
Maddi Bordagaray Uda Lekuko koordinatzaileak, euskarazko aisialdiaren aitzinamenduak eta oztopoak azaltzen dizkigu, haurrak euskaraz bizi daitezen.

Herritar hezkuntza elkartea 1983tik, Uda Leku ezagutua da euskarazko murgiltzean antolatzen dituen bilgune eta egonaldiengatik. Hizkuntza politikaren eragile nagusietarik bat da, Adingabeen Harrera Kolektiboen bidez. Uda Lekuk, eskola eremuetatik kanpo, euskaraz jostatzeko, hitz egiteko, irri egiteko, hots, bizitzeko espazio bat eskaintzen die Iparraldeko haurrei. Hizkuntza bat ikastean, erabilpenik, interesik edo bizipenik ez bada sortzen, hizkuntza gaitasunak murriztuak eta zentzu gabekoak egoten dira. Uda Leku elkarteak haurrei egokituak zaizkien arnasgune euskaldunak sortzen ditu.
Aisialdia ez da hezkuntzaren osagarri hutsa: haurrek euskararekin duten harremana biziarazteko eta hizkuntza eguneroko bizitzan erabiltzeko espazioa ere bada. Euskaraz jostatu, mintzoan trebatu eta hizkuntzarekin bizipen positiboak ukaitea ezinbestekoa da eskolan ikasitako hizkuntza erabilpen erreal batera eramateko. Euskararen erabilera garatzeko, haurrek euskaraz bizitzeko aukerak behar dituzte eguneroko bizitzako esparru guztietan.
Aitzinamenduak
Beren haurren eskolatzean euskararen presentzia hautatuz, izan murgiltze ereduan ala elebidunean, familiak ohartzen dira haurra hizkuntza-dinamika eta ekosistema euskaldun batean murgiltzeko beharra duela. Instituzioek (EEP, Elkargoa), herriko etxeek baita eskolako irakasleek ere, gaur egun argiki onartua dute aisialdien eragina ikaste prozesuan. Euskarazko aisialdien garapenak, sail hortako lan tresnen, formakuntzen eta hausnarketa mailaren garapena permititu du. Elkargoak bultzatu duen Euskaraz Josta labelizazioari esker, gero eta aisialdi leku gehiagok euskara sartzen dute beren funtzionamenduan. Euskara aisialdietan egiazko erronka bat bilakatu da eskualdean.
“Uda Lekuk, gaur egun, ez du euskarazko aisialdiaren eskaerari erantzuteko ahalmenik. Egonaldietan, adibidez, 2026an 370 leku eskaini ditu, baina 733 izen- emate jaso ditu.”
Gero eta aisialdi zentro gehiagok euskarazko eskaintza proposatzen badute ere, eskaintza hori gehienetan elebiduna da eta ez da beti urte osokoa. Uda Leku da gaur egun urte osoan haurren harrera euskaraz bakarrik proposatzen duen elkartea. Aitzinamenduak badira, baina haur guziek eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukerak ukan ditzaten, euskarazko aisialdiak oraindik garatzeko beharra du.
Zailtasunak
Erronka bat bilakatuz ere, pausuak ez dira hain erreski egiten. Animatzaile profesional euskaldunak aurkitzeko zailtasunak aktibitatearen garapena mugatzen du. Bestalde, animazioa hizkuntza-gaitasunak garatzeko tresna egokitzat ezagutua bada ere, euskarazko tresna pedagogiko guti aurkitzen da oraino gaur egun, itzulpen lan handiak galdeginez. Azkenik, aisialdiek kostu handia dute eta, herrien eskumenetan delarik arloa, herrien baliabide ekonomikoak gero eta ttipiagoak dira. Aisialdia gutitan lehenesten den arloa da. Uda Lekuk, gaur egun, ez du euskarazko aisialdiaren eskaerari erantzuteko ahalmenik. Egonaldietan, adibidez, 2026an 370 leku eskaini ditu, baina 733 izen-emate jaso ditu: eskaerak kasik eskaintza bikoizten du. Horrek erakusten du familien beharra eta euskarazko aisialdiaren eskaera handiak direla, baina eskaintza garatzeko ahala mugatua dela. Bestalde, eskaintza horren finantzamendua ez da behar bezala bermatua. 2025ean, Uda Lekuk 180.000 euroko ziloa jasan behar izan zuen aisialdi zentroen jardueran, herriko etxeen diru parte-hartze eskasaren ondorioz. Euskarazko aisialdia garatzeko eskaera handia bada ere, eskaintza horri buru egiteko beharrezko baliabide ekonomikoak ez dira gaur egun maila berean garatzen.
Euskaraz bizitzeko eskubidea
Aisialdien arlotik, euskaraz bizitzeko eskubidea senti dezagun, haurrek euskaraz ikasten duten herri guzietan euskarazko aisialdi eskaintza zabala izan beharko litzateke, hizkuntzak ez dezan gure aisialdi hautuan eraginik izan. Izan antzerki tailerretan, musika kurtsoetan, dantza tailerretan, zinemako ikuskizunetan ala kirol desberdinen praktikan, euskararen presentzia lehenetsi beharko litzateke. Eskolan euskaraz ikasteko aukera izatea ez da aski: haurrek hizkuntza bera erabiltzeko aukera izan behar dute eskolatik kanpo ere, lagunekin, aisialdian eta bizitzako denbora guzian. Euskaraz bizitzeko eskubidea praktikan ezagutua eta sentitua izan dadin, euskarazko eskaintza ez da salbuespena izan behar, eguneroko aukera baizik.
Manifestaldia
Euskarari egiazko lege-kuadro baten bermatzea, euskalgintzari beharrezko baliabideak eskaintzea eta euskaraz bizitzeko baldintza praktikoak eskaintzea. Aisialdiaren arlotik, hiru aldarrikapen horiek zuzenean lotzen dira gure eguneroko lanarekin: euskararen erabilera ezin da borondatearen edo baliabideen araberakoa izan. Haurrek eta familiek euskaraz bizitzeko aukera erreala izan dezaten, beharrezko baldintzak eta baliabideak sortu behar dira.

by