Arbonako Berroeta bideko lurren okupazioa duela 68 egun hasi zuten ELB eta Lurzaindiak. Bi hilabete horien gau eta egunak bilkura, elgarretaratze, eztabaida, kontzertu, tailer eta animazio desberdinek osaturik iragan dira. Iparraldeko biztanle frangok beren sustengu azkarra erakutsi dakote ekintza huni, laborarien arranguraz haratago jendartea hunkitzen duen egoera dela erakutsiz. Okupazioari sustengua ekarri nahi dakoten oroer, laborari ala ez, idekia den BOST (Berroetako Okupazioaren Sustengu Taldea) izeneko kolektiboa sortu berri da. Sustengu taldeak laborantxa lurrak laborariendako izan ditezen, lurrak merkantzia hutsa baino gehiago hazkurri emaile izaitea lehentasuna izan dadin eta espekulaziotik babestua izan dadin aldarrikatzen du.
Okupazioa hasi denetik, jende ainitz hurbildu zauku Arbonako saltze espekulatiboa bezalako saltze batzu badirela lurralde osoan salatzeko eta horrek argiki erakusten dauku Arbonako lur okupazioa mugimendu herrikoi zabal baten sinboloa bilakatu dela. Arbonako okupazioa ez da kasu isolatua, Iparraldeak egoera berdintsuak bizi ditu xoko guzietan. Ekintza hau denen afera baita biztanle guzien parte hartzea beharrezkoa da. Iparralde eta Hegoaldeko herrier parte hartzeko dei zabala luzatzen diegu. Buruilean Berroetako lurren okupatze egutegi bat antolatzen dugu egunka eta herrika: « egun bat (eta gaua) = herri bat (edo herri multso bat) ». Herri bakotxak 24 orenez okupazioaren ardura ukanen du. « EGUN 1, HERRI 1 » kanpaina abiatzen da ! Bistan dena bakotxa libro da noiznahi Arbonatik pasatzeko.
SALTZAILE ETA EROSLEAREN BERRIRIK EZ
Agorrilean zehar, saltzailearekin eta eroslearekin harremanetan sartzeko urratsen emaiten segitu dute laborariek, deus erdietsi gabe. Preanpzio galdeari arraposturik ez emaiteko estrategia baten plantan ezartzen ari direla uste dugu. SAFER-ak bere eskubideak balia ditzan lan eginen dugu ono ere eta legearen kontra joaiteko baliatzen dituzten ahalen parrean ez gira izituko.
LURRAREN BESTA BURUILAREN 18AN ARBONAKO LURRETAN
Heldu den buruilaren 18an Lurzaindiaren Lurraren Besta iraganen da Arbonako lurretan. Lurra hazkurri emaile izan dadin eta lurra laborarien lan tresna denen esku egon dadin ereman den hiru hilabeteko borrokaz pundu baten egiteko parada izanen da. Hortaz gain, Amikuzeko Lohitzune herrian Kriaxera ahate hazkuntzan instalatuak diren Julen eta Sabrina laborari gazteen aldeko sos biltze kanpainaren aipatzeko parada izanen da. Besta giroan iraganen da eguna, zikiro eta animazio desberdinekin.