Abiadura ttipiko herriak (ATH)

PrintFriendly and PDF

Hizkuntzak

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Iduri luke XXI. mendean bizi eta biziko den gizarteak, gizadiak guttitan ezagutu dituen erronkak edo problematikak bere aintzinean dituela. Badu aspaldi dena lotua dela gure munduan bainan are gehiago heldu diren hamarkadetan mundializazioaren baitan garatzen diren biziaren elementuak.

Azken urteetan, antropologo gehienek azpimarratzen dute Ama Lurra humanizatu edo « gizakitu » dela aniztasunaren haria segituz. Gutti ziren hastapen batean gizakiak (milaka gehienik duela miliun urte) eta hasten den urte honetan, 8 miliar-eko kopurua gaindituko dugu.

Orain arte, maila guzietan, bereziki kultura eta hizkuntzen aldetik, aniztasun gero eta handiago eta azkarrago izan da; gizakiak gure planeta ttipiaren eremu osoa jendeztatu du bere bizi moldeak egokituz eta moldatuz, kulturak eta hizkuntzak barne.

Milaka urte iragan den prosesu konplexu horrek geldialdi bat ezagutu du nunbait Europarrak heien inguruan ziren kontinenteak eta lurraldeak hasi direlarik miatzen, konkistatzen eta uniformizatzen.

Ikerketa batzuen araberan, 15.000 ziren hizkuntzak duela bost mende ; gaur egun, 5.000 litaizke munduan eta proiekzio ilun batzuen araberan, horietarik % 80a edo 90a hil zorian dira.

Batzuek (eleaniztasun- eszeptikoak…) begi onez ikusten dute prosesu hau, partikulazki heien hizkuntza ez delarik guttitua edo lanjeran. Orokorki, mundu osoan, altxatzen dira aniztasun kulturaren aldeko bozak. Beste gai edo maila frangotan, frogatzen da errexki aniztasuna etorkizunerako erronkak gainditzeko eskuetan dugun aterabide bakarra dela: ingurumena, garraioak, laborantza, etxebizitza, hezkuntza… alor guzietan uniformizazioak ez ditu problematikak edo arazoak konpontzen.

2022ko urtean iraganen diren hitzordu gakoak ditugu, eskala guzietan, heien artean Frantziako presidentziarako hauteskundeak. Kanpaina erritmo azkar batean sartu da eta Euskal Herritik ikusita, urduri edo kezkatua egoteko arrazoinak ditugu.

Frantziar estadoak eskaintzen digun panorama politikoak ez digu esperantza handirik ematen; zundaketak dira noski bainan begi bixtan dugu jadanik hauteskunde horien ideia edo eztabaida nagusiak, argi da eskuinak edo eskuin muturrak bere ikuspundua garatzen duela. Ez du alta arbolak oihan osoa gordetu behar…

Bai noski, gure aldarrikapenetarik hurbil edo hurbilenak diren hautagaien artean, baikorrak izateko arrazoinak ditugu bainan orokorki azpiko mezua usu berdina da, Frantzia edo frantses estadoa egon behar da indar edo potentzi bat munduan.

Ezkerreko mugimenduen edo hautagaien artean ere, entzuten da usu Frantziak bere lekua berretsi behar duela, bere fama berreskuratu behar duela. Kanaky-n gertatu dena hirugarren erreferrendumakari edo Macronen bisita arabiar erregimen autoritario batzuetara hor dira erakusteko zertan den Frantzia. Gauza horiek mundu mailan lehian diren estado handien artean entzuten eta ikusten dira bakarrik; iduri luke populu batzu besteak baino handiagoak direla, darwinismo kultural edo politiko batek duela antolatzen gure mundua.

Horren aintzinean, herri edo populu ttipiek beste bide bat erakusten dute eta maiz hautatzen dute.

Euskal Herrian, beste leku batzuetan bezala, laboratorio pollit bat dugu ekimen xume batzu martxan ezartzeko eta abiadura ttipi batean, beste mundu bat posible dela frogatzeko.

Potentzi handien harropuzkeriaren aintzinean, elkartasuna eta tinkotasuna beharko dute gauzatu, segurtatzen duten aniztasuna izaten ahal baita aterabidea Ama lurraren humanizazio luzatzeko.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak