Joseba Alvarez (Aman Komuneko sareko eta Lurralde Askea taldeko kidea)
Inguratzen gaituen mundua bezala, Euskal Herria ere, errotik aldatu da azken hamarkadatan. Mota guztietako izugarrizko eraldaketak bizi izan ditu gure herriak, bai lan harremanetan, bai kontsumo ereduan, bai jendarte antolaketan eta baita gure eguneroko bizitzaren beste mila alorretan ere. Eta beldur naiz euskal indar politikoen aldetik eskaini izan zaizkigun proposamen politiko historikoak ez ote diren lekuz kanpo geratu.
Baina formak asko aldatu badira ere, edukia betikoa ez ote den, edota oso antzekoa ez ote den pentsatu beharko genuke. Izan ere, gaur -atzo bezala- sistema kapitalistak -heteropatriarkalak orain-, herriak, herritarrak eta langileria miseriara eta uniformizaziora kondenatzen ditu, belaunaldi berrien eta planetaren etorkizuna zalantzan jartzeraino. Eta gainera, krisiaren aitzakian egoera gogortu dute segurtasunaren izenean herritarron oinarrizko eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta kulturalak gehiago zapuztuz. Horrela ikusita, aldaketa gutxi, ezta?
Kapitalismoak formen eztabaidatara eraman nahi gaitu, edukia aldatzen ez den bitartean formak aldatzeko prest dagoelako. Eta beldur naiz pragmatismoaren izenean, eta jendartea asko aldatu dela argudiatuz, euskal indar politiko gehienen eskaintza berria ez ote den nagusiki formen eztabaidara mugatzen, benetako eraldaketa helburutzat duten jendarte mugimenduengandik zein herritarrengandik aldenduz. Horretan datza Euskal Herrian ematen ari den aldaketarik nagusienetako bat: ezkerreko indar politikoen eta jendarte mugimenduen arteko urruntzea.
Ondorioa argia da, gero eta gehiago dira indar politikoak alde batera utzi eta beraien lana, ekarpena eta baita borroka ere jendarte mugimenduetan edota eragile sozialetan ematen duten euskal herritarrak. Bide horretatik Euskal Komunitate Soziala indartu da azken hamarkadatan, zalantzarik gabe, baina gaur ez du garai batean bezala bere burua inongo eskaintza politiko zehatz -eta batez ere praktika politiko- batean islatua ikusten. Euskal Espazio Soziala egituratzen ari da, baina oraingoan espazio autonomo, autogestionatu eta desobediente moduan egiten ari da. Eta nagusiki euskaraz gainera, euskalduna delako mugimendu hori eta bestelako Euskal Herria helburutzat duelako. Alderdi politikoentzat honakoa aukera aproposa izan daiteke jendarte mugimendu hauekin partekatu nahi dituzten ardatz eta egin moldeen inguruan erabaki egokiak hartzeko.
Euskal Herria Bizimodu Onaren herria bihurtu nahi dugu
eta horrek konpromiso eraldatzaileak hartzea eskatzen du.
Pausoka gure alternatibak eraiki behar ditugu
eta bidean jarriko dizkiguten oztopoen aurrean,
desobedientziaz, ekintza zuzenaz, kolaborazio ezaz ala erresistentziaz aritu.
Izan ere, Euskal Herriko jendarte mugimenduek ez dute sistemaren formazko eraldaketa bilatzen, fondokoa baino. Lurralde Askean ondo esaten dugun moduan, Euskal Herria Bizimodu Onaren herria bihurtu nahi dugu eta horrek konpromiso eraldatzaileak hartzea eskatzen du. Pausoka gure alternatibak eraiki behar ditugu eta bidean jarriko dizkiguten oztopoen aurrean, desobedientziaz, ekintza zuzenaz, kolaborazio ezaz ala erresistentziaz aritu. Euskal indar politiko nagusiak ere bide horiek lantzeko eta bideratzeko prest agertuko ote dira?
Horixe da Aman Komunak sarean ala Zubietan Lurralde Askeak antolatutako Iraultza Txikien Akanpadan bildu ginen pertsona, talde eta eragile sozial ezberdinek dagoeneko egiten ari garen lana, mota guztietako proiektu autogestionatuei lehentasuna emanez eta hauen arteko elkarlana zein ezagutza bilatuz. Bi hitzetan esanda, Euskal Herria Bizimodu Onaren herria bihur dadin euskal komunitatea indartuz eta artikulatuz ari gara guztiok.
Inoiz baino herriago gara neurri horretan eta Euskal Herri berria behetik eta ezkerretik eraikitzeko gure espazio soziala, herri boterea, egituratzen ari gara. Hori da datozen urteetarako erronka.