
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Testuinguru sozio-politiko berezian sartuak gara, gazteak gero eta indibidualistagoak omen dira, pantaila desberdinez asetzen direla, lanaren garrantziaz ez aski ohartzen edo berdin alfer bilakatuak. Belaunaldiz belaunaldi, holako tehentak entzuten dira, hari gorri batekin, “lehen, hobeki zen”…
Egia da hala ere, inkesta batzuek gaurko gazte belaunaldiaren zenbait ezaugarri aipatzen eta argitzen dituztela; gero eta gehiago testuinguru sozio-ekonomikoarekin lotuak, aipatzen eta agertzen dira herstura motak, noiztenka beldurrak bilakatzen direnak: diru mailan, eskola mailan baita arlo psikologikoan ere. Horrez gain, garai honetako gazteek krisi inportanteak ezagutzen dituzte: ekonomikoak, geopolitikoak, gehitzen ahal zaizkiela jokagai numerikoak eta uzkailtze klimatikoa.
Iduri luke azken horiek ondorio anitz dituztela, gazteak dudazko etorkizunean sarraraziz. Inkesta zabal batek erakusten du emendatzen direla gazteen artean antsia, estresa, burn-out motako akidura azkarrak. Bat-batekotasunean bizi da gizakia, epe luzean pentsatzeko zailtasunak agertzen zaizkiola.
Uda giro honetan, nolabaiteko bilanaren egitea burura etorri zaigu, azken hilabeteetan eta asteetan iragan diren gertakariak ikusiz. Asumituko dugu adineko jende baten iritzia edo oharra izan daitekeela baina – asumitzen dugu beraz – argi eta garbi diogu: gora euskal gazteria!
Noski, Euskal Herrian agertzen dira ere aipatu ditugun seinaleak baina azpimarratzekoa da euskal gazteriak ekimen ederrak sortzen eta garatzen dituela. Azken asteotan, hainbat adibide ezagutu ditugu. Azterketak euskaraz kanpaina kari, gazteek ardura ederra erakutsi dute, Frantziako estatuaren jakobinismo zorrotzari ihardukiz.
“Noski, Euskal Herrian agertzen dira ere
aipatu ditugun seinaleak
baina azpimarratzekoa da
euskal gazteriak
ekimen ederrak sortzen eta garatzen dituela.”
Hegoaldean, eskuin muturrak (VOX edo beste) unibertsitateetan edo herriko plazetan sua pizteko burutu dituen ekimenen aitzinean, hor ere, gazteen erantzuna irmoa izan da. Ernai eta GKS bezalako erakundeek hainbat ekimen gauzatzen dituzte ere. Nola ez aipa Iparraldean azken urteotan berpiztu diren dinamikak libertimenduen inguruan. Joan den hilabetean, bi gertakari baikor gertatu ziren: gazte euskaltzaleek antolatu zuten martxa edo bistan dena bere 30 urteak ederki ospatu zituen EHZ festibala.
Azpimarratu behar da gazteriak bi estaturen egitura guzien jukutriak edo bortizkeriak jasan behar dituela: poliziaren basakeria manifestaldi batzuetan, isunak, laidoak, irainak… Horren aitzinean, orokorki molde arrunt baketsuan erantzuten du euskal gazteriak, printzipio edo balore baikorrak aldarrikatuz: elkartasuna, engaiamendua, munduarekiko irekidura, antolaketa kolektiboa. Bide horretan aitzina segi dezatela proiektu amankomun baten ildoan.
