Gosea edo burujabetza

GoseaBurujabetza1

Historia azeleratzen ari zaigun azken hilabete horietan, krisi globalak nahaspilatzen dira (gerra, erregai fosilen menpekotasuna, klima aldaketa, elikadura gabeziak, errefuxiatuak), gure hauskortasunak gordinki erakutsiz, eta desglobalizazioaren bidegurutzean neurritasuna eta elkartasuna nahitaezkoak direla ulertaraziz.

Garia, globalizazioaren hauskortasunaren adierazle

Ukrainak eta Errusiak munduko gariaren zati haundi bat ekoitzi eta exportatzen dute. Gaur Kremlinek gari honen exportazioa ezintzen du, Ukrainako itsas portuak blokatuz eta Errusian dagoen garia bertan atxikiz. Ehundaka milioi pertsonen biziak arriskuan jarriz, eta hainbat herritan desoreka politikoak areagotuz. Gaur gerra honengatik gertatzen dena, irudika dezakegu hemendik hamarkada pare batera Turkian adibidez botere gerrazale batek Itsaso Beltza eta Mediterranearen arteko garraioa blokatuko lukeela edo baldintza gogorrak ezarri, presio honen bidez zerbait irabazteko asmoz. Edo Australian adibidez, lehorte baten ondorioz gari ekoizpena eroriko litzatekeela. Mixel Berhokoirigoinek erakatsi zigun bezala, elikadurari dagokionez globalizazioa eraginkorra da eskualde bakoitzean ekoizpen errazena eta merkeena garatzeko, gero mundu mailan bertze ekoizpenekin trukatzeko, merkataritza hitzarmenen bitartez; baina eraginkortasun honen prezioa izigarrizko hauskortasuna da, herri bakoitzaren burujabetza materiala – elikadura barne, eta dagokion seguritate maila – abandonatzen baita. Eta prezio hori ordaintzeko lehen lerroan daude, beti bezala, prekarioenak. Euskal Herri mailan kokatzen bagara, elikadura burujabetza %15 ingurukoa da, pixkat gutiago EAEn, pixkat gehiago Iparraldean eta Nafarroan. Honekin, ezusteko baten ondorioz ezin bagenu kanpotik elikadurarik ekarrarazi, oso zalu ginateke janari eskasean. Irudikatzeko zaila gaur guretzat, eta egia da gose globalak ez duela hemen lehenbizi eraginen. Baina arriskuari aurre egiteko plan bat garatu zuen iaz Biriatuko udalak, eta Euskal Herrian bakarretarikoa da, ez bada bakarra. Udalerri guziek antzeko planak garatu behar dituztela erran gabe doa.

Okertzeari ez ohitu

Ukrainan gerra piztu zenean eta mundu mailan gariaren arazoa larritu zenean, bertze gari ekoizle haundia den Indiak jakinarazi zuen saiatuko zela bere gari exportazioak igotzen, Ukraina eta Errusiatik izanen zen eskasa betetzeko saiotan. Baina orduan ez zakiten nolako bero uhinak zanpatuko zituen India eta Pakistan, honen ondorioz Indiak gari exportazioak geldituko dituela, 50˚C inguruko tenperaturek uzta kaltetu dutela eta gobernuak bertako biztanleei lehentasuna ematen die.

Bero uhin horren probabilitatea, klima aldaketarik ez balego, 30 aldiz ttikiagoa izanen litzateke. Klima berrian, holako hondamendiek “normaltasuna” osatuko dute, 2021ean munduan zehar ikusi ditugun lehorte, sute, ekaitz eta uholdeak bezala. Klima aldaketa ez da bapatean iritsi, denboraldi luzean instalatu eta okertzen joan da, eta honek bi arrisku konbinatzen ditu: bata, ez ohartzea, batez ere duela urte batzuk bezala negazionistek zalantzak eta ukapena elikatzen badituzte business as usual jarraitzeko (azkenaldian pandemiarekin bezala, batzutan lobby berek bultzaturik). Bertzea, igel irakituaren ixtorioan bezala, gauzak pixkanaka okertuz doazen heinean, desorotasunean deus egin gabe egon, bizirauteko baldintzak desagertu arte. Okertzeari ohitzea argi ikusten dugu adibidez errefuxiatuei dagokionez: duela urte batzuk Aylan Kurdi haurtxoa hondartzan hilik erakusten zuen argazkiak mundua hunkitu zuen. Aste batzuk bederen. Iaz Mediterraneoa zeharkatzen saiatzean 3000 pertsona baino gehiago hiltzeak jada ez du prentsan oihartzun nabarmenik.

Europako kontraesanak agerian

Kremlinek inbasioa bultzatu zuenetik Europar Batasunak zigor ekonomikoak ezarri Errusiaren aurka, baina zigor ahulak: gasa, petrolioa eta ongarri sintetikoak Errusiari (eta bere aliatu den Bielorrusiari) erosten jarraitzen baitie Europak, duela 70 urte ezarri zen ekoizpen sistema ez baita eraldatu, erabakitzaileek ez baitute osagai horiek gabe ekoizteko eta garraiatzeko modurik garatu nahi izan. Bigarren mundu gerraren osteko egoeran ulergarri zitekeena, duela 30 urtetik eredu zaharkitu eta arriskutsua bilakatu da. Gaur dependentzia honek Europa arbel gas ipar amerikarra erostera bultzatzen du, gasik gabe funtzionatzeko gaitasuna garatu ezean. Dut taldeak zion bezala, petrolioa (edo gasa) ere etorkina da, baina hauxe ez da pateran iritsi Mediterraneoan beren biziak arriskatzen dituztenak bezala.

GoseaBurujabetzaGaur Ukrainako errefuxiatuei ongi etorri (beharrik) baina Afrikarrei eta herrialde musulmanekoei harrera bertzelakoa da Turkian edo Melillako harresiaren bertzaldean, bitartean Nigeretik uranioa, Nigeriatik petrolioa edota Kongotik koltana merke ateratzen jarraitzen dugun bitartean.

Sendoak izan nahi baina erregai fosilen menpekotasuna konpondu ez, garatuak izan nahi baina garapenaren ondorio negatiboak paira dezatela urrun dauden txiroek (garatuek ikus ez ditzaten). Nere amatxik erraten zuen bezala, dena eduki nahi fitsik pagatu gabe. Honek izigarrizko hauskortasuna sortzen du, eta gaur arriskua da arazo nahaspilatu guzi horien prezioa belaunaldi gazteek ordaintzea: errefuxiatuak milioika, janari eta energia gutiago eta garestiago, eta hau dena klima aldaketaren eraginen ondorioz energia eta janari ekoizpen eta banaketa prekarioago bilakatu. Horri gerrak bultzada gogorra eman badio ere, hauskortasuna aspaldi hor zegoen, larritzeko egoeraren zain.

Neurritasuna, oinarrizkoa

Ez da aterabiderik izanen elikadura eta energia xahutzen jarraitzen bada, kontsumo maila jeisten ez bada, aberatsetatik hasiz. Metamorfosi ekologikoa ezin da gertatu gaurko kontsumo mailekin, kobrea eta metal gehienak zaluegi eskas liratekeelako. Ez da aterabiderik izanen ere denei bizi baldintza duinak ez badizkiegu bermatzen, behartsuenetatik hasiz. Halere, des-hazkundea aipatzen bada, egunkari eta telesail haundien editorialistek segituan erantzuten dute prekarioen aurkako politika litzatekeela, pobretzea areagotuko lukeela. Lotura ez da oraindik egina narratiba nagusian: des-hazkundea eskatzen denean, gutiago kontsumitzea ez zaie eskatzen doi-doia bizirauten dutenei, gehiegi kontsumitzen dutenei baizik.

GIEC edo IPCCren azken txostenean ere trantsizio justua aurkezten da bide ezinbertzeko gisan. Hots, gizateriaren oinarri materialaren aldaketa justua izan behar baldin bada (aldaketaren ahalegina ez bazaie txiroenei bakarrik inposatu nahi), ez da bakarrik injustizia baino hobe delako justizia soziala, baizik eta trantsizioaren justizia sozial mailak trantsizioaren eraginkortasuna bera baldintzatzen duelako ere. Bertzela erranik, iritzi politikoen arabera pobreen eta baztertuen alde egon ala ez, haiekin lotu behar da nahitaez, bertzela denak galtzaile aterako ginateke. Interes “koalizio” hori ezinbertzekoa eta unibertsala da, eta erregai fosilen interesen aurkakoa da.

Joseba Azkarragak erraten duen bezala, pobretzera goaz, materialki bederen. Baina materialki gutiago edukirik ere, euskal jendarte soilago hori izaten ahal da justuagoa, demokratikoagoa, feministagoa, ekologikoagoa, baita antsiolitiko gutiagokoa ere eta dantzarako grina gehiagokoa. Gutiago kontsumituko dugula nahitaezkoa da, baina gutitze hori nola banatuko den eta nola erabakiko den, hor dago koxka.

Desglobalizazioaren bidegurutzea

Globalizazioaren desegitea bloke haundien berraikitzearren bidea hartzen ari dela iduri du. Baten grabitate zentroa Europar Batasuna eta Estatu Batuen artean (gehi Japon, Hego Korea, Taiwan, Australia eta Zelanda Berria), bertzearena Errusia eta Txinaren arten. Globalizazioaren kritikek duela 25 urtetik erraten dute bertze mundu bat posible dela (hots globalizazio neoliberalarena baino), gaur erran genezake bertze desglobalizazio bat posible eta beharrezkoa dela: bloke haundi militarizatuak baino, elkar laguntza eta kooperazioa bultzatzen dituzten lurralde ttiki burujabeak dira alternatiba jasangarriena. Erronka honetaz ez bagara aski goiz jabetzen, arriskua ekofaxismoa izanen da: baliabideak urritzen diren mundu batean, han hemenka aberatsak armadunekin elkartuz (izan mafiak, miliziak, mertzenario taldeak edo armada usteltzen hasiak) boterea hartu, eta gehiengoari guti kontsumitzea inposatu, inolako erabakitzeko eskubiderik utzi gabe.

Azken hamarkadetan herri frangotan gizarteak militarizatu eta “eskuindartu” egin dira, poliziaren eskubideak zabaldu, errefuxiatuen aurkako jazarpena gogortu, identitate nazionalak zurrundu eta aldarrikatu (Frantzian 2007an horren ministeritza bat sortzeraino), islamaren aurkako diskurtsoak zabaldu terrorismoaren gaiaren aitzakiarekin, etab. Testuinguru honen haizeak bultzaturik, ia mekanikoki, eskuin muturrak igotzen jarraitzen du. Giro ilun honetan segituz, baliabideen urritzea kudeatuko ligukete modu martzialean, aberastasun arrakalak gehiago ere haundituz, ulertzeko eta hautatzeko ahalmena gure eskuetatik kenduz.

Horregatik ere AHT eta autobideak baino trenbide ttikiak garatu edo zaharberritu behar ditugu, metropoli saturatuak eta landa despopulatuak pairatu baino herri ertain bizigarriak bultzatu, elikadura inportatu baino bertako ekoizpen eta baratzeak garatu, laborantza eredu desegokiak pairatu baino bertako laborantza ganbarak sortu, egoitzen garestitzea pairatu baino borrokatu, laborantzarako lurrei dagokienez bezala, zaintzari bere tokia berreskuratu, Bizkai eta Gipuzkoako mendiak eukaliptoz estali baino gaztainondo, sahats, ametz edota lizarrak landatu, gaiak xahutu baino berrerabili eta birziklatu, arbel gasa inportatu baino energia beharrak birpentsatu, murriztu eta berriztagarri bihurtu, txiro eta errefuxiatuengandik banatu baino babesa eman, etab. Hau dena, auzolanez eta botereak mugi daitezen igurikatu gabe.

Zerrenda honetako elementu askotan, ez bada denetan, borrokak eta ekimenak martxan daude, eta honek ere egiten gaitu herri. Horregatik ere hain garrantzitsua da gure burujabetza materiala eraikitzea: klimarengatik, baliabide urritzearengatik, baita ere gure askatasuna eta izaera salbatzeko. Hori baitugu jokoan, eta nolazpait IPCCren txostenak irakurri baino lehen ulertu genuen. Krisi globalak egiten duguna azkarrago egin behar dugula erakusten digu. Segi dezagun beraz.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 40€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

40€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).