Frantses Estatuko sistema politiko osoa agonian dago. Nolabaiteko garrantzia duten alderdi politiko guziak memento berdintsuan krisia ideologiko eta estruktural larri batean murgiltzen ari dira. Seguraski, batzurentzat, agonia horren ondotik, hiltze mehatxua ere aintzin ikus daiteke.
Ezkerrean, alderdi sozialista gaur egun poderearen erdigunean dagoenak azken herriko hauteskundeetan 30.000 hautetsi galdu ditu eta bi urtez 25.000 kide kartadun. Osoki zatikatua da ideologikoki parlamentuko diputatu talderaino eta gobernuraino. Batzuk, halabeharrez, Hollande eta Vallsen politika obratzearen aldekoak dira eta beste zati batek egokiago kausi lezake ezkerreruntz joan litekeen norabide politiko bat.
Beste ezkerreko gehiengoko sektoreak, EELV barne, gobernuari kritika aski argia egiten diote, barne tirabira seriosak ezagutzen dituzten bitartean.
Ezker horren ezkerrean, PCF, Front de Gauche eta NPA alderdiek ez dute batere probetxurik edo etekinik ateratzen gehiengoaren ahulezia kronikotik. Alabainan hiru alderdi hauetan ere barne zatiketak nabarmenak dira.
-Eskuin parlamentarioa, nahiz ta herriko hauteskundeak errexki irabazi, mila pusketan da. Larriki zaurituetan da UMP alderdia, kasik hiltzerainoko agonia batean sartua. Diru eta korrupzio afera judizialen pean dago Sarkozyren agintaldiko geihiegikeriak ezin amortizatuz. 2017ko hauteskundeeri buruzko xefa jauntto ttipien gerla gorri gorrian hasia baizik ez dute.
Aski ez balitz bezala, zatiketa politiko eta ideologiko larria dute liberal europazale zentro eskuindarren eta nazional jakobino kontserbadore porrokatuen artean. Azken hauek nahi dutelarik argiki FN-en espazioan sartu tematika berdintsuak landuz.
Protesta oihua
Front National alderdia justuki geroz ta erro sakonagoak egiten ari da, maliziaz deitzen duen UMPS sistemaren porrota baliatuz. Aburu ikerketa ainitzek jadanik panorama politikoaren ipar orratz gisa daukate, ondoko urteetan poderegune ainitz hartzeko zorian izaiteraino. Halere alderdi ultraeskuindarrak hutsune ainitz ere badauzka. Kuadro politiko arras gutti ditu orain arte bederen eta bere aldeko bozka emaile ainitzek, bozka papera soilik sistemaren protesta oihu gisa baliatzen dute. Ezin daiteke erran bat egiten dutenik FN-en programa politikoarekin edota identifikatzen diren osoki FN-en ideologiarekin. Bainan hurbiltzearen errepika usaia bilakatzen denean, aferak balituzke bere lanjerrak.
Gauregungo Frantziako sistema politikoan alderdi guziak beren konfigurazioan arrisku larrian dira. Herritar ainitzentzat beren interes partikular eta alderdikoiak defenditzeko soilik dira alderdi politikoak. Errepublikako lehendakaria, diputatu eta hautetsi nagusienak izendatzeko barne bozka sistemak arras pikoan dituzte oraindanik, memento berdinean jendarteko kezka nagusienen bozgoragailu izaitearen zerregina eta hauen konponbidearen gakoa galdu dutelarik abiadura haundiz. Ondorioz alderdiek behar luketen sinesgarritasun minimoa galdua dute bozkatzale ainitzen aburuz. Alderdi ezberdinek daukaten beste kezka nagusia Europari buruzko debatean kokatzen da argiki. Gai hunen inguruan barne zatiketa ikaragarriak badira eskuinetik ezker muturreraino. Postura arras antagonistak badira alderdi guzietan Europaren eraikuntzari begira eta horrek lituzkeen ondorio ekonomiko eta sozialetaz.
Eztabaida ideologiko eskasa
Gure egunerokoari buruzko aterabideak ezin irakurtze edo ulertze horrek alderdi politikoeri buruzko mesfidantza haunditzen eta larritzen baizik ez du herritar xumeengan. Alderdi politikoak soilik enpresa politiko gisa ikusten ditu, bakarrik interes alderdikoiak defenditzeko gai direnak. Iduritzen zait oraino duela 30 bat urte alderdi politiko ezberdinak gai zirela beraien doktrina plaza publikora, eztabaidagune ezberdinetara zabaltzeko. Iraganeko kontua bilakatu da, alderdiak hertsituz joan dira urtetik urterat. Alderdieri buruzko enbeia edo apetitua mendratuz joan da. Alta, adibidez Europaren eraikuntzaz, ekologiaz, herri eta hizkuntzen kokapenaz edota ekonomiaren zereginaz eztabaida ideologikoa sakontzea izan daiteke gakoetarik bat gerorako alderdi edo mugimendu berritzaileak bultzatzeko orduan. Zoritxarrez ez dira (gira?) oraindik hortan gaur egun. Frantses alderdi politiko nagusienak amerikanizatu dira ohartu gabean.
Alderdi politikoak soilik enpresa politiko gisa ikusiak dira,
bakarrik interes alderdikoiak defenditzeko gai direnak.
Iduritzen zait, oraino duela 30 bat urte,
alderdi politiko ezberdinak gai zirela
beraien doktrina plaza publikora,
eztabaidagune ezberdinetara zabaltzeko.
Oihal etxe haundi eta bitxi batzu bilakatu dira, azpian taldetxo eta aldarrikapen arras ezberdin eta ezberdinduak aterbetuz. Hauteskunde programa edo helburu bakartzat daukate taldetxo eta aldarrikapen batzutan antagoniko horien geihiketa abila hauteskunde bakotxa irabazteraino. Podere gunerat helduta, iraunkortasun izpirik ezin dute lortu, konfusio osoan direlako hauteskunde gehiengo eta funtsezko oinarri politikoaren artean. Zaila da erraitea edo asmatzea zer aterako den gauregungo momentu kritikotik. Zaila da pentsatzea agian krisia hortarik aro berri bat, alderdien aro berri bat sortuko dela halabeharrez.
Pentsa daiteke ere, eskema beltz hortarik kanpo dagoela Ipar Euskal Herria, guttiago inpaktatua dela agian. Behar bada bai, behar bada ez… Edozoin gunetan izanki, egoera eta aldarrikapen espezifiko bezain globalak eskeintza araberakoa behar luke izan. Bainan begi bixtakoa denez, jendarteak eta sozietateak funtsez aldatuz doazela, iraganeko eta zaharkituak diren eskeintza politikoak ere, hein berean aldatuz eta berrituz joan beharko lirateke. Molderik hoberena agian galdera horri erantzuteko, beti bezala galdezkatze kritikoan (autokritikoan) kokatzen da: gure instituzioetaz, bizi kuadroaz, herri eta europar ikuspegiaz, alderdi politikoen leku eta zereginaz. Sans parti pris?