Eskozia, Katalunia… Euskal Herria

PrintFriendly and PDF
ELA-Sindikatua-Txiki Muñoz1

Adolfo Muñoz “Txiki” ELA-ko Idazkari Nagusia, ELA Sindikatuaren prentsaurreko batean

ELAk zoriondu egin nahi du herri katalana, baita Diadaren arrakasta ziurtatzeko lan egin duten erakunde guztiak ere. Katalunian bizitakoa adierazpen demokratikoaren mugarria izan da etorkizuna bere kabuz erabaki nahi duen herri batentzat. Herritarren adierazpide hau bihurtuko ahal da esparru politikoan espainiar Estatuak jarriko dituen oztopoak gainditzeko besteko borondatea!

Katalunian gertatzen ari den guztiak gure ustez bi oinarri oso argi ditu.

Batetik, mobilizazio soziala: antolatua, zibila, baketsua, demokratikoa, oso errotua, ez alderdikoia eta transbertsala, nahi dutenen artean Katalunia subjektu politiko izatea, zeinak bere etorkizuna erabakiko duen. Hau ukatzen dutenak kanpoan geratzen dira.

Bestetik, kontsultaren aldeko alderdien adostasuna: Estatuak beren erreibindikazioei eman dien uko gotorra ikusirik, ondorioztatu dute konfrontazio demokratikoa beste biderik ez zaiela geratzen. Alderdiok eta beren instituzioek (TV3 bezalako erakunde publikoak barne), ukapenari aurre egiteko pedagogiaren bidetik jo dute.

Txalotzekoa da eztabaida politiko eta demokratikoen esnatzea. Orain arte zaintzapean edo galarazita zeuden. Pozgarria da debate demokratikoa ez agortzea mugak ezartzen dituzten eliteen arteko tratuetara. Garai interesgarriak bizi ditugu.

Gainera, ELAk prozesu kontzeptuari ematen dio arreta berezia. Katalunian prozesua dagoela ukaezina da. Bideari ekin ziotenean, Assemblea Nacional de Catalunya osatu zutenek ez zuten inola ere uste urte gutxiren buruan irailaren 11ko argazkia lortuko zutenik. Baina hala izan da. Errealitateak alda baitaitezke. Lidergoa, ikuskera estrategikoa, elkarlanaren balioa, proposatzeko eta ilusioa pizteko gaitasuna… Horietxek dira dituzten bertuteetako batzuk.

Erabaki zuten bazegoela bizitza esparru instituzional eta alderdietatik harago eta, eskubideak lortzekotan, klase politikoari bultzada eman behar zitzaiola. Gaur jendarte mobilizatu horrek prozesuari eusten dio; sinesgarri egiten du eta asko eragozten du piztu diren itxaropenak zapuztuko lituzkeen eliteen arteko akordio bat.

Katalunian, Eskozian eta Euskal Herrian gure herrion subiraniaren aldeko garenok onartzen dugu gure aukera erreferendum batean galtzaile izatea. Haatik, horixe ez dute ametitzen espainiar Estatuak eta itun konstituzionalaren bermatzaileek (PP eta PSOE). Bozkatzeko aukera ukatzen dute ez dutelako onartzen galtzaile izaterik.

ELAren irudiko, espainiar Estatua ordena guztietan inboluzioan sartuta dago: politikan, kontu sozialetan, juridikoetan… Prozesu subiranistari amaiera emateko bere ziurtasuna, oraingoan ere, Kode Penalean eta PPk eta PSOEk osatutako Auzitegi Konstituzionalean datza.

Euskal Herritik ikusita, badira Kataluniarekiko zertzelada komunak eta desberdintasun deigarriak. Estatuarekiko harremanari dagokionez ez dago diferentziarik. Estatuak Euskal Herrirako duen agenda aldebakarrekoa da, Eusko Jaurlaritzak besterik saldu nahi digun arren. Hala izan da, baita aurrerantzean ere. Aldebakarrekoa da, baina hala ere burujabetzaren aldekook ez gara gauza Estatuari aurre egiteko gutxieneko batzuk adosteko.

Hau handicap handia dugu. Gainera, mobilizazio sozialaren egituratzeak gure herrian bide luze bat ibili beharra dauka aurretik. Etorkizuna izango badu, ezin da inorentzat instrumentala izan.

Beste datu bat: Katalunian 700dik gora udalek (guztira 900 inguru dira) adierazi dute independentistak direla.

Goazen berriro Estatuaren agendara: Benetan ote da aldebakarrekoa arlo guztietan? Hala da normalizazio politikoari dagokionez (presoak, amairik gabeko sumario politikoak, epai politiko lotsagarrien poderioz espetxeratutako buruzagi politikoak…); baita autogobernuaren auzian ere, Estatutua erabat desitxuratu baitute oinarrizko legeen bidez; Foruaren Hobekuntza, berriz, gero eta ezdeusagoa da…

Zer gertatzen da ordena sozial eta ekonomikoan? Aldebakarrekoa al da? Ez. Estatuak Europarekin hitzartzen du politika ekonomiko eta soziala (doikuntza eta erreforma estrukturalak), baina Hego Euskal Herrian nola aplikatuko den Gasteizko eta Iruñeko gobernuekin adosten da. PPrekin eta Estatuarekin dagoen aldebiko harreman bakarra pairatzen ditugun politika ekonomiko eta sozialak ezartzeko da. Gainerakoan Eusko Jaurlaritzak pultso politikorik ez dauka, eta zentralizazio uniformatzailea salatzeko gauza bakarra egiten du, Auzitegi Konstituzionalean helegiteak sartu; hori, duela hogei urte esan zutenean ez zutela horretara joko organo politikoa zelako. Alegia, Madrilekiko UPNk duen jarrera “oldarkor” berbera.

Politika soziala bidezkoa balitz, jende asko erakarriko luke prozesu subiranistara (hori gertatu da Eskozian). Halere, akordioak politika antisozialak aplikatzeko egiten dira; behar handiena duten pertsonak zigortzeko. Polemika itxura eman arren, Gasteiz edozer adosteko prest dago: defizita bete eta zorra ordaintzea; Kutxabank pribatizatzea; zerga-politika; sosak xahutzen dituen AHT baterako dirutza bideratzea…

ELAk berriro dio: subiranismoaren etorkizuna eredu sozialarekin lotuta dago, ez helmuga gisa –hau ere baden arren–, prozesuarekin batera hasieratik doan oinarrizko osagai moduan baizik. Independentista ez ziren eskoziar askok “yes” botoa ematen dute Londresko botere politikoa City-arentzat lanean jardutea arbuiatzen dutelako. Kokoteraino daude. Berton ere subiranista ez den pertsona asko ibilbide hori egiteko prest legoke, baina ez politika hauekin.

Indar politiko katalanek esan digutenez, deitoratzekoa da Eusko Jaurlaritzak eta EAJk gako politikoak aldatzeko aukera baztertzea, noiz eta espainiar Estatuarekin 1978tik hona aitortza nazionalari dagokionez izan den talka politikorik gogorrena gertatzen ari denean; ez dago erreferentzia politiko berririk. Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko batzorde bat eratzea Estatutu Politikoarekin izandako esperientzia errepikatzea da: Ibarretxe
Lehendakariari Madrilen eman zioten zaplaztekoaren ondoren tiradera batean gorde zuten. Estatuak ematen duen ezezkoari buruz pedagogia politikorik ez egitea gatazka politikoa lokartzea da, Estatuak berearekin jarraitzen duen artean. Mobilizazio sozialari mesfidantzaz begiratzea, aldiz, elite arteko akordioak lehenestea da; alta, azken urteotan halako akordioek atzerapauso politikoak ekarri dituzte. LOAPAtik hona kalean ez da era honetako aldarrikapenik egin.

Gaur, Kataluniarekiko, antzeko osagai baino desberdintasun gehiago dago. Gurean norgehiagoka da nagusi, eta horrela ez dago prozesurik.

ELAk babesa ematen die Gure Esku Dago-ren moduko plataformei, eta dei egiten die bere afiliatuei parte har dezaten.

Erreferentzia politiko berriak, gatazka sozialean zein nazionalean, ez dira mobilizazio sozialik gabe iritsiko.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak