“Ene bizia izanen da engaiamendu oso bat”

PrintFriendly and PDF
Gamarteko laboraria. Arg. : Daniel Velez

Gamarteko laboraria. Arg. : Daniel Velez

Peio Iralour-en lekukotasuna, Mixel Berhocoirigoinen ehorzketan irakurria izan dena.

Mixel. Bi hitz ardura erabili dituk azken urte hotan, zikloa, xantierra. Gai berezi batzutazmaite huen erraitea “c’est la fin d’un cycle”. Ez hakien memento hartan hire lur huntako zikloa, hik, guk nahi baino fiteago bururatuko zela.

Xantierra: Laborantxa ganbarako urteburuko biltzar nagusia egiten zelarik, hion “aurten xantier berri bat idoki dugu”.

Mixel, hire bizian hainbeste xantierretan parte hartu duk. Antzerkian hasi hintzan, gero Euskaldun Gazteria (MRJC), hire lehen artikuliak “Zertako ez” deitua zinuten kaseta ttipian idatzi dituk. Gero laborarien sindikatean (Fdsea); gero 40 laguneko talde batean partalier hintzan. Orduko gogoeta: sindikat berri bat sortu behar dea ala FDSEA-n segitu? Ze bihurgunea, irriskuz betea. Egia erran talde hortan ziren laborarisak izan zitian geihenenik akulatzaile egitura berri baten muntatzeko.

ELB sortu zian. Gero, Nazional mailean Confédération paysanne–en sortzailetarik izan hiz, boz eremaile. Gero, Batera, gero Euskal Herriko Laborantxa Ganbara, Lurrama, azkenik Bake bidea, bake prozesuaren sustatzaile, presoen libratzearen bermatzaile, biktimen familiak beti gogoan hintuela. Hauxe da zerrenda luzea! Barkatu zonbait gauza ahantzi dizkeiau! Bahintuen oraino bertze proietu batzu. Hion eritasunaren berri jakin dukalarik “batiat zonbait gauza atsulutoki ixkiatzeko” Bainan…

Hots, 50 urtez, azken hatseraino borrokatu hiz, gauak egun inez. Bizi oso bat zintzoki, umilki, zuzentasunaren alde, laborari ttipien, laborantxa iraunkorraren alde, Euskal Herriaren alde. Ez huen sekulan amor emaiten! Astean bizpahiru egunentzat Pariserat edo Confédérazioneko departamendu zonbaitetako biltzar nagusietarat joaiten hintzelarik, Mikele espos lagunak kudeatzen zitian etxaldeko harat hunatak auzoen laguntza baliosarekin. Milesker zueri. Goresmenak Mikele!

Beti elkar lana sustatu duk erranez denek parte hartuz irabazten zirela borrokak. Bahakien bilkuretan bildumaren egiten, denen ideiak elgarretaratuz. Doté d’un esprit vif, tu savais aller à l’essentiel et donner la dimension politique. Gogoetetan, ekintzetan, beti lehen lerrotan edo aintzindari, bainan ez sekula bakarrik. Biltzar nagusietan, taula gainean, bainan biharamunean erratzarekin garbiketa egiten. Partitzean hiola laguneri “milesker eta ondoko egunak arte”.

Minixtroak kurutzatu dituk. Heieri buru egiteko fida hintzan. Orhoituko gituk zer bertuterekin defenditu huen jujen aintzinean Euskal Herriko Laborantxaren izaitea. Orhoituko ere zer bertute eta kuraiarekin parte hartu dukan Luhusoko ekintzan, ondoko egunetan Pariserat ereman hinduten gaixtagin bat bezala. Gogoan diau ere Baionan 20.000 jenderen aintzinean egin huen mintzaldi sakona.

Mixel, holakoa hintzan kanpoan, bainan etxean ere berdin. Beti erran duk etxean norat ari hintzen, zertarat. Beti hartu duk denbora hire gogoeten edo egintzen partekatzeko familiarekin, nekatua bahintzan ere. Milesker suhar bat Mikeleren partez. Hots, Mixel eta zu Mikele, engaiamendu guzietan partxuer zinezten. Zuen ezkontzako egunean, hor ziren jende eta lagunak hartu zinituzten lekuko bezala erranez “gure engaiamendua izanen da euskal et mundu guziko jendeeri buruz eraikia eta hori beti elgarrekin”. 50 urtez militante. Nundik heldu zitzaukan hire baitako kemen hori? Maite huen erraitea Euskaldun gazteria izan zela hiretzat Unibersitate bat. 1965-1975 eko hamarkadan MRJC mugimenduak galdetza hau egiten zian bilkuretarat heldu ziren gazteri “zer egin nahi duzu zure biziaz, zer izanen da zure biziaren helburua”. Hire errepostua Mixel “ene bizia izanen da engaiamendu oso bat”. A cette époque (65-75) le MRJC avait l’habitude se poser cette question aux jeunes “quel sens veux-tu donner à ta vie?” La réponse de Mixel : “ma vie sera un engagement total”.

Garai hartan Hego Amerikatan Théologie de la libération sortu zutenek ziotean “la foi sans engagement, c’est de l’idolâtrie”. Hire pentsaketa, hire urrats, hire egintza guzien bizkar hezurra hau izan duk: gazte denboran egin dukan agintza. Euskaldun Gazterian erraiten zitean gutarik bakotxak mundu huntan, bere ahalen arabera bazuela misione bat. Mixel, bide berriak idoki dituk ainitz alorretan. Hik erein haziak hozitu dituk. Uzta ederra duk eta izanen ondoko belaunaldiendako. Menturatzen gituk erraiterat “mission accomplie Michel!”. Labur bilduz, ikusketari bat izan hiz: visionnaire.

Amama Maite, Mikele, Jenofa, Inaki, Maitena, zuen hiru haurrak, familiako guziak, adixkideak, Mixel Labéguerie-k bere kantu batean zion bezala bururatzen dut “ez beha gau beltzari bainan bai izarreri” . Mixel-ek izar bereziak piztu ditu Euskal Herriko zeruan. Heien dixtira izan dadila gure ondoko egunen ipar orratz eta gidari. Gu denen partez, eskerrik kartsuenak Mixel.

Utz iruzkin bat

Zuen emaila ez da sekulan argitaratua izanen, ez eta ere komunikatua. Betetzea baitezpadakoak diren guneak * batekin markatuak dira.

Connect with Facebook

*
*

Ondoko HTML elementuak erabil ditzakezue <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak