Zenbatek dakite Apirilaren 17-a laborari borroken egun internazionala dela, 1996-ko apirilaren 17-az geroz? Egun hortan Brasilen, “MST”, lurrik gabeko laborarien mugimenduko 19 arduradun erahilak izan ziren. Hara nola, krimen horren gibelean, lur jabe haundien eskua izan zen, inpunitate osoan.
MST, “Via Canpesina”-ko kide da. Mundu mailako mugimendu erraldoi hunek 182 erankunde biltzen ditu 81 herrietakoak eta 200 milio laborari afiliatuak dauzka. Euskal Herrian EHNE sindikata kide da eta ELB ere nolabait “Confédération Paysanne” bitartez.
Urtero, apirilaren 17- an, hainbat ekitaldi eta mobilisazio antolatuak dira munduko alde guztietan: ekintza sindikalak, denunziazio martxak, foro eta semenarioak, debate edo beste edozoin forma hartzen ahal duten salaketak.
Via Canpesinaren ardatz nagusiak dira: lurrari buruzko eskubideak aldarrikatzea, erreforma agrarioak eksijitzea hainbat estadoeri munduan zehar, merkatu librearen aurrean elikadura burujabetza eraikitzea, hazien erabilera laborarien esku atxikitzea, bioaniztasuna zaintzea, trangenikoak debekaraztea, eta emakumeen lekua eta funtzioa errespetaraztea arlo sozial ekonomiko eta politiko guztietan.
Nazio Batuen deklarapena
Via campesina 1993-an sortu zen Belgikan. Bere 7 garren konferentzia 2017-ko uztailean egin zuen Euskal Herrian, Derion. Bost kontinenteko 600 ordezkari bildu ziren bederatzi egunez. Lurra, ura, haziak, multinzionalen ofensiba liberala, klima aldaketa eta migrazioa izan ziren mundu osoko delegatuen lan sailak.
Lurra eta elikadura burujabetzari buruzko borrokak askotan kario ordaintzen dira, urtero militante eta arduradunak erahilak baitira: gure aldeetan ez bezala, asko lekutan sindikalismoa aktibitate harriskutsua bilakatu da. Hala ere, ez da debaldetan, indarra ematen duten garaipen batzu lortzen baitira.
Azkenik, 2018-ko abendoan, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onartu du, lehendabiziko aldiz, txoxten garrantzitsu bat laborarien eskubideak errekonozituz. Adierazpen horrek dio laborariek dutela mundua elikatzen, asko lekutan beren eskubide minimoak ez errespetatuak izan arren. Emakumeek jasaiten duten diskriminazioa salatzen du. Aldaketa klimatikoa eta bioaniztasuna suntsitzeak dakarten prekaritatea azpimarratzen du ere.
Nazio Batuek, Estado guztieri eskatzen diete laborari ttipien, komunitate indigenoen, baserri munduko langileen eskubide eta duitasuna defenditu eta zaindu ditzaten. Diote miliar bat pertsonen errealitatea jokoan dela. Laborarien mugimendu internazionalek ontzat hartu dute adierazpen hori: hoin ofizialki laborantza herrikoiak inoiz ez baitu izan holako errekonozimendua.
Nazio Batuen adierazpenak dio
laborariek dutela mundua elikatzen,
asko lekutan beren eskubide minimoak
ez errespetatuak izan arren.
Zentzu hortan, Via Campesina mobilisatzen da goraipatuak izan diren printzipio horiek aplikazioan sar ditezen konkretuki nekazal politika publikoetan eta negoziazio internazionaletan. Hortarako, Nazio Batuen deklarapena, tresna juridiko bat bezala erabilia izanen da laborarien eskubideak eta justizi soziala errespetarazteko: planeta elikatzen dutenak bizi ahal izan ditezen duitasunean eta bakean, egunero mehatxatuak izan gabe.
Borroka planetarioaren oihartzuna
Elikadura burujabetza, pertsona bakoitzaren eta Herri bakaoitzaren lehen eskubidea da!
Herri bakoitzak izan behar du eskubidea bere laborantza zaintzeko eta bere biztanleen elikadura antolatzeko. Laborantza lokalak elikadura lokala egin behar du, baliabide lokaletarik abiatuz. Laborantza iraunkorra, hori da!
Oinarrizko eskubide horren erdian laboraria da: bere lehen funtzioa baita elikadura hornitzea, lekuan lekuko laborantza garatuz: mendi gunean mendia baliatuz, zelaian araberako proteinak edo zerealak edo barazkiak ekoiztuz… Polikultura eta polihazkuntza erabiliz, hazkuntza eta landareen miksitatea eta osagarritasuna bermatuz.
Via Campesinaren ordezkaritza eta borroka planetarioak, apirilaren 17-ak emaiten dion oiartzunak, eta Nazio Batuen adierazpenak, ematen die azkenean munduko laborariei ezagutuak izatea merezi duten heinean!
Konfiantza horrek azkarturik, guk laborariek behar dugu laborantza eta elikaduraren arteko historio luzea segitu, transmetitu. Sobera historio ederra da uko egiteko multinazionalen eta politika liberalen aintzinean!