Herria eta harriak

PrintFriendly and PDF
Jakes Lafitte
Jakes Lafitte
Ingeniaria
Beste artikulu batzu

Herria&Harriak

Euren ikurrak badituzte munduko herri guztiek eta askotan harriek dute eragin handi bat herri bakoitzaren historian. Euskal Herriaren kasuan “Harri-jasotzaileak altxatzen du herria” dio Kalaka  taldearen kopla batek. Telesforo Monzonek harri-jasotzailearekin konparatu zuen abertzalea Donibane Lohitzunen emandako mintzaldi batean, 1976-garren urtean; Euskadiko Aurrezki Kutxak irudi berdina baliatzen zuen bere iragarkietan. Harriaren irudia guztiz txertaturik dago Euskal Herriko kulturan beraz.

Haatik, herria eraikitzen duten harriez gainera, badira herriari oztoporik ematen dioten harri koskorrik ere. Harri horiek ez dira gure kirolzaleek plazetan miresten dituztenak, baizik-eta Paris eta Madrileko gobernuek aspalditik Euskal Herriaren akorralatzeko erabilitakoak, bibliotekako liburu mamitsuak sostengatzen dituztenak bezalakoak, proportzio guztiak kontutan hartuz naski.

Harri koskor horiek itxura desberdinak hartu zituzten mendeetan zehar. Lehengo harria foruen galtzea izan zen, eta horren ondorioz errenteriak edo aduanak Ebrotik Bidasoara lekuratu zituzten, Araban eta Nafarroan hiru ehun herrik euskara galduz gainera. Bigarrena, 1936 urteko autonomia estatutua Hego Aldeko hiru probintziek gerla basa baten ondotik galdu izana da. Hirugarrena frankismoaren urte ilun luzeak izan ziren. Zorionez ilunpeko gudari askok, maiz euren bizi fisiko edo gogozkoaren sakrifikatuz, harri astun hori higi arazi zuten. Frankismoaren harri horrek zoritxarrez bazituen bermeak

Espainiako Estatuatik kanpo: Bigarren Munduko Gerlako garaileek frankismoa lortutako tokian utzi, eta Frantziak gerlaren ondoko euskal gudariak urrundu izana. Frankismoa bukaturik, benetako aldaketa bat gertatuko zela uste zuen gehiengo batek, baina aspalditik prestaturik zegoen diktadorearen ondokoa, Juan Carlos erregea aurretik estatuburu berritzat Francoren administrazioak izendatu zuelarik. Ondorioz, beste harrizko harresi bat jarri zen Euskal Herriaren kontra, Iberiako herrien existentzia eta autodeterminazioa ukatzen zituen konstituzio berri bat ezarriz. Horrek ez zituen naski ETA-ren militantzia eta ekintza armatuak gelditu, baizik-eta gogortu. Orduan beste zapalkuntza uhin berri bat sortu zen eta preso gehiago. Presoen egoera larriago egiteko dispertsioaren legea ezarri zuen Espainiako gobernuak, egoera umilgarri eta mendekoi gehiago presoen senideen aurka jarriz. Espainiak hala manatzen zuelako, era bereko zigorrak ezarri ote zituzten Frantziako agintariek, joan den mendeko zortzigarren hamarkadan Espainiak ezarritako GAL talde hiltzaile berri bat sortuko zenik beldurrez.

ETA-k suetena aldarrikatu zuenetik, kolpe gogor bat eman zuen Europaren Batasuneko Auzitegiak Espainiak pena bizkia kunplitzen ari ziren presoak askatzeko behartuz. Baina oraindik azkarregi dira Frantziak eta Espainiak Euskal Herriari ezarritako harri astunak. Joan den larunbatean, Baionan eta Bilbon antolatu manifestazioak gerlazko harri horien aurkako beste bultzada bat izan dira. Kontutan hartu behar da ere, Frantziako Estatuak larrialdi egoera ezarri ondoren, manifestazioak debekatuak omen direla; beharbada Parisen aplikatzen da neurri hori, djidahistek egindako atentatuak gogoratzeko manifestazioan jende gutxi etorri zela ohartu bait gera, baina hamar mila pertsona bildu zituen Baionako manifestazioa askatasun osoan eta eragozpenik gabe egin da. Abertzaleez gain, ETA ren biktimaren senide batek parte hartu du Bilbokoan, eta Baionakoari dagokionez, Iparraldeko hautetsi gehienak presoen hurbiltzeko eta gaixotasun larri bat pairatzen dutenak askatzeko ados daude.

Parisen eta Madrilen gogoan har bezate berauek ezarritako harriak hain azkarrak ez direla.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak