Egun hauetan biztanleria datu berriak argitaratu dituzte estatistika erakundeek, urtero ohi duten bezala. Azken datuen arabera, Euskal Herriak duela urte bat baino 9.860 biztanle gehiago ditu. Iturri ofizialetako datuen baturak 2017 urtean 3.142.982 biztanle ematen ditu, 2.839.539 Hego Euskal Herrian eta 303.443 Ipar Euskal Herrian. Hara Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak egin azken lanaren xehetasunak.
Herrialde guztiek biztanleria irabazi dute, Zuberoak izan ezik. Aipagarria da Lapurdiko populazioaren hazkunde-tasa handia, non azken urtebetean biztanleria %1,1 hazi den . Joera hau ez da berria , ordea. Milurtekoaren hasieratik etengabekoa izan da eremu honetako hazkundea.
3.142.982 biztanle Euskal Herrian,
horietatik %79,8a hirigunetan
edo bitarteko hiriguneetan
Ipar Euskal Herriko barne aldearen despopulazio joerak mahaigainean jartzen du lurraldearen metropolizazioa, kasu honetan Lapurdiko kostan eta Aturri hirigunearen bueltan gertatzen ari dena.
Euskal Herriko herritarren erdia (%50,6) hirigunetan bizi da egun, eta beste ia heren bat (%29,1), bitarteko hirigunetan.
Begirada eskualdeka xehetuz, desoreka nabarmenak ageri dira. 2008 abiapuntu hartuta, zenbait eskualdek biztanleria galera handiko bilakaera izan dute. Galera handiena pairatu duten eskualdeak dira Erronkari-Zaraitzu, Arabako Mendialdea, Salbaterraldea, Zangozerria, Zuberoa, Ebro Garaiko Erribera edo Tafallaldea. Despopulazio joera geldiaraztetik urrun, azken urtean gehientsuenek biztanleria galtzen jarraitu dutela baieztatzen dute datuek.
Edonola ere, galera horiek Nafarroa Beherea, Zuberoa, Nafarroa Garaia eta Araban metatzen dira.
Gipuzkoa eta Bizkaiak, oro har, biztanle gutxieneko eskualdeetako biztanleria bataz besteko arekin batera emendatzen ari dira, Lea-Artibai eskualdea izan ezik.