2015ean, gozatzeko ahalmena eta gaitasuna

PrintFriendly and PDF

Erkeak1Urte hastapena beti izan ohi da gauza onen desiratzeko unea, norberarentzat erabakien hartzeko eta besteei opatzeko. Ene partetik, gozatzeko ahalmena eta gaitasuna desiratzen dut enetzat baita besteentzat ere.

Neguan elur zuri eta zeru urdinarekin haize sanoz birikak betetzeko, udan eguzki eztiarekin larru azala perekatzeko edota urean freskatzeko ahalmena eta gaitasuna. Udaberrian lili ederrak loratzen ikusteko eta usaintzeko ahalmena eta gaitasuna.

Lorez lore dabilen erleak beldurtzen bagaitu, beldur horren gainditzeko ahalmena eta gaitasuna. Erleak ekoiztu eztia dastatzeko eta gozatzeko ahalmena eta gaitasuna.Erleak auzokoarenak direla eta auzoak ezti goxoa dasta dezakeela ikusterakoan, guk eztirik ez badugu ere, harengatik pozteko ahalmena eta gaitasuna. Erleak eta auzoak eztia ekoizteko egiten duten lana preziatzeko eta plazerez laguntzeko ahalmena eta gaitasuna. Eztia gurea bada, baina auzoak halakorik ez duela ohartzen bagara, hari eman eta haren gozamenarekin pozteko ahalmena eta gaitasuna. Lagunak ez badu eztia maite, haren edo besteen gustuak desberdinak ezan daitezkeela eta hori aberastasuna dela eta ez arazoa, ulertzeko ahalmena eta gaitasuna. Lagunak edo auzoak gure oparia ez badu preziatzen, bere arazoa dela eta horrekin ez mintzeko ahalmena eta gaitasuna.

Lore, erle, auzo eta lagunekin uros bizitzeko ahalmena eta gaitasuna eta bereziki, norbera bere buruarekin. Ez badakigu, ikasteko ahalmena eta gaitasuna. Erleak edo larrosak, auzoak edo lagunak ziztatu bagaitu, arantzadunekin kasu egiten ikasteko eta beharrez horietatik urruntzeko ahalmena eta gaitasuna. Triste gaudenean nigar egiteko, eta behar dugunean, lagunei gure tristurak kontatzeko ahalmena eta gaitasuna. Loreak, erleak, itsasoak, auzoak edo lagunak edota norberak ere injustizia jasaten dugula senditzen dugunean, elkarrekin antolatu eta oldartzeko ahalmena eta gaitasuna.

Hitz batez, zoriontsu izateko ahalmena eta gaitasuna eta horren alde aritzeko borondatea.

Urte berri on eta zoriontsua denei.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video