Mendia maite dugunek une honetan bi kezka larri baditugu: batetik hartza, bestetik Larrun.
Arbaila mendi multzoko azken hartza, ardia bakean utzirik, aspaldi hartan ahantzia zegoela Itheko oihan zokoan, diskretuko hil omen zen XX. mende erditsutan, oso zaharturik. Horren askazia mugako bortu goran hein bat indartsu zegoen oraino, baina laster atzera egin zuen, Euskal Herri aldetik desagertuz, pozoia lagun.
Bearnoko baso eta gailurretan iraun du gaurdaino, zinez gutiturik. Horko azken hartz bakarrek, denak arrak, tarteka txangoak egiten dituzte Santa Grazi, Larraine, Gardeko bazterretan, ibilltari handia baita animalia mota hori.
Orain Frantziako gobernuak bi hartz eme ekarri gogo dizkigu Eslobeniatik, eta berri horrek laborarien manifestaldi gogor bat eragin du Pauen. Alta bada Bearnoko bortu goran uda betetzen duten artzainak hein bat ongi konpontzen dira tokiko hartzarekin, animalia lotsatia baita, jendearen beldur handia duena.
Ikusmen ahula ukanagatik, urrundik sumatzen du, bere sudur eta belarri oso finei esker. Beraz artzain etxoletarik ahal bezain bazter dabila.
Hogeita hamar bat urtez Aspe ibarreko alhagia goretan urtero transumantzian egoten baita gure familiako bikote bat, hartza behin bakarrik urrunera ikusi du, mendate baten zeharkatzen. Tokiko hartz normalaz mintzo naiz hor, ezen 1991ko udan, Etsaut udalerriko mendian, usaiaz kanpoko bat agertu zen, jendearen beldurrik ez zuena. Egun betean artaldea erasotzen zuen etxolatik hurbil, jostatuz bezala erdiz erdi zeharkatzen, ardi zenbait zauritzen edo hiltzen ere, baina hunkitu gabe han berean uzten, eta etxolarantz inguratzen. Behin batean, bikote horren ikustera igaten nintzela emaztearekin, baso baten gora hiru ardi eder bidexkan hilak gurutzatu genituen, osorik utziak : hartzak ez zien ahamenik ere kendu, beraz ez zituen gosez erahilak. Beste artalde batzuetan ere gaitzeko kalteak egin zituen. Itxura guzien arabera, hartz hori jendeekin ohitua zen, zirko batetik edo parke batetik isilka mendira ekarria. Paueko prefetak ihizketa bat antolatu zuen Parke Nazionaleko zaindariekin : hartzak zepoa hautsi omen zuen, eta ez zen gehiago aipatu. Requiem …
Hartz normalak ordea noiztenka, artaldetik urrun egon den ardi xahar, maingu edo eri bat hiltzen du, eta emeki emeki hortarik elikatzen da egun zenbaitez, bestalde landare batzuetarik ere janez. Artzainak Parke Nazionaleko arduradun edo zaindari bati galtze horren berria ematen dio, araberako sariaren hunkitzeko. Haatik ardi galduaren hezurdura aurkitu behar da. Hitzekoa den artzainari, fama onekoari, usaian bidea errazten zaio. Beraz aipatzen dudan bikoteak ez dio hartzari gorrotorik: kezka bat segurki, baina jasangarria, Parke Nazionaleko zaindarien laguntzarekin. Bestalde arrats guziez artaldea etxola ondora bildu behar da, eta han korralatu, alanbre elektrikadunez bederen, ez dadin sakabanatu. Frantziako gobernuak bere xedea betetzen badu, kontua da Eslobeniatik ekarritako bi hartz emeak nola portatuko diren: tokiko hartz lotzatia bezala ote, ala Etsauteko hartz jendakin hura bezala? Hor dago koxka.
Ariège departamenduan sartu diren hartz batzuek Etsautekoaren eite balukete, maiatzaren 18ko Laborari astekarian ikusten dudan lekukotasun baten arabera. Arriskurik handiena litzateke artaldea edo horren zati bat bederen, iziturik, amildu dadin baxa / erroitz / labar / malkar baten behera, hamarnaka bizia galduz.
Zinez ulertzekoa da euskaldun eta bearnes artzainen kezka. Haatik familiakoak franko bakean ikusten ditut, ez batere laborarien olde «poujadiste» erasokor batean sartzeko gerturik. Agian laster ageriko zaigu afera horrek zer bide hartuko duen.
Beste kezka bat larria, departamenduko buruzagitzak Larrun mendi kaskoan eraiko gogo duen alimalkeria, munstrokeria, mendi horrentzat hilgarria. Hautetsi handi horiek zer dute buruan? Zentzu guzia galdua ote dute? Atzoko garapen astunaren karikatura bat sartu nahi digute hor, kapitalismo basatienaren Troiako zaldi eroa bezala, natura bortxatuz itsuski.
Agian agian, jaikiko dira egiazko lapurditarrak, egiazko euskaldunak, xede horren ehorzteko!