Peio Jorajuria, Seaskako Lehendakaria
Seaskako sartzea
Iazko ikasturte bukaerako kezka guzien gainetik, ikasturte berri eder bat abiatu dugu, Xarnegu ikastolaren idekitzearekin. Euskara etxean, karrikan, eskolan eta lanean nahi dugulako, ezinbestekoa da ikastolak etxetik hurbil, herritarrengandik hurbil izan daitezen, eskura dagoen egiazko hautu bat izan dadin. Beraz gure aldetik ere, Bardozeko burasoak eskertu behar ditugu, heien ahaleginari esker, euskara biziaraziko baitugu eskualde huntan ere.
Maider Behoteguy auzapeza ere eskertu behar dugu, hastapenetik harrera ona egin baitugu eta ekimen hau laguntzeko xedea agertu baitu.
Nahiz eta azken urteotan urte guziz sortze tasak tipituz ari diren, -Akademia Ikuskariaren arabera 1000 haur gutiago eskolatzen baitira Biarno eta Ipar Euskal Herrian urtez urte-ikastolek aitzina darraite, geroz eta ikasle gehiagorekin, etengabe. Ostegunean 4 064 ikaslek egin dute sartzea ikastoletan, haur hezkuntzatik lizeorat, iaz baino 43 ikasle gehiago. Ondoko egun eta asteetan 2 urteko 60 ikaslek eginen dute sartzea, bakoitzak bere erritmoan, 4 100 ikasleen heina gainditzeko 38 ikastoletan.
Euskararen muga senditzen den eskualde huntan alta kopuruak goiti doaz. Hazparneko ikastolan iaz baino 14 ikasle gehiago izanen dituzte sartze huntan 147 ikaslerekin (+%10,54) eta Beskoitzen 8 ikasle gehiago 52rekin (+%18.18). Kostaldean ikasle kopurua mantentzen da, entrekostan goiti doa eta barnekaldean ere. Adibidez Baigorriko Ikastolan aurten iaz baino 14 ikasle gehiago dituzte, 33 ikasletik 47 ikaslera pasatzeko (+%42.42). Senperen (+13 ikasle) sekulan baino ikasle gehiago dituzte 117. Hazkundea lehen mailetan sendi dugu, 40 ikasle gehiago baititugu. Lizeo eta kolegietan iazko kopuru berak mantentzen dira.
Sortzeak anitz apaldu badira ere, Ikastolen eta murgiltze ereduaren kontrako mehatxuak handitu baldin badira ere, geroz eta herritar gehiagok egiten du Ikastolen parioa. Funtsean Ikastolak baitira murgiltze eredua eskaintzen dugun bakarrak, haur hezkuntzatik lizeraino, geletan eta geletatik kanpo. Gure xedea ez baita haurrek Euskara ikas dezaten, baizik eta haurrek euskaraz ikas dezaten.
Murgiltzea elebidunean
Hiru eskola elebidunetan haur hezkuntzan klaseak osoki euskaraz egiteko borroka irabazi izana azpimarratu behar dugu. Iaz Hiriburun lortu genuen bezala, aurten Ortzaize, Idauze-Mendi eta Aiherran lortu dugu idekitzen. “Dugu” diot, euskararen aldeko borroka kolektiboa baita. Eskoletako buraso eta irakasleak, auzapezak, Ipar Euskal Herri mailako hautetsi, elkarte eta herritarrek lortu baitugu Pariseko erasoak gelditzea. Borroka horretan Seaskaren inplikazioa erabatekoa izan da. Arrisku anitz hartu dugu eskola publikoetan murgiltzearen alde borrokatuz. Molac legeak murgiltze ereduan ginen elkarteendako ez zuen ekarpenik. Baina gure praktika eskola publikoetara hedatzeko nahiak frantses jakobinismoaren alderik ilunena iratzarri du. Eta publikoan murgiltzea debekatzeaz gain, elkarte eskoletan 50 urte baino gehiago dituen praktika pedagogikoa antikonstituzionala dela aldarrikatzeraino joan dira Pariseko agintariak.
Baina borrokatzeak merezi zuen. Biziki argi baitugu euskararen alde ari garela denak, eta sare guziek behar dutela murgiltzea garatu, ez bakarrik haur hezkuntzan, baizik eta lehen mailan, kolegioan eta lizeotan ere, murgiltze osoa baita bide bakarra haurrak egiazko elebidun izan daitezen; hain baita egoera disglosikoa eta frantsesaren presentzia gizartean hain da itogarria euskararendako.
Gure aldetik, ama eskolan murgiltzea garatzeko eman dugun indarra bezain bat emateko prest gaude, lehen eta bigarren mailan ere murgiltzea garatu dadin beste sareetan, hori baita euskararen geroa segurtatzeko bide bakarra.
Gisa berean, Larraiñeko eskolari ere elkartasuna adierazi nahi diogu, burasoek euskaraz ikasteko egin duten hautua errespetatua izan dadin. Ez baita onargarri euskaraz ikasi nahi duten familiei euskaraz ikastea debekatzea.
Castexekin bilkura
Ikastolen patua ere ez da trenkatua. Kerlogot eta Euzet deputatuen txosten zentsuratuaren ondoren, Frantziako lehen Ministroak uztailean behar gintuen errezibitu, gero agorrilean, iraila hastapenean eta orain iraila bukaeran. Baina ez dugu haren berririk. Murgiltze ereduaren babesa, irakaskuntza segitzeko baldintza duinak, eraikuntza publikoak izateko eskubidea, eta azterketak euskaraz izateko eskubidea dira Parisera eramanen ditugun aldarrikapenak Eskolim sareko lagunekin batera.
Aldiz, sartze huntan, Diwani buruzko Barnabe txostenaren berri ukan dugu. Eskualde Hizkuntzen Ikuskari Nagusia Yves Bernabé 2019 urtean izan zen Bretainian eta Euskal Herrian Diwan eskolak eta ikastolak bisitatzen eta Diwaneko ordezkariekin eta Seaskakoekin bildu zen.
Egunotan jakin dugu Bernabé txosten bat badela Ministerioko apaletan Diwani buruzkoa. Bertan murgiltze ereduaren arrakasta azpimarratzen da, eta Diwanek dituen biziki emaitza onak adieratzen dira. Baina arrakasta eta emaitza ezin hobeak dituen murgiltze sistema hedatu ordez, Bernabe ikuskariak murgiltze sistema suntsitzeko, eta Diwan plega arazteko estrategia proposatzen ditu txosten horretan.
Diwanendako bezala, Seaskaren inguruan txosten bat badela segur gara, eta Hezkunde Ministroari txosten horren berri eman dezala galdegiten diogu, euskal jendarteak jakin dezan zein diren Parisen benetako asmoak Ikastolen geroari buruz, eta desagerarazi nahi duten gure hizkuntzari buruz.
Konstituzio Kontseiluaren erabakia beraz ez da Molac legearen inguruko momentuko erabaki bat, Hezkunde ministerioaren bulegoetan abiarazi duten plangintza berri baten emaitza baizik.
Iraila bukaeran Jean-Michel Blanquerren ministerioak zirkular bat aterako omen du, hemendik aitzina egin daitekeena eta ez daitekeena zehatuz. Euskal jendartea adi egotera deitu nahi dugu, ez baita deus irabazia, eta Kontseilu Konstituzionalak gure buruen gainean ezarri duen Damoklesen ezpata edozoin momentutan jauzarazi nahiko baitute.
Ez ditugu erronkak eskas. 50 urtez gibelerat egin nahi duen Gobernuaren aitzinean, 70. Hamarkadako Txomin Heguyk idatzi zuen kantua har deazgun gogoan: “Lot gaiten lanari denok elgarrekin, Euskara bizi dadin badugu zer egin”.