
Azaroaren 28an, Frantses Kanonaren kontra eginen den mobilizazio masibo eta herrikoian parte hartzera deitzen dute Euskal Herri osoko 100 pertsonak, Biarritzeko Irati aretoaren inguruan bilduz eta herri harresi bat osatuz.

Euskal Herri osoko 100 pertsonak “Frantses Kanonaren aitzinean: herri harresia” manifestua izenpetu dugu (1), azaroaren 28an Biarritzeko Irati aretoan antolatua den Canon Français- ren banketea ez dugula onartzen adierazteko eta jendea horren kontra masiboki mobilizatzerat deitzeko.
Zergatik Herri Harresia?
Oso ongi dakigu zer dagoen Frantses Kanonaren bazkari horien gibelean eta horietan ohikoak diren gehiegikeriek zer salatzen duten: eskuin muturra ez da bakarrik ideia kontu bat; indarkeria da, pertsonen kontrako erasoak dira (jatorriagatik, azalaren koloreagatik, erlijioagatik edo sexu-orientazioagatik, …), bai eta egoitza militanteen kontrako erasoak, besteak beste. Urriaren 23an Frantziako Trappes hirian gertatu den hilketa arrazistak oroitarazten digu noraino joaten ahal den.
Oso ongi dakigu Frantses Kanona, Pierre-Edouard Stérin eskuin muturreko miliardunak, Belgikan zerga-iheslari denak eta Euskal Herrian etxegintzako espekulazioan parte hartzen duenak, bere Pericles proiektuarekin eskuin muturraren alde finantzatzen duen eta eramaten duen borroka kulturalaren parte dela. Frantses Kanona egitea eta ekitaldi horrek Euskal Herrira inportatzen ahal duen gorroto eta zatiketa dinamika errefusatzen dugu. Ezin dugu onartu Frantses Kanonak gure herrira “bizikidetza eta lurraldea biziarazten” irakastera etorri nahi izatea, Euskal Herriak horiek aspalditik lantzen dituelarik bere herrietako bestetan eta ekitaldi desberdinetan (Herri Urrats, Nafarroaren Eguna, EHZ, Lurrama, Korrika, …), gaztetxeetan, zikiroetan, peñetan eta poteoetan. Ezin dugu onartu bankete hori Euskal Herrian ospatu nahi izatea, Euskal Herriak 40 urte luzez faxismoa eta frankismoa bere eta herriaren ariman ezagutu eta pairatu zituelarik.
Euskal Herri osotik
Herri Harresia Iparraldeko zein Hegoaldeko euskaldunei zuzentzen zaie, argi uzteko Euskal Herriak, nazio gisa, eskuin muturra ez duela bere lurrean onartzen. Haren aitzinean altxatuko den herri harresiak Euskal Herri osoaren oihu indartsua helaraziko dio: ez dugu horrelakorik nahi hemen. Euskal Herria ez da sekula izanen lurralde bat non eskuin muturra erresistentziarik gabe eta mobilizazio irmorik gabe finkatu ahal izango den.
Frantses Kanonaren bazkariari aurre egitea erabaki dugu, aurpegia erakutsiz, modu alai, koloretsu, jendetsu eta herrikoian. Milaka lagun bilduko gara, Euskal Herri osotik, herri honen aberastasun sozial eta kulturala adieraziz. Horrela eginen dugu iritzi publikoaren borroka irabazi nahian, noski, baina batez ere horrelakoa baita nahi dugun eta egunero eraikitzen ari garen gizartea: alaia, koloretsua, bere aniztasunaz aberatsa, inklusiboa, …
“Frantses Kanonaren bazkariari aurre egitea erabaki dugu, aurpegia erakutsiz, modu alai, koloretsu, jendetsu eta herrikoian. Milaka lagun bilduko gara.”
Frantses Kanonaren sortzaile diren bi aristokratek, Pierre-Alexandre Mortemard de Boisse eta Géraud du Fayet de la Tour jaunek, bai eta Pierre-Edouard Stérin zerga iheslari miliardunak, beren besta eredu baztertzailea honat ekarri nahi dute. Parean ukanen gaituzte milaka lagun, euskal kultura, munduko gaineratiko herrien kulturekin harremanean, hamarkadaz hamarkada bizirik mantentzen duguna; kultura herrikoia eta bizia, dantzak, kantuak, bestak, herri bazkariak eta topaketak, diru-trukean oinarritzen ez diren lagunartekotasuna eta denentzat irekiak diren ekitaldiak sustatzen ditugunak.
Azaroaren 28an denok Biarritzera
Horregatik, dei egiten diegu herri honek dituen dantzari, abesbatza, txaranga, musikari, joaldun, batukada eta kale- antzerkiko lagun guziei. Azaroaren 28an, euskal kulturako eta beste kulturetako ahalik eta eragile gehien bildu behar gara, Biarritzeko Irati aretora iristeko sarbide guzietan elkartu eta leku horiek hartu behar ditugu, musika joz eta dantzan eta kantuan arituz. Goizeko 11:00etan ttanko izango gara bertan, eta lehenago ere bai. Hamaiketako erraldoia eginen dugu. Bakoitzak ekar dezala jateko eta edateko, partekatzeko zerbait: bere ogitartekoa, saskia edo xahakoa. Bakoitzak ekar dezala bere musika tresna, bere kantu liburuxkak, … Bakoitzak ekar ditzala bere pankartak, mezuak eta elkargune horren girotzeko eta apaintzeko balioko duen guzia. Beharko den denbora guzian egongo gara bertan, 14:00ak arte, 15:00ak arte edo berantago, Frantses Kanonaren bazkaria eginen ez dela lortu arte.
Eta denok batera kantatuko dugu: “Kolore bizia, arrazakeriaren kontra! Kolore guztiak, faxismoaren kontra!”
(1) https://sites.google.com/view/herriharresia/100en-deialdeia

by