Gure Esku Dagok Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko 201,9 km-ko jende katea 175.000 pertsonarekin osatu du igande honetan, ekainaren 9an, erabakitzeko eskubidearen alde mobilizazio berri bat kausituz. 12:30ean Jone Amonarriz eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko ordezkariek, Gasteizeko legebiltzarraren aitzinean hitza hartu dute. “Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria” azpimarratuz. “Gizartean aldaketak eragiteko dugun indarraz jabetzen ari gara herritarrok. Azken hilabeteotan bereziki, milaka herritar atera gara kalera aldarri desberdinekin behetik gora antolatutako herri mugimenduek deituta. Behin eta berriro, herri bezala dugun gaitasun kolektiboa erakusten ari gara kalean. Eta behin eta berriro, aldarri horien guztien muinean erabakimenaren auzia dagoela agerian gelditzen ari da”. Gure Esku Dagok, herri honetako eragile sozial, politiko eta kulturalekin eta erakundeekin batera erabakirako bidea egin nahi duela azpimarratu du… uste baitu estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula denen artean, adostasun zabalak eraikiz, bilatu, eztabaidatu, eta adostu behar dela, modu librean eta demokratikoan.
Milaka lagunek eman diote eskua eta zapia elkarri erabakitzeko eskubidearen alde. 12:00etan zapiak edo eskuak lagun, Donostia eta Gasteiz lotu ditu Gure Esku Dagok antolatu giza-kateak. 5.000 bolondres inguru, 1.000 autobus, Europako 100 telebista eta 175.000 lagun bildu direlarik 201,9km-etan zehar.
Gure Esku Dago-ren bozeramaileek, Jone Amonarrizek eta Anjel Oiarbidek irakurri dute 202 km-ko jende kate arrakastatsuaren bukaeran, ekainaren 10ean, ekitaldi bukaerako manifestua.
“Ziklo berri baten hasiera irudikatzen ari gara gaur Euskal Herrian. Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria. Gaur milaka eta milaka herritarrok inoiz baino argiago erakutsi dugu elkarrekin, herri honen etorkizun politikoa erabaki nahi dugula. Erabakitzeko beharra daukagula. Eta milaka arrazoi ditugula, maila pertsonalean zein kolektiboan gure bizitzetan zuzenean eragiten digutenak, gure etorkizunaz hitza hartu nahi izateko. Horregatik, ez gara soilik mobilizatu erabakitzeko eskubidearen alde. Demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsan ere eman diogu eskua elkarri. Eta amesten dugun etorkizunari begira jarri gara, gaurtik bertatik eraikitzeko.
Giza katean eskuz esku batu ditugu herritarron erabakitzeko arrazoiak, eta Eusko Legebiltzarraren atarira ekarri dugu Herritarron Ituna. Gaur honaino ekarri dugu, baina bide luzeagoa egiteko asmotan, laster Nafarroako Parlamentura bertaratzea espero baitugu. Hilabeteetan herriz herri egindako lanketa parte-hartzaile eta zabalaren emaitza da erabakitzeko 2019 arrazoien bilduma hau; 2019. urtean erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin urrats erabakigarriak emango diren itxaropen eta ilusioar en isla. Gizartean aldaketak eragiteko dugun indarraz jabetzen ari gara herritarrok. Azken hilabeteotan bereziki, milaka herritar atera gara kalera aldarri desberdinekin behetik gora antolatutako herri mugimenduek deituta. Behin eta berriro, herri bezala dugun gaitasun kolektiboa erakusten ari gara kalean. Eta behin eta berriro, aldarri horien guztien muinean erabakimenaren auzia dagoela agerian gelditzen ari da. Bertan, Euskal Herrian, erabakitzeko beharrak elkartzen gaitu. Horregatik, aldarri horien guztien topaleku izaten ari da gaurko giza katea.
Urte hauetan behin eta berriro erakutsi dugu elkarlanaren bideak aurrerapausoak ematea ahalbidetzen duela eta ziur gaude orain arteko ibilbidearen jarraipena dela erabakira eramango gaituena. Estatus politikoaren inguruko gogoeta abiatuta dago gure lurraldeetan, tokian tokiko berezitasunekin. Esparru ezberdinetatik lan handia egiten ari da norabidea horretan. Ahalegina areagotzeko unea da, elkarlanaren bidetik, aurreiritzirik gabe eta elkarbizitzan sakonduz. Horregatik, elkarlan esparruak zabaldu eta sakontzeari ekingo dio Gure Esku Dagok, herri honetako eragile sozial, politiko eta kulturalekin eta gure erakundeekin batera egin nahi dugulako erabakirako bidea. Uste baitugu estatus politikoaz erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula denon artean, adostasun zabalak eraikiz, bilatu, eztabaidatu, eta adostu behar dugula, modu librean eta demokratikoan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko sare iraunkorra sustatuko dugu, eragile bakoitzak bere ekarpena egin dezan erabakiaren bidean. Lurralde ezberdinak aintzat hartuz, Euskal Herrian, etorkizunaz erabakitzera eramango gaituen Herri Itunera jauzi egiteko.
Erabakitzeko eskubidearen egikaritzea giltza izango da hurrengo aroan. Epe luzerako bizikidetza bermatzeko gako garrantzitsua delako, eta herritarron borondate demokratikoa oinarri eta muga bakarra izanik, egitasmo demokratiko guztiak maila berean gauzatzeko aukera eskaintzen duelako, bazterketarik gabe. Herritarroi hitza ematea besterik ez dugu nahi. Demokrazian sakonduz, burujabe erabakitzeko. Horixe da erronka bikoitza: gure lurraldeetan esparru demokratiko sendo bat eraikitzea eta, aldi berean, burujabe erabaki ahal izateko baldintzak sortzea . Gaur jauzi handi bat egin dugu. Erakutsi dugu gero eta gehiago garela herri burujabe bat nahi dugun herritar ahaldunduak. Gaur ilusioa eta irribarrea eskuz esku barreiatu ditugu, lau haizetara, euskal komunitate osora. Eta argi utzi dugu herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere helburu eta asmoetan. Herritarrok lanean jarraituko dugu, determinazio osoz, nahi dugun etorkizuna erabaki arte . Jende zoriontsua, herri libre batean bizi arte . Ez diogu beldurrik askatasunari. Bidean gara. Erabakiko dugu. Gure esku dago.”
Erabakitzeko eskubidearen alde Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen giza kate erraldoiaren zuzeneko irudiak.
Informazio gehiago : https://twitter.com/GureEskuDago edo https://twitter.com/GureEskuDago