Erretreten erreformaren inguruko eztabaidak eta borrokak, lanak gure bizian duen garrantzia berriz gogoetatzera eramaiten gaitu. Gai horri begira abertzaleek “korapilo” batekin topo egin dugula iduri du.
Hainbat soziologo eta ekonomilariek baieztatzen dutenez, martxan diren teknologi aldaketek (bereziki adimen artifizialarena) enplegu suntsiketa handia eragingo dute ondoko urteetan.
Egiturazko langabezi masibo bati erantzuteko molde egokiena da lana partekatzea, lan denbora murriztuz.
Horrez gain, krisi ekologikoak halabeharrez hazkundearen logikarekin bukatzea behartuko gaitu.
Desazkundearen kontzeptua iradoki zuen Nicholas Georgescu Roegen ekonomilariak ziona gogoratzea komeni da : “soilik ero batek eta ekonomilari batek baliabideak mugatuak dituen planeta batean hazkunde mugagabea izan daitekeela pentsa dezakete”.
Hortaz, Frantzian ekologia politikoaren sortzaile nagusietariko bat bezala jotzen den André Gorz-en azterketak lanaren inguruan asko itzulikatu badira ez da kasualitatea.
Gero ezberdinen horizontea
André Gorz-ek formalizatu zituen gogoetetatik funtsezko ondorio bat azpimarratu daiteke: arriskuz beteriko bilakaerei (tartean beraz krisi ekologikoarena) buru egiteko orduan, gero posible ezberdinen horizontea ideki behar dugu, beste mundu baten ametsa errealitatea bilakatzeko. Beste gisa batez erranez: epe ertain, luzean, bortxaz eman beharko ditugun aldaketek daukaten sakontasun maila ikusirik, utopia batzuen inguruan berriz amets egitera behartuak gara; aldaketa horiek modu egoki batean norabidetu nahiko baditugu behintzat…
Perspektiba hortatik, André Gorz-ek lan denboraren murrizketaren haritik egituratu daiteken jendarte “berri” baten irudikapena eskaini digu. Berak bi motatako “lanak” ezberdintzen zituen.
Alde batetik, lan “heteronomoa”, gaur ezagutzen dugun “enplegu” baten ezaugarriak dituena.
Alegia, interes kolektiboari erantzuten dion lana, eta parte handiz gure jendarteetan lansariduna izaten dena. Baina lan mota hori drastikoki murriztu beharko denez, denbora librearen aro berri bat idekiko da gure jendarteetan. Pertsonek denbora libre hori gustukoak dituzten jarduerekin betetzen ahalko dute; jarduera horiek mota askotarikoak izan daitezkeelarik: aisialdi, kirol, kultura mailakoak, etab. Baina inguruan ditugun erretretadunek erakusten digutenez, jarduera horien artean, hainbatzuk izaera “produktiboa” eduki dezakete, jendartearentzat balio erantsi sozial inportante bat eskaintzen duten neurrian: haurren heziketa, adinekoen zaintza, baratzegintza etab.
Merkatuaren aztaparetatik ken
André Gorz-ek lan mota horiek “lan autonomoaren” kategorian sailkatzen zituen. Lan heteronomoaren murrizketak eta lan autonomoaren eremuaren idekitzeak ondorio ezberdinak kateatu ditzakete. Horietako bat da merkatuaren bitartez gauzatzen diren trukeen apaltzea, harreman sozialen aberastearen mesedetan.
Adibide bat hartzeagatik : denbora libreari esker senideek adinekoen zaintza hobeki bermatuz gero, zahar etxeen beharra ttipituko litzateke, eta beraz, funtzio hori merkatuaren aztaparretatik kenduko litzateke.
Beste ondorioa da pertsonen parte-hartze sozial eta politikoaren aukerak biderkatuko liratekeela. Eta sail ezberdinetan (Aek, ikastolak, sindikalgintza etab…) murgilduak diren militante abertzaleek ongi dakite zer suposa lezaken horrek… Holako utopien zerumuga berriz begiratzen dugularik, inposatu nahi dizkiguten “erreformak” (erretretena kasu) zenbateraino oker norabidetuak diren ohartzen gara…
Denbora libreari esker
senideek adinekoen zaintza hobeki bermatuz gero,
zahar etxeen beharra ttipituko litzateke,
eta beraz, funtzio hori merkatuaren aztaparretatik
kenduko litzateke.
Aldi berean, parean ditugun sakoneko aldaketei egokitzeak funtsezko eremu batzuei begira inplikatzen dituen pertzepzio eta ikuspegi aldaketen neurria ere berriz hartzeko laguntzen gaitu. Lanaren kasuan: guttiago produzitu behar dugu, beraz, lan guttiago egin behar dugu. Betebehar hori aukera bat bezala kontsideratu behar dugu. Baina euskaldunen inkonsiente kolektiboan bizi-modu “zuzena” edo “sendoa” eramateak lanean gogorki aritzea suposatzen duenez, ez dut uste abertzaleentzat perspektiba aldaketa hori barneratzea baitezpada erretxa denik.