Gabi Daraspe, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako militantea
Urtarrilean, Larresoroko pareta handi bat ederturik agertu zen «Faxismoaren aurka borrokatu» zioen mural handi batekin. Faxismoaren kontra mugitzea beharrezkoa da, batez ere tendentzia horrek indarra hartzen duelarik mundu osoan. Euskal Herria ez da salbuespena: eskuin muturra hedatzen ari da bozetan, eta hemen ere biderkatzen ari dira erasoak. Instituzionalki, karrikan, sare sozialetan, jendeen buru eta ekintzetan orokortzen ari den faximoaren eta erreakzioaren kontra egitea behar beharrezkoa da. Larresoroko tindaketa ez zen bakarra izan, zorionez, Euskal Herriko xoko ezberdinetan faxismoaren kontrako aldarriak loratu baitira azken hilabeteetan (txalo artistei!). Orokorkiago, arlo guztietan gaitz horri aurre egiteko antolatzea beharrezkoa da.
Laurence Samanos Larresoroko auzapezak plenta ezarri du «bandalismoagatik». Frantziar estatuko legediaren arabera, juridikoki, «bandalismoa» nahitara eginiko «andeatzea» dela kontsideratzen da, eta beraz, grafiti, mural edo tindaketak kategoria honen baitan sartu ohi dira, nahiz eta, kaltetu baino, Larresoroko pareta hobetu dela erranen nukeen. Gauza da «bandalismoa»-ren ideiak intentzio txarrekin eginiko erasoa iradokitzen duela: andeatzea, andeatzeagatik. Horrek, aski fite, zenbait politikariri polemizatzeko ideia piztu die, aipaturiko pareta, Garazitik Baionara doan bide nagusitik biziki ikusgarria izateaz gain, Lehen Mundu Gerlako soldaduen hilerria inguratzen duen paretetako bat baita. Aitzakia horrekin, aldarrikapen politikoa publikoki kriminalizatzeko saiakera hasi dute, eta aski adierazgarria da ikustea nork: MEDEF Frantziako patronal handiaren erakundeko Ipar Euskal Herriko ordezkaria den Franck Leroyk, RN alderdiko figura publiko lokala den Jean-Michel Iratchetek eta LR alderdiko Max Brissonek. Azken honek «inskripzio higuingarri»-tzat du faxismoari aurre egiteko aldarrikapena. Errepublikar gisa aurkezten den eskuina faxismoaren kontrako aldarrikapen batekin asaldatua; norbaitek oraindik dudarik baldin bazuen, argi da, marra gorririk ez da.
Militante politikoak kriminalizatuz errepresiori bidea errazten badiote ere, pareta honen gibelean diren hildakoen hilobiak tindaketaren jopuntua ez zirela hain zen begi bistakoa, non inkesta eramaten ari diren jendarmeak ere ondorio horretara iritsi behar izan diren… Hala ere, nolabait, tindaketak badu zerikusia gerlarekin, baina ez egina izan den paretaren gibelean diren hilobiengatik. Iduriz, tindaketa GKS-ren deialdiari jarraiki Bilbon eta Iruñean milaka pertsona mobilizatu dituen manifestaldien egunean agertu zen. Manifestaldi horiek gazteria langilea deitzen zuen faxismoaren baina ere gerlaren kontra lehen lerroa hartzera.
Justuki, Larresoroko hilerri hartan diren hildakoak garaiko kapitalista inperialisten arteko lehiaren biktimak izan ziren – beste anitzen artean -, garaiko Franck Leroy, Jean-Michel Iratchet eta Max Brisson-ak izan ziren milioka pertsona heriotzera eraman zituztenak, arku parlamentario osoaren babesarekin, ezker sozial-demokrata barne. Hori guztia «aberriaren defentsaren» estakurupean. Gisa berean, gaur egungo burges handiak dira gerlara eraman nahi gaituztenak, eta faxisten ideiek, geroz eta hobeki bat egiten dute interes horiekin: haien muturreko nazionalismo xenofoboak barneko eta kanpoko «etsaiengandik» babestearen ustezko beharra aldarrikatzen baitu. Ez du kentzen kapitalisten gerla justifikatzeko tendentzia politiko bakoitzak bere aitzakia propioak formulatzen dituela: Europaren defentsa, demokraziarena… 1914an alderdi politiko guztiek gerla babestu zuten bezala, gaur egun ere, kapitalaren eskuin zein ezker hegalak frantziar armada indartzearen alde agertzen dira, beste gerla handi bat prestatuz.
Beraz bai: oligarkiaren etekin gosea heriotzeraino defendatuko duten alderdi eta politikari horiei guztiei buru egin behar diegu. Heriotzeraino diot, baina ez haien heriotzarekin, baizik eta gerla eta austeritatea pairatzen dituzten langileenarekin… Ustez hilak sakralizatzen dituzten bitartean, bizidunak sakrifikatzen baitituzte.
Segi dezagun erreakziori, faxismoari eta haiekin batera indartzen ari den gerla eta austeritate agendari buru egiteko aldarrikapenak zabaltzen, mobilizatzen, borrokatzen eta horretarako antolatzen.