COP 26: Glasgowtik Euskal Herrira, engaiamenduek eta ekintzek ez dute oraino segurtatzen bizigarria den Lurra. IPCC edo Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeko zientzialariek argi eta garbi diote: klima aldaketak bizkortzen ari dira eta muturreko gertakari meteorologikoak sortzen dituzte (idorteak, berote handiak, uholdeak, etab.), indartsuagoak eta biziagoak direnak. Alta, COP 26-an hartuak izan diren engaiamenduek jendartea oraino zuzen-zuzena eramaten dute + 2,4 °C-ko (1) mundu katastrofiko batera eta ez karbono neutraltasunera (2) eta +1,5 °C azpiko berotze muga batera. 2030erako Estatuen mailako murrizketa-helburuen handitzea aurreikusten da Egipton 2022ko datorren COP-erako, baita Estatuen engaiamenduen urteroko bilana egitea ere.
Hegoaldeko herrialdeak dira nahasmendu honen lehen biktimak, eta berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioen ondorioak jasaten dituzte, gehienetan haien isurketan ardurarik ez dutelarik. Bizi! elkarteak justizia klimatikoaren printzipioa defendatzen du. Printzipio horren arabera Iparraldeko herrialdeek, hots lehen arduradunek, elkartasuna erakutsi behar dute eta Hegoaldeko herrialdeetan kalteen eztitzeko eta egoerari egokitzeko inbertsioen eta jadanik pairatu kalte eta gastuen finantzaketan parte hartu behar dute. Bereziki Frantses Estatuak, munduko 8. Herrialdea baita BEG isurien ardura historikoari dagokionez (3). Hala ere, herrialde garatuek oraindik ez dituzte betetzen arriskubidean diren herrien egokitzea finantzatzeko hartutako engaiamenduak. Gainera, Europa eta Frantzia klimaren kalteen biktima diren herriei kalte-ordaina emateko herrialde arduratsuen ekarpen baten aurka dira.
“Egoeraren erantzule nagusi diren herrialde garatuen politiken arduragabekeria erabatekoa da“, dio Francisco Ordas Biziren bozeramaileak “Eskandalagarria da herrialde aberatsek zor-klimatikoaren ordaintzea errefusatzea!“.
Frantziak azkenean energia fosilen proiektu batzuetarako nazioarteko diru-laguntzak geldiaraztea aurreikusten badu 2022 bukaeratik goiti, petrolio-proiektuendako finantzatzeak bakarrik 2025ean geldituko dira eta gasarentzat 2035ean. Baina data hauek karbonoa harrapatzeko eta biltegiratzeko (CCS) gailurik gabeko proiektuei baizik aplikatzen zaizkie. IPCCrentzat (4), teknologia honek biltegiratze geologiko guneetan eta bahiketa guneetara garraiatzen den momentoan CO2 isurketaren arriskuak dakartza. Erregai fosilen industrian giza kapitalaren eta kapital fisikoaren kondenatzera erran nahi du ere.
Jean Jouzel IPCCko presidenteorde ohiaren erranetan, herrialdeek adierazitako helburuen eta haien ekintzen errealitatearen arteko leizeak + 3 °C-ko mundu hondagarri batera garamatza. Frantses Estatua, gainera, duela gutti kondenatua izan da auzitegietan, ez duelako errespetatzen 2050erako karbono neutraltasun-engaiamenduekin bateragarria den ibilbide bat. Testuinguru honetan, helburu hori ezin da lortu, zuzenean eta zeharka, BEG isurien %50aren erantzule diren tokiko kolektibitateek ez badute tokian berean ber heineko xedea hartzen eta beren heineko ekarpena egiten. Gaur egun Euskal Elkargoa ez da hortan, zeren bere “errealismoaren arabera”, ez baita karbono neutraltasunaren ibilbide batean sartzen, nahiz eta bere lurraldeak, Estatu mailako batez besteko harrapatzeko ahalmen maila handiagoa duten karbono-putzuak badituen (oihanak eta pentzeak bereziki). Hala ere, Lille Métropole edo Grenoble Alpes Métropole bezalako beste eremu batzuk karbono neutraltasuna dute helburu, eta inportazioekin lotuak diren isurketak murrizteko ekintzak ere aitzin ikusten dituzte.
«Hautetsiek erregularki errealitatearen printzipioa aitzinean ezartzen digute anbizio maila apal hori azaltzeko», dio Sabine Endara Biziko bozeramaileak eta Sarako Begirale ekologikoak. «Baina fisikaren legeen errealismoa, “errealismo politikoa” ez bezala, ez da negoziagarria! Ekitea gibelatuz, gaur egungo haurren etorkizuna kondenatzen da, ezin itzulizko moldean».
Oraingo bertsioan, Euskal Elkargoaren Klima Planaren estrategiak BEG isurien % 19ko murriztea du helburutzat 2030ko (2019arekin alderatuta). Ibilbide honekin, argi eta garbi, Ipar Euskal Herriak ez du bere zati justua hartzen klima aldaketaren kontrako borrokan. Europar Batasunak 2030ean (1995arekin alderatuta) BEG murrizteko asmoak -%55era igo berri dituen momentuan, Frantses Estatuak anbizio hori deklinatu beharko duelarik, zer aurreikusten du Euskal Elkargoak? Grenoble Alpes Métropole-ren adibidea hartuko ote du, Europako erabakiaren ondotik, 2030erako tokiko berotegi-efektuko gasen (BEG) isurien %50era murrizteko helburua hartuz 2005arekin konparatuz?
COPren bazterrean, Frantses Estatuak, 105 Estaturekin batera engaiamendua hartu du 2030erako (2020arekin alderatuta) mundu mailako metano isuriak %30ez murrizteko. Klima-aldaketaren 2. jatorria den gas honek CO2a baino 30 aldiz berotze ahalmen handiagoa du 100 urtez, eta 80 aldiz handiago 20 urtez. IPCCk bere azken txostenean adierazten du bere isuriak murrizteak, eragin lasterrak ondorioztatuko lituzkela klimaren arloan. Hala ere, laborantzaren saila da tokiko mailan BEGen lehen igorlea, eta zehazkiago metanoa. Nola nahi du Euskal Elkargoak bere ekarpena egin arlo horretan gaur egun, 2030erako Klima Planean BEG ez-energetikoen murrizketa-helbururik (metanoa barne) ezin badugu irakurri, eta, laborantza-sektoreko ia isuri guztiak (%94) osatzen dituztelarik?
Herriko Etxeen mailan egin ekintzak oraindik ez dira behar den mailan Biziren aburuz. Kagualdiek lehen urtea gainditu dutelarik, Biziren Begirale Ekologikoek Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko 1. txostena argitaratu dute: herriko etxeen gehiengo handiak ez du hasi datozen nahasmenduei aurre egiteko bizileku edo habitat bizigarri eta egokitu baten segurtatzeko beharrezkoa den metamorfosi ekologikoa. Alabainan, segituak diren 56 herriko etxeetarik (Euskal Elkargoaren biztanleriaren %87), herrien gehiengo zabala (40) ekintzarik gabeko 0 fasean da. Herriko Etxeen metamorfosiaren batez besteko puntuazioa 4etarik 0,3 pundura bakarrik heltzen da: Euskal Herriko metamorfosia ez da oraindik hasia!
Bizik herritarrak Begirale Ekologikoei juntatzera deitzen ditu lurraldearen metamorfosi ekologikoan parte hartzeko.
(1) https://climateactiontracker.org/global/temperatures
(2) La neutralité carbone se définit par le fait de séquestrer autant de carbone que l’on émet, de manière à stabiliser son niveau de concentration dans l’atmosphère et ainsi limiter l’augmentation de la température globale de la planète. Cela suppose d’une part, de réduire drastiquement les émissions, qu’elles soient d’origine fossile ou issues de matière vivante, et d’autre part, d’augmenter les puits (les forêts et les sols) permettant la séquestration du carbone.
(3) https://ourworldindata.org/contributed-most-global-co2
(4) Rapport spécial du GIEC 1,5°C d’après le rapport HCC 2020, p129 : https://www.hautconseilclimat.fr/publications/rapport-annuel-2020