzinamenduaren beharra. Aitzinamendu horretan jendarte zibilaren aktibazio etengabea eta parte hartze zuzena, arau edo hobeki erran, berme bilakatu da.

Armagabetzeaz geroztik garatzen den metodoak, irekitako eztabaida eta elkarrizketa gune guzien artikulazioak, Ipar Euskal Herriko ahots bakar eta antolatua sortzea ahalbidetu du, eta honek Parisi begirako interlokuzio zuzena irekitzea preso eta iheslari politikoen auziaren konponbidean. Eta bide horretan segitu beharko dugu.

Ororen buru, bere bizi osoan eraman dituen borroka ezberdinetan sinesten zuen eredua ekarri du Mixelek Euskal Herriko gatazkaren konponbidera.

Kolektiboa sortu,
kolektibo honen zilegitasuna azalarazi
eta Parisen aitzinean kolektiboa harresi bezala jarri. 

 

 

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak