
2022an sortua, Konkolotx elkarteak euskarazko lehen haurtzaroko harrera egiturak sustatzen ditu. Euskararen transmisioan duten funtsezko eginkizuna aldarrikatzen du, eta azaroaren 21eko manifestaldian parte hartzeko arrazoiak azaltzen dizkigu Maider Negueloua Konkolotx elkarteko koordinatzaileak.

Enbata : Zein da zuen erakundearen ekarpena euskaldunen kopurua % 30era heltzeko?
Maider Negueloua: Gure elkartea, Konkolotx, gaztea da, 2022an sortu zen. Elkarteak biltzen ditu euskara hutsezko harrera eskaintzen duten 3 haurtzaindegiak, 7 haurtzain etxeak (MAM) eta 4 etxe haurtzainak. Eskas edo hutsune baten ondorioz sortu genuen, euskarazko lehen haurtzaroa saretzeko, gaur egun eskaintzen diren euskarazko harrera tokiak egonkortzeko eta sustut berriak sortzen laguntzeko. Hortan da beraz gure elkartearen lana, haurrak ahal bezain goiz sar daitezen euskararen bainuan.
Bestalde, banakako harrerari dagokionez, etxe haurtzainek eta haurtzain etxeetako profesionalek euskararen transmisioan egiten duten lanak ez du ikusgarritasunik ezta ezagupenik ere. Hortako, elkarteak labelizatze dispositibo bat asmatu du, LEHA dispositiboaren harirat, banakako harrerari egokitua. Metodologia hori instituzioekin partekatu dugu eta azken urte honetan ari gara haiekin lankidetzan, egokitu eta esperimentatzekotan.
Zein izan dira zuen arloan ikusi dituzuen aitzinatzeak?
Elkartea gaztea izanik ere, lehen haurtzaroari dagokionez ohartzen gara euskarazko harrera naturala bilakatu dela burasoentzat.
“Lehen haurtzaroari dagokionez ohartzen gara euskarazko harrera naturala bilakatu dela burasoentzat. Maleruski zaintza eskaera guziek ez dute erantzun baikorrik ukaiten, ez da oraino aski toki.”
Maleruski zaintza eskaera guziek ez dute erantzun baikorrik ukaiten, ez da oraino aski toki. Harrera kolektiboan haurtzaindegi anitz elebidunak dira, hori bederen, eta polliki polliki gero eta toki gehiagotan murgiltze sektoreak sortzen hasten dira. Banakako harrerari begira, antolaketa ez denez berdina bilakaera ez da hain argiki ikusten. Hala ere, gure sareko egiturei eta profesionalei ez zaie toki hutsik gelditzen, eta hori, ene ustez, behar bati erantzuten dugula seinale da. Bide beretik, Konkolotx elkarteak laguntzen dituen haurtzain etxe proiektu berriek ere erakusten dute familien eskaera zinezkoa dela. Halaber, ohartu gara aurtengo hauteskundeen ondotik agertu talde berriek interes berezi bat badutela alde hortatik ere, beraz, aitzina!
Eta ber maneran zailtasun nagusiak zein diren zehatz diezagukezu?
Lehen haurtzaroari dagokionez bi arrangura nagusi agertzen dira azken urteotan. Lehena, sortze kopuruen bilakaera: 2010az geroztik, urtero sortze kopurua apaltzen da, Ipar Euskal Herrian, 2010ean 2.811 haur sortu ziren, 2025ean 2.348 sortze izan dira. Bigarrena, lan eremu gehienetan bezala profesional euskaldunen aurkitzea neke da eta horri gehitzen zaio lehen haurtzaroko profesionalen adinarena, haurtzainen % 25ak 55 urtez gora ditu lurraldean. Horrez gain, proiektuak gauzatzeko behar den denborak, instituzioenak batez ere, urratsak emekitzen ditu eta horrengatik proiektu eramaile batzuk bidean galtzen ditugu.
Nola egin daiteke “Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea” zehazki sentitua izan dadin jendarte zabalean?
Gure arlotik begiratuz, euskara hutsezko harrera toki gehiago sortuz, hor daudenak egonkortuz eta lehenago aipatu bezala, oraingo harrera tokiak murgiltze eredura pasaraziz. Aldi berean, burasoen hautuak kontuan hartuz, hizkuntza eskubideak errespetatuz eta beharrezkoak diren baliabideak parean jarriz.
Zein dira zuen arlotik, azaroaren 21ean, Euskalgintzak deitzen duen manifestaldian parte hartzeko 3 arrazoi nagusiak?
Preseski, Konkolotx elkarteak euskalgintzaren 4 aldarriekin bat egiten du. Euskararen koofizialtasuna, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldatzea, Frantziako parlamentuan hizkuntza gutituen aldeko lege ausarta bozka dadin eta Ipar Euskal Herriko instituzioek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan eman ditzaten. Egunerokoan euskara ikasteko, mintzatzeko, erabiltzeko, transmititzeko egiten ditugun indarren jarraian, bat gehiago egin beharko dugu, azaroaren 21ean euskarari dugun atxikimendua erakusteko. Badakigu egiten, badakigu zer behar eta zer nahi dugun, beraz, eia!

by