Iñaki Berhocoirigoin, Lurramako lehendakaria
2019an Europear Laborantxa Politika (PACa) arra landua izanen da. Aurtengo Lurrama horren inguruan kokatzen da. Europako Batasunak laborantzaren garapenerako hartu duen bideak ez du zentzurik, behi esne ekoizpenararen adibideak frogatzen duen bezala. Ekoizpen industrialaren hautuak krisia krisiaren ondotik sortzen baitu.
Europar erakundearen sortze biharamunean da europear laborantxa politika plantan jartzen 1962an. Hainbat helburu ditu: janari beharrak hasetzea, janaria prezio onargarrian jendarteratzea eta laborarier bizi hein on bat segurtatzea.
Adibide bezala behi esnea hartuz, garai hartan, behi esnadun saila ez da oraino antolatua. Erran daiteke hazkurri laborantxa dela. Behi esnadunak kasik etxalde guzietan badira eta auzoko beharrer erantzuten dute. Laborantxa garatzeko eta “modernizatzeko” deliberoa hartzen da.
Laborariak elkarte edo sindikat mailan antolatzen dira (JAC, CNJA, FNSEA).
Laborarien formatzeko, lehen laborantxa eskolak hor altxatzen dira eta ekoizteko teknika berriak zabaltzen: mekanizazioa, kimiaren erabiltzea (pozoin eta onkailu), hazi eta arraza emankorren erabiltzea.
Garai haietan dira ere, lehen esnetegiak sortzen. Ber momentuan, Europak elikadura burujabetza ardiesteko, beste neurri azkar frango plantan emaiten ditu: kanpotik sartzen diren produktuer muga zergak aplikatuak zaizkie.
Manera hortan, Europan ekoiztu esneari lehentasuna emaiten zaio. Horrez gain, laborarientzat, esne pintaren prezio minimoak segurtatuak dira ekoiztuak diren kantitate guzientzat.
Neurri hunek, gero eta gehiago ekoizteko segurtasuna eskaintzen du.
Modelo industrialaren hautua
Eta esne ekoizpena zalutzeko, modelo industrialaren hautua egiten da. Europako zereal eta arto ekoizpenak diruz lagunduak dira, pentzeak ez bezala. Ber momentuan, ameriketatik sartu kabalen bazkatzeko proteinak ez taxatzea deliberatzen da. Ondorioz, behien janaria arto enzilaja eta amerikar sojan oinarritzen da, kabalak gero eta guttiago pentzerat igorriz. Portu haundiak diren herrialdeetan, etxalde erraldoiak sortzen dira. Esne produkzioa azkar emendatzen da, laster, soberakin izan arte ere.
70. Urte hamarkada bukaeran dira esne errauts edo guriñ mendi irudiak agertzen (hauen kontserbatze gastuak Europear zerga ordaintzaileen gain ezarriz). Esnea Europatik kanpo ere igortzen da, exportazio diru laguntzer esker (dumping delakoa, hego aldeko herrialdeer kalte haundia eginez).
Bainan politika hunek ezin du iraun, sobera gostatzen delako.
1984ean beraz, esne produkzioa mugatzea deliberatzen da, kuoteri esker.
Esnegile bakoitzarentzat ekoizteko eskubidea, aintzineko urteetan laborariek ekoizten dutenaren arabera finkatzen dituzte. Ainitz egiten dutenek, ainitz eta gutti egiten dutenek gutti, laborarien eta eskualdeen artean, desoreka sortuz.
Frangok ofizioa uzten dute. Mundu mailan, liberalismoak eremua hartzen du.
“Merkataritza aske” logikak laborantxa bakean uzten badu oraino, ate joka ari da. 1992ko PAC erreforman du sudurra sartzen eta 1995ean laborantxa OMC egituran kategorizatua da.
Esne sailan 2003an kuoten kentzea aipatzen dute merkatu librearen kontra konsideratuak direlakotz. Dotzena bat urte ematen dituzte hortarat heltzeko.
Produkzio mugak polliki polliki goratzen dituzte, esne ekoizpena bultzatuz. Fite, berriz, pentsatu bezala, sobera esne bada. Prezioak apaltzen dira.
Momentu oso gogorrak bizi dira 2008-2010 urteetan. Denek gogoan ditugu “esne grebak” eta pentzeetan esne botatze irudiak. Ekoizle frangok, amorruarekin, esne ekoizpena uzten dute.
Prezioak goiti beheitika
2015ean, kuotak kentzen dira eta mundu mailako merkatuan prezioak kalatuak. Geroztik, prezioa, “yoyo” baten gisara, gora beheraka ari da. Krisi garaiak ziklo bilakatzen dira eta diru publikoak momentuan zauriak artatzen ditu…
Etxaldeen konzentrazio fenomenoak jarraitzen du. Aipatzen da 1.000 behiko 15.000 etxalde behar litaizkela, Europako esne beharren asetzeko. Castilla y Léoneko Soria herrian, 20.000 behiko uzina proiektua bada.
Segur ibilbide luze hori guzian, Frantziako FNSEA eta Europako COPAko arduradunek mugimendua jarraiki eta antolatu dutela eta ondorioz, egoeraren arduradun direla ere. PACa horrengatik iragan mende erdi huntan, behi esne ekoizleen %90a desagertu da.
PACa horrengatik ere gaur egun edaten duzuen esnea kalitateaz gutti asolatzen den Lactalis bezalako industrilari indartsuen esku da.
Behi hunen ixtorioa triste bada, maleruski, oilo, xerri edo ogi bihiarena ere berdintsua da. Alta, bukaera alegeragoa izaiteko manera bada. Beste hautu batzu eginez, PAC-ari beste norabide bat emaiten ahal zaioke. Proposamenak baditugu. Hauen ezagutzeko parada izanen duzue aurtengo Lurraman, azaroaren 16, 17 eta 18an. “Laborantxa elikatzaile baten alde” den politika ozenki aldarrika dezagun!